Aurreko Albisteak

Bizkaiak milioi bat euro bideratuko ditu errefuxiatuei laguntzeko

Batzordea

Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespada andrea gaur goizean agertu da Bizkaiko Batzar Nagusietan, Bizkaiko Ahal Dugu taldeak eskatuta, Aldundiak errefuxiatuei laguntza emoteko martxan jarriko dituan ekimenak azaltzeko, batez be gatazkatik ihes doazan siriarrei. Aldundiko arduradunak batzordean adierazo dauenez, Foru Aldundiak milioi bat euro bideratuko ditu laguntzetara. Aurreikusi dauenez, “100 errefuxiatu” inguru helduko dira Bizkaira hiru hilebetez behin, datozan urteetan. Foru Aldundiak bere foru parkeko “20 etxebizitza” blokeauko ditu “hiru hilebetez behin”, harrera beharrei erantzuteko. Onartu dauenez, aterpetxe sarea be erabiliko da, errefuxiatu “olatu” handia etorten bada.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun batzordean izan dauen agerraldian, aldundiko arduradunak, Batzarretan iragarri eban lehenengo agerraldi publikoan, bere agintaldiaren lehentasunak azaldu ebazanean iragarri ebazan “helburu solidarioetan” sartu dau esfortzu hori, eta horren ostean gogoratu dau bera eta bere saila ez dirala errefuxiatuari harrerea emoteko batzordeetako kide izango “pertsona horreek euren duintasuna gordetako eskubidea daukielako”.

Bere esku-hartzean Bizkaiak dauen “printzipio solidarioa” errebindikau eta lurraldeko herritarrek eta gizarte mailako alkarteek emondako erantzuna azpimarratu dau. Hori dala eta, gizartearen erantzun hori ikusita “oso-oso” eskertuta agertu da. “Bizkaia lurralde solidarioa izan da eta izaten jarraituko dau, eta krisialdi horrek geure lekuan egotea eskatzen deusku”.

Aldundiko arduradunak adierazo dau Bizkaiak “toki mailan eta maila globalean pentsau” behar dauela, “hemen” hartu behar dauela parte, eta “jatorrizko lekuetan eta Europan dagozan errefuxiatuen kanpamentuetan” gertatzen danaren partaide be izan behar dauela. Horri jagokonez, Bizkaia pertsona horreei harrerea eskintzeko “prest dagoala” eta horretarako martxan jarriko diran baliabideak “nahikoa eta gehiago” izango dirala esan dau. Foru Aldundiak gaur egun erabilten dituan aurreikuspenak kontuan izanda, errefuxiatuak “apurka-apurka” helduko dira Bizkaira, “ehun pertsonako taldeetan hiru hilebetez behin”, datozan bi urteetan.

Aldundiaren lana Eusko Jaurlaritzagaz koordinauta egingo da, horretarako sortu dan batzordearen barruan. Batzorde horretan hasi dira daborduko sarreren “erregistro bakarra” egiteko beharrak eta sentsibilizazino kanpainak. Diputatu andreak adierazo dauenez, “aste gitxi barru” etorriko ei dira lehenengo errefuxiatu talde “siriarrak, irakiarrak, afganiarrak eta eritrearrak”.

Udalei eskaerea egin deutse, lehenengo errefuxiatuak etorten hasten diranean “malguak” izan daitezan erroldan onartzeko orduan, lehenengo pausu hori dalako “zerbitzu publikoetarako sarrerako atea”. “Asilo Estatutuagaz” heldu beharrean “Nazinoarteko Babes” eskariagaz heltzen badira, “arazoak” sortu daitekez erroldatzeko orduan, esan dauenez.


MILIOI BAT EURO FORU LAGUNTZETAN

Milioi euroko kopuru hori bide bitik helduko jake errefuxiatuei. 500.000 euro kanpoan proiektuak aurkeztuko dituen alkarteei emongo jakezan diru-laguntza publikoen bitartez; eta beste 500.000 euro, lau urtetan banatuta, Bizkaiko harrera udalerri guztietara zabalduko dan Goihabe izeneko programaren bitartez.

