Mundakako olatua "natura eta kultur" ondare izendatzea eskatu dabe Batzar Nagusiek
Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak aho batez onartu dau gaur Talde Popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat, Mundakako ezkerreko olatua eta Urdaibaiko surf lekua “natura eta kultur” ondare izendatuak izan daitezan. PP-k eskaerea egin dau, inplikauta dagozan erakundeek, eta horreen artean Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Mundakako Udala eta Urdaibaiko Patronatua aitatu ditu, akzidente natural hori “babesteko legezko modurik onena” aztertu eta “etorkizuneko belaunaldietarako behar dan moduan kontserbetea” bermatu daien.
Batzarretako talde guztiak, bakotxa bere ñabardurakaz, Mundakako “barrea”, surf zaleen peregrinazino lekua, babestearen alde agertu dira. Arturo Aldecoak (PP) adierazo dauenez, Urdaibaiko Biosfera barruan dagoan inguru natural hori kontserbetea oso garrantzitsua da, surf zaleen artean daukan erakargarritasuna dala eta. “Gure herriaren oso irudi positiboa emoten dauen kirol modernoa da”.
Ordezkari popularrak adierazo dauenez, kostaldeko gune batzuetan esku hartu aurretik azterlanak egiten diran arren, esku-hartze horreek, batzuetan, ondorioak daukiez, Donostiako Zurriolako edo Kontxako hondartzatan gertatu diranak, adibidez, “marea goian dagoanean desagertu egiten diralako”. Ondorio horreek larriagoak izan daitekez klimatologiaren ondoreak kontuan izaten badoguz. Mundakaren kasuan, beharbada ziklogenesiak eta haize eta olatu indartsuek eragin negatiboa izan dabe olatuan. “Orain urte batzuk gertatu zan, hainbat arrazoi zirala eta olatua desagertu zanean”, esan dau. Holan, Aldecoak esan dau akzidente natural hori kontserbetako bide “hoberena” erakundeen arteko koordinazinoa dala.
Bizkaiko Ahal Dugu taldeari jagokonez, talde horretako ordezkariak, inguru haretan bertan Laidako hondartzako hareatza berreskuratzeko Kostako Demarkazinoak udabarrian egin ebazan lanak zirala eta, Mundakako Surf Taldeak jende aurrera kaleratu eban testua irakurtzera mugatu dira. Obra hareek ikusita, surf taldeak obrak geratzea eskatzen eban, –euren eretxiz– “ondorio posibleak aztertu barik egozalako”. Euren testuan “informazino eta ingurumen azterlan faltea” salatzen eben, eta baita laneko plana ez betetea be, harea “itsasertzetik 20 metrora” ateraten ebelako, gitxieneko frontea “100 metrokoa” zala ezarri zan arren.
EH Bilduko David Lopategik, inguru horretan klimaren aldaketak sortzen dituan eta estuarioan aldaketak eragiten dituen “fenomeno kontrolau ezinak” gertatzen dirala esan dau. “Zenbat eta gitxiago egin, hoba danontzat”. Talde horren eretxiz, hareatzak bere onera ekarten dituana natura bera izatea da hoberena.
PSE-EE eta EAJ-PNV taldeek gogoratu dabenez, gune hori Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren babesari buruzko araudiak babesten dau. Jon Sánchez jeltzalearen berbetan, popularren proposamenak “daborduko badakiguna berresten dau, Mundakako olatua daborduko babestuta dagoala, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan dagoalako, eta gune horrek Erabilerea eta Kudeaketea Zuzentzeko Plan bat dauka”. Halanda be, “ez daukagu inongo arazorik hori kontserbetako beharra berresteko”, esan dau, herritarrek “moeta guztietako” eretxiak emon eta ingurune horretan egin daitekeanari buruzko “uste desbardinak” izan arren.
ESPAZIO NATURALAK ALKARREN ARTEAN LOTZEA
Saio berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek PP taldearen arauz besteko beste proposamen bat onartu dabe, Aldundiak, Bizkaian dagozan hainbat moetatako espazio naturalak “korridore ekologikoen” sare baten bitartez lotu daizan, hasierako oinarri lez Eusko Jaurlaritzak 2005ean egin eban dokumentua hartuz. Batzarretako talde guztiak ekimenaren alde agertu dira, Bizkaiko Ahal Dugu taldea izan ezik, abstenidu egin da eta.
Arturo Aldecoak (PP) esan dau espazio horreek “bizirik jarraitu daikiela korridore ekologikoak badagoz”. Espazio babestuen “loturako sare” horreek barik ingurumeneko politikan “erren egongo ginatekez”, esan dau. EH Bilduk zehaztu dauenez, “azpiegitura handiek aukera hori itxi egiten dabe”.
