Aurreko Albisteak

Omenaldia Euskadiko lehenengo Lehendakariari eta Jaurlaritzari

Ana Madariaga aktore batzukaz batera

Ana Madariaga Ramón Agirre aktore nagusiagaz, lehenengo lehendakariaren lobeagaz

José Antonio Agirre lehendakariaren zin-egitea eta Euskadiko lehenengo Jaurlaritza eratu izana antzeztu ziran joandako urriaren 7an Gernikako Batzarretxean. Ekintza hori AL50 Batzordeak antolatu eban Gerra Zibilean izandako gertakizun historiko haren 74. urteurrena zala-ta. Antzezlana lehenengo Lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena gogoratzeko antolatutako ekintzen barruan sartzen da.

Antzezlanean 60 aktorek eta figurantek hartu eben parte eta gizartearen eta politikearen hainbat ordezkari izan ziran ikusle moduan. Gernikako Batzarretxearen batzar-gelea antzezleku bihurtu zan egun batez eta bertan bildu ziran antzezleakaz batera hainbat gonbidatu, esaterako Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ana Madariaga andrea, hiru ahaldun nagusiak —José Luis Bilbao jauna, Xabier Agirre jauna eta Markel Olano jauna—, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Idoia Mendia andrea, Herrizaingo sailburua, Rodolfo Ares jauna, José Antonio Ardanza lehendakari ohia eta hainbat euskal legebiltzarkide, batzarkide eta senadore.

Filmaketarako bere garaian egin zan ekitaldiko jatorrizko hitzaldiak errepikatu ziran. Musikea ikuskizunaren alderdi garrantzitsua izan zan, Bilboko Bandeak, Ertzaintzarenak eta Gernikako Gaudeamus Koralak parte hartu eben-eta, guztiak Gontzal Mendibil musikariaren gidaritzapean.

Ramón Agirre aktorea izan zan protagonista nagusia, aukerea izan ebalako antzezlanean benetan bere osabea izan zanarenak egiteko. Agirre lehendakaria XX. mendeko politikorik garrantzitsuenetakoa izan zan Euskadin, eta Jaurlaritzaren lehenengo lehendakaria izan zan. Horretara, bada, José Antonio Agirre jauna omendu eta orduko jaurlaritzaren zilegitasun demokratikoa eta politikoa aldarrikatu ziran.

Mazeroak, gudariak, argazkilariak, politikoak eta gainontzeko pertsonaiak batzar-gelatik zehar igaro ziran garai haretako arropakaz jantzita, gerra denboran balegoz lez, nahiz eta orduan Gernikatik kilometro gitxitara egoan frontea (Markinan, Elgetan,…) oraingoan egon ez.

Garai haretako albisteek kontaten dabenez, Agirreren zin-egitea arin eta presaka egin zan, demokraziaren alde oso baliabide eskasakaz urrin barik burrukatzen eben gudari eta milizianoak aintzat hartuta. Burrukea ez zan orekatua izan eta handik hilabete gitxira Agirrek erbestera joan behar izan eban.

Hori baino lehenago, 1936ko urriaren 7an, arratsaldeko 16:30etan —antzezlanaren egun eta ordu berberean— Euskadiko lehenengo Jaurlaritza eratu zan, Gernikako Aretxaren azpian Agirre lehendakariak zin-egite ahaztuezina egin eban egunean: "Jaungoikoaren aurrean apalik, Euzko-lur ganian zutunik, Asabearen gomutaz, Gernikako zuaizpian nere agindua ondo betetzea. Zin dagit".