Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo Gobernua Itsas Museoaren patronatuan sartzeko eskaerea egin dabe

Bizkaiko Batzar Nagusiek arauz besteko proposamen bat onartu dabe gaur goizean, Foru Aldundiari Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoaren Patronatuaren aurrean egin beharrekoak egin daizan eskatzeko, “Patronatu horretara barriro be bueltau daitezan Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua”. Proposamena aurkeztu dauen PP taldeak adierazo dauenez, 2009. urtera arte Kultura Ministerioa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoaren Patronatuaren kide izan ziran. Ekimenak EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoa lortu dau, Bizkaiko Ahal Dugu abstenidu egin da eta EH Bilduk kontrako botoa emon dau.
Arturo Aldecoa popularrak esan dauenez, Itsas Museoak hazkunderako “oso potentzial handia” dauka lurraldeko kultur guneen sarearen barruan, baina badauka arazo bat: “finantzaketea”. “Gure iragan industrialagaz lotuta” dagoan museo hori etorkizunean indartu eta “Penintsula iparraldeko itsas museo hoberena izan daiten” lortu ahal izateko, beharrezkoa izango da kudeatzaileek baliabide ekonomiko gehiago lortzea. Bere ustez, Madrilgo gobernua eta Eusko Jaurlaritza patronatuan sartzen badira, beste ekimen pribadu batzuk be Bilboko kultur gunearen babesleei gehituko jakez.
“Ez saiatzeagaitik ez daitela izan, baina gaitza izango da gobernuek bat egitea dirua jarri behar bada”, esan dau PSE-EE-ko Juan Oterminek, eta zalantzan jarri dau ordezkari popularrak esandakoa, Madrilgo gobernua eta Eusko Jaurlaritza erakunde horretako patronatuko kide izan ziranik. “Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren 2013ko Txostenean ez dot patronatuko kide izan diranik aurkitu, kultur ekimenetan parte hartu dabela baino ez dut aurkitu”, esan dau. Oterminen eretxiz hoba izango litzateke Bilboko Udalak, Portu Agintaritzak, Merkataritza Ganbarak eta Aldundiak osatutako patronatuak berak “bideratzea eskaerea gobernu biei”.
EH Bilduk ez dau ekimenaren aldeko botorik emon gura izan, ez datorrelako bat museoaren kudeaketa ereduagaz. “Erakundeen arteko lankidetzea” eskatzeaz gain, euren berbetan bi babesle publiko sartzeak kontabilidadean baino ez leuke eraginik izango. “Diru gehiago jasota ez da ezer konpontzen, ez bada kudeaketa eredua aldatzen”. “Gogoeta sakona” eskatu dabe, eredu hori “barriro formuletako”, gaur egun dagozan baliabideak hobeto erabili ahal izateko.
Batzarretako Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeak ondorioztatu dauenez, logikoena eskaria patronatutik bertatik bideratzea izango litzateke, eta ez Aldunditik, harek daukan konbentzitze gaitasuna “mugatua” izan arren. Eskaria egin deutso PP taldeari, Madrilgo gobernuari jagokonez, bere taldeak ekimena aurkeztu daian Madrilgo Diputatuen kongresuan.
ITSASONTZI ONDAREAREN INBENTARIOA
Itsasoagaz erlazionautako gaiak baztertu barik, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatu andreak, PP-k eskatuta, itsasontzi ondare historikoaren osagai garrantzitsuak iraunarazoteko aurreikusitako ekimenak eta beste erakunde, norbanako eta administrazino batzuekaz akordioak lortzeko Aldundiak dauen estrategia eta aurrera eroango dituan ekintzak zehaztu ditu. Agerraldia eskatu dauen PP taldearen eretxiz, Aldundia da ondare hori berreskuratzeko eta balioan jarteko behar horreek koordinau behar dituana, eta bera izan behar da behar horien buru.
Beste ezer baino lehen, ondarea zaintzea “ez dala erraza” autortu dau Bilbaok, eta “batzuetan” itsasontzi bat guztiz galtzeko arriskua dagoala. Sailean hiru hilebetetan egindako lanak “ikuspegi orokorra barneratzeko” aukerea emon deutso, eta bere sailak etorkizunerako estrategia jasoten dauen “zirriborroa” prestau dau. Oraindino “hasi barri dagoan” ideak batzarretako taldeen eta beste erakunde batzuen ekarpena behar dau, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena, batez be, bere berbetan “alkarren artean behin betiko” proposamena ezarteko.
Euskera eta Kulturako diputatu andreak autortu dauenez “hainbat arazo” dago, eta horreen artean “itsasontzien sakabanaketa geografikoa”, “kontserbazino egoerari jagokonez dagoan aniztasuna”, eta itsasontzi ondarearen “askoren titularidadea”.
Adierazo dauenez, konponbidea “herrialde ikuspegitik” etorriko da, ganerako erakundeakaz batera jarduteko, “kontserbazinoaren eraginkortasunari jagokonez logika bat aurrera eroan ahal izateko”. Ondino egin barik dagozan eginbeharren artean “existiduten dan itsasontzi ondare guztiaren inbentarioa” egitea egongo litzateke, eta uste dau horretarako beharrezkoa dala “itsasontzi bakotxaren ebaluazinoa egiteko beharrezkoak diran erespideak eta parametroak adostea”. Egoki iruditzen jako, baita be, “Jardunbide Onen Liburu Zuria” idaztea, behar hori ahalik eta baldintza hoberenetan egin ahal izateko.
Ataza hori itsasontzien “bideragarritasun planakaz” osatu beharko litzateke. Plan horreetan itsasontzien jomuga eta eskuratze posibleak zehaztu beharko litzatekez. Eta “guztiz beharrezkoa da” “gai horretan orientauko gaituen aditu batzordea” sortzea.