EAJ-PNV-k Europar Batzordearen txosten bat gogoratu dau. Txosten horrek esaten dau 2002 eta 2010 artean esfortzu handiak egin diran arren, esfortzu horreek ez dirala “nahikoa” izan aniztasun biologikoaren galerea saihesteko. Nazinoarteko hitzarmen batean oinarrituta, Eusko Jaurlaritzari jagoko Bioaniztasunerako Euskal Estrategia prestetea, eta Foru Aldundiari estrategia horretan oinarritutako ekintza plana martxan jartea.
Holan, nazinoarte, estadu eta autonomia mailan eta Bizkaia 21 programan planteautako helburuei behar dan moduko erantzuna emoteko helburuz, joan dan martiaren 17an, Bizkaiko Foru Aldundiak –jeltzaleek adierazo dabenez– “Bizkaiko Bioaniztasuna babesteko, hobetzeko eta kudeetako estrategiari buruzko txostena” egin eta aurkeztu eban. Txostenak, datozan bost urteetan aurrera eroan beharreko ekintzak proponiduten ditu, helburu argiagaz, “bioaniztasunaren galera garbia saihesteko ahaleginak egiteaz gain, hori handitzeko behar egitea”.
BIZKAIKO BALKOIAK ETA BEHATOKIAK
Bizkaiko Batzar Nagusiek PP taldearen arauz besteko beste proposamen bat onartu dabe aho batez. Horren bitartez eskaerea egiten jako Foru Aldundiari Bizkaian dagozan balkoiak eta behatokiak egokitzeko eta garbitzeko eta leku horreetan mahaiak, azalpenak emoten dituen panelak eta seinaleak jarri daizan. Ekimenean PSE-EE taldeak zuzenketa-eske bat sartu dau, ekintza horreek “beti be aurrekontu baliabiderik badago” egin daitezan.
Euzko Abertzaleak taldetik gogoratu danez, PP-k beste proposamen bat aurkeztu eban 2014an, eta aho batez onartu zan. Bertan, instalazino horreei buruzko “azterlana” eskatzen zan. Agindu horretan oinarrituta, Foru Aldundiak, “azaroaren bukaeran amaituta egongo dan” txosten bat eskatu eban, jeltzaleek jakinarazo dabenez. Txosten horretan, egin beharreko esku-hartze posibleak zehaztuko dira, eta horretarako aurrekontu partidea egoten bada, egingo dira.
ESNEAREN SEKTOREARI ETA KURUMINO ASIARRARI BURUZKO AGERRALDIAK
Bukatzeko, batzordeak PP taldearen agerraldi eskari bi jaso ditu, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andreak esnearen sektoreak Bizkaian bizi dauen egoerea eta Kurumino asiarraren izurriteak gaur egun Bizkaian daukan hedadurea azaldu daizan.
Esnearen sektoreari jagokonez, diputatu andreak esan dau “denpora gitxi barru” 176.000 euroko laguntzea argitaratuko dabela, Bizkaiko ustiapenen likideziaren arazoa arintzeko, eta horri, Eusko Jaurlaritzak, kopuru berberagaz, emongo dauen beste bat gehituko jakola. Zenbateko horreek aurton bertan ordainduko dira. “75 euro behi bakotxeko, 100 behirentzat gehienez, hau da, gehienez be 7.500 euroko laguntzea”, zehaztu dauenez.
Unzuetak esan dauenez, sektorea beste Erkidego batzuetan baino “askoz hobeto” dago, Herri Administrazinoek egin daben esfortzuarengaitik eta lurraldean kooperatibek egiten daben egituraketearengaitik eta kudeaketearengaitik. Bizkaian sektore horretan aritzen diran ekoizleen “heren bi” batzen dituan kooperatiba eredu hori sektorearen gorabeheren aurreko “defentsarik onena” da.
Aukera honetaz baliauz, diputatu andreak “kontzientziazinoko mezua” zabaldu dau, Bizkaiko kontsumitzaileek, “gure lurra eta Bizkaiko bioaniztasuna zaintzen daben gizonek eta andreek” egindako bertako produktuak erosi daiezan”. Diputatu andreak emon dituan datuak kontuan izanda, Bizkaiak “55 milioi litro esne” sortzen ditu. “145 ustiapen” eta “11.071” behi dira, gehienak Enkarterrin, Karrantzako haranean, batez be.
Diputatu andreak jakinarazo dauenez, 2015ean “panorama larria” ikusten da, esnearen kostuaren prezioak behera egin dauelako, EB-ko esne ekoizpenak gora egin dauelako eta Errusiak enbargua jarri dauelako martxan, batez be. Hori dala eta, Bizkaiko ustiapenetan esnearen prezioa “0,28 eta 0,40 euro artean” dabil. Unzuetak adierazo dauenez, ustiapenek bizirik iraun daien prezio “kritiko onargarria” “0,35 eurokoa” da. Galizian, prezioa, litroko “0,18 eurora” jausi da, esan dau. Egoera larria dan arren, Bizkaian gero eta esne ustiapen gehiago dago. Azken hiru urteetan “gazte barriak” sartu dira sektorean, “2013an bat, 2014an lau eta 2015ean beste bat”.
Podemos Bizkaia taldeak eta EH Bilduk adierazo dabenez, sektorearen arazoak “ekoizpen eredu intentsiboan” dagoz. Eredu hori “krisian dago”, kontzentrazino handien aldeko apustua egiten dalako.
Koalizino abertzaleak esan dauenez, “autokritikea” falta da, bere eretxiz “larria” dan eta Espainia EB-an sartu zanetik arazo “estrukturala” bilakatu dan egoeraren aurrean. “Partxe txikiak jarten doguz, ixten diran ustiapenen eta galtzen diran milaka lanpostuen odol jarioa jasateko”. Koalizino abertzaleak eskaerea egin dau, banatzaile handiakaz dagoan katea “apurtu” daiten, bestela “ez dagoalako etorkizunik”.
EH Bilduk esan dauenez, sektorea kooperatibetan kontzentretean oinarritu dan tokiko estrategia “okerra” izan da, horrek ez dauelako eraginik izan esnearen prezio zuzena, egokia, lortzeko orduan. Batzarretako Euzko Abertzaleak taldeak hori ez dala egia esan dau, eredu hori dalako Bizkaiko esnearen sektorea beste erkidego batzuetan baino “hobeto” egotea lortu dauena.
KURUMINO ASIARRA
Kurumino asiarraren egoerari jagokonez, Elena Unzuetak adierazo dauenez, Bizkaian lehen aldiz 2012ko apirilean hauteman zan espezie horrek “eten barik hedatzen” jarraitzen dau, kostalde kantauriarrean aurkitzen dituan baldintza ekologikoei esker.
Beste ezer baino lehen, Unzuetak esan dau intsektua ez dala mehatxua gizakiontzat, bioaniztasun autoktonoarentzat baino, erlezaintzarentzat, hain zuzen be. Gizakion artean, kurumino autoktonoen eragin berbera dabe. “Beharbada”, jarri jakon “hiltzaile” ezizen horrek behar baino alarma handiagoa eragin dau espezie horren aurrean eta, hori dala eta, hori argitzea “bidezkoa” iruditu jako.
Foru Jarraipeneko Mahaiak esku artean dituan zifrei jagokenez, aurreko urteetako datuakaz alderatuta, “Bizkaian altuagoak dira”, baina pozik egon behar gara, Gipuzkoan “asko murriztu dalako”. “Vespa velutina” espezie hori Bizkaira baino urte bi lehenago heldu zan Gipuzkoara, Frantziatik. Unzuetak esan dauenez, adituen eretxiz, Bizkaian “urtebete eta erdian egoera asko hobetuko da”, baina “ez da guztiz desagertuko”.
Diputatu andreak esan dau jarraipenerako eta kontrolerako neurriakaz jarraituko dabela, espezie horren zainketarako eta desagerpenerako eratu dan estadu mailako batzordearen barruan. Bizkaien “ekitaldi honetan kabi gehiago dagoala” hauteman da, beharrak koordinetan dituan Base Gorriak jaso dituan oharrak kontuan hartzen badoguz, eta jakinarazo dau hilebete honeetan “goreneko mailatan” gagozala, arrak eta erregina barriak irailean eta urrian jaiotzen diralako, eta kabia itxi eta negura begira babeslekua bilatzen dabelako. Ganera, udazkenean hostoak jausi eta gero kabiak hobeto ikusten dira. Hori guztia dala eta, “barriro be alarmea sortu daiteke biztanleen artean”.
Neurriei jagokenez, Foru Aldundiak Jarraipenerako Mahaiari aktibo eutsiko deutso, eta bertara “eragile gehiago” erakarteko “esfortzua” egingo dau. Herritarrei informazinoa emoteko eta kabiak kentzeko atazetan aritzen diran administrazinoetako beharginei zuzendutako prestakuntzako jarduerakaz aurrera jarraituko da.