Bilbaoren eretxiz, proposamena “urritik aurrera” hasiko litzateke zehazten ganerako erakundeakaz, “urtea bukatu baino lehenago” aditu batzordea osatuta izateko eta baita epe luzean, “10 edo 15 urteko epealdirako”, aurrera eroan beharreko jarduketa zehatzen kronogrameak be. Halanda be, uste dau Bizkaiak “onartu egin behar dauela ezinezkoa izango dala dagoan ondare guztia kontserbetea”. “Ezin doguz lau lebatz itsasontzi euki”. “Bildumeak homogeneoa izan behar dau, dagozan baliabideak ahalik eta ondoen erabiliz”, adierazo dau.
ERROMATARREN KASTROAK BIZKAIAN
Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe Foru Aldundiak “Bizkaiko erromatarren aurreko kastroak ikertu eta horreen zabalkundea egin eta balioan jarteko estrategia sistematikoa bultzatu daiala, ia guztiz ezezagunak dira-ta, kasu batzuk kenduta, herritar gehienentzako.”
Arauz besteko proposamena defendidu dauen Arturo Aldecoa batzordekide popularraren eretxiz, epe ertainera eta luzera “bizitzeko eta babesteko egitura horreek” ikertu eta horreen zabalkundea egin eta balioan jarteko estrategiaren bat atontzea beharrezkoa da, gai honetan azken urteetan egindako ikerketak aprobetxauta. Behar “sistematikoa” egitearen aldeko apustua egin dau, etorkizuneko belaunaldiek “iraganari buruzko ikuspegi zuzena izan daien”.
Bizkaiko Ahal Dugu taldeko Elsa Pamparacuatroren ustez ekimena “interesgarria” da, erromatarren aurreko iraganeko garai hori “guztiz” ezezaguna dalako. Azterlana ikerlari “guztiei” zabaltzea eskatu dau.
EH Bilduk kritikau egin dau gai hori Batzarretan hainbat aldiz eztabaidatu izana, azkena 2011n aurkeztu zan arauz besteko proposamen batean. PP-k “proposamen berbera” aurkeztu dauela esan dau.
EAJ-PNV taldea bat etorri da PP-gaz Bizkaiko gizarteak antxinako asentamendu horreei buruz “gitxi dakiala” esatean. Aldecoak esan dauen moduan, Bizkaiko hainbat puntutan aurkitu daitekez: Malmasin, Bolumburu, Lujar, Pico Moro, El Peñón, Berreaga, Kosnoaga, Maruelezta, Gastiburu, Tribisburu, Tromoitio, Delika, Lamindano, Larraganena, Lezama edo Lemoa. Halanda be, jeltzaleek Aldundiak leku horreetan egin dauen beharra autortu dabe.
GERNIKAKO BATZARRETXEKO SINADURA ALBUMA
PP-k eskatuta, Lorea Bilbaok Gernikako Batzarretxeko Sinadura Album zaharraren desagerpenari buruzko informazinoa emon dau. “Ondino ez dogu liburua aurkitu. Ez da agertzen egindako inongo inbentariotan, eta ez da erraza katalogauta ez dagoan zeozer aurkitzea”. Berba horreek esan ondoren, alea leku horretan ez egoala jakinarazo zanetik Aldundiak emon dituan pausu guztiak, banan banan, zehaztu ditu diputatu andreak.
Diputatu andreak azaldu dauen moduan, saileko teknikariek liburuaren pistea jarraitu dabe Aldundiak Gernikako Batzarretxeko fondo bibliografikoei buruz egin dituan azkenengo inbentarioetan, guztiak be garai demokratikoan egindakoak, 1978, 1995 eta 2006. urteetan, hain zuzen be. Bilaketeak ez dau emaitzarik emon orain arte. Aldundiak liburuari buruz dauen azkenengo erreferentzia, Bilbaoren berbetan, “1944ko erosketa fakturea” da, eta horrek ale hori existidu dala erakusten dau. “Arazoa” liburua “ez dagoala inbentariauta” da, esan dau.
Bilbaok adierazo dauenez, sailaren helburua ale hori aurkitzea da, “osorik edo parte bat”, eta zabalik jarraitzen daben ikerketen emaitzari buruzko informazinoa Batzar Nagusietan emoten jarraitzeko konpromisoa hartu dau. “Ez dogu esfortzurik aurreztuko aurkitzeko”, esan dau diputatu andreak, eta ez dau baztertu aurrerago salaketa bat jarteko aukerea, enkanteren batean edo agertzen bada jardun ahal izateko. Batzarretako taldeek hori egitera animau dabe.
“Ez bada agertzen, egokiena salaketea jartea izango da”, ale horrek “dirutzea” balio dauelako, esan dau Arturo Aldecoak, eta uste dau salaketarik jarten ez bada liburuaren ganeko eskubidea galduko litzatekela. 1879an Foruak desegin eta gero, antxinako Probintzia Diputazinoaren esku geratu zan XIX. mendeko alea da. PSE-EE-ko Juan Oterminek esan dauenez, “gaur egungo Foru Artxibategiko arduradunei ezin jake leporatu liburua desagertu izana”, eta PP taldeagaz bat etorri da, Aldundiak “salaketa izapideren bat” egin beharko leukela esatean.
Orain arte, “zoritxarrez, jaso dogun informazinoak ez deusku idatzizko ezta jatorrizko erreferentziarik aurkitzeko aukerarik emon” Maria Diaz de Haroko Foru Artxibategian. Bilbaok ez dau itxaropenik galdu, baina ez dau baztertu XX. mendean izandako “transferentzia askotakoren” batean “garbiketaren bat” gertau izana.