Azkenengo programa hori hiru fasetan gauzatuko da. Lehenengoa “harrerakoa” izango da, 6 eta 9 hilebete artean iraungo ditu eta Gurutze Gorriak eta Cear-ek kudeauko dabe, Barne Ministerioaren eta EB-ren funtsakaz. Bizkaiek balorazino bikotxagaz egingo dau bat fase horregaz: bat gizarte arlokoa, udalerrien aldetik, eta bestea Aldundiko Gizarteratze zerbitzuak aurrera eroan beharrekoa. Azpiegiturak “hiruhileko bakotxean 20 etxebizitza” jarriko ditu programaren esku. Laespadak adierazo dauenez, Alokabide izango da etxebizitza foru parke hori kudeatzearen arduraduna, eta bertan, etxebizitzak dagozan lekuak eta hezkuntza arloko baliabideak “bateratu” egin beharko dira.

Bigarren fasea, “gizarteratzeari” jagokona, 18 hilebetera arte luzatu ahal izango da, eta “autonomia” izeneko hirugarrena, barriz, 3 urtera arte. Etapa horretan, Aldundiak modu “integralean” erantzungo deutse errefuxiatuen beharrei, GKE-en zerbitzuak “osatuz”. Etapa horretan, lurraldera heldu diranen alderdi psikologikoa, hizkuntza eta ikasketak landuko dira. “Laguntza ekonomikoa eta erlijino euskarria” eskiniko jake. Arlo horretan, Laespadak interkulturalitatea lantzeko Foru Dekretua onartuko dala iragarri dau.

“Bizkaie arlo globalean be solidarioa” izan behar dala azpimarratu dau Laespadak. Horretarako, 2015eko aurrekontuetan gastau ez diran larrialdietako partidak erabili ahal izango dira. Holan, Gobernu Kontseiluak “500.000 euroko” partidea onartuko dau bihar, giza eta larrialdietako ekintza arloko laguntzetara bideratzeko. Alkarteei emongo jakezan diru-laguntzen bitartez bideratuko dira, proiektu bakotxari “150.000 euro gehienez”.


BATZARRETAKO TALDEEN LAGUNTZEA

Batzarretako taldeek errefuxiatuei arretea eskintzeko Aldundia egiten ari dan esfortzua bultzatu, eta biztanleria zibilaren lan solidarioa azpimarratu dabe. Giza arloko krisi egoeraren aurrean, Batzarretako Bizkaiko Ahal Dugu Taldearen eretxiz, Europako erakunde publiko guztiek, Bizkaiko Foru Aldundiak be bai, bere eskumenen barruan, “preminaz eta modu koordinauan” egin behar dabe lan “giza eskubideak, asilo eskubidea eta harrerarako ibilpide egokiak” bermatzeko pertsona errefuxiatu horreei.

Asun Merinerok esan dauenez “eginbehar morala” da gatazkan dagozan lekuetatik datozan pertsona horreei harrerea emotea. Foku mediatikoa ahultzen bada be, bere taldeak ez dauela exijentzia mailea bajauko esan dau, eta Aldundiak “datuak emon arte” itxaron dau. Aldundiak, “jasoko dogun pertsona kopuruari buruzko datu gehiago eskintzea gura dau, baliabideak beharrezkoak diran ala ez baloretako”. Azpimarratu dauenez, egin behar dan sentsibilizazino lana oso “garrantzitsua” iruditzen jako bere taldeari. Madrilgo Gobernuari bere asilo eta lankidetza politikak “berraztertzeko” eskaria egin deutso, horreek “giza eskubideek zuzendu daiezan, eta ez aurrekontu ekonomikoek”.

PP taldea be Bizkaira errefuxiatuak ailegetearen alde agertu da. Eduardo Andrések adierazo dauenez, Bizkaie, ganerako administrazinoakaz batera, “prest egotea eta eredu izatea” gurako leuke.

“Garrantzitsuena Aldundiak bere baliabideak pertsona horreek jasotzeko prest dituala da”, azpimarratu dau Alexia Castelo sozialistak. PSE-EE taldeko batzordekideak interkulturalitateari buruzko foru dekretua denpora gitxi barru onartuko dala azpimarratu dau, eta jatorriko lekuan egindako beharra “ezinbestekoa” dala esan dau. Bere eretxiz, Madrilgo Gobernuaren “borondate politiko” kontua da errefuxiatuak Errefuxiatu Estatutuagaz ailegetea.

EH Bilduk eskatu dauenez, erroldatzea egiteko malgutasun hori “lurraldera heltzen diran pertsona guztiakaz” erakutsi behar da, eta ez errefuxiatuakaz bakarrik. Kanpo politika arloko beharra sustatzea be eskatu dau eta, Bizkaian ezarrita dagozan eta proiektu militarrak aurrera eroaten dituen “Precicast, Sener edo ITP” moduko enpresei emoten jakezan “diru-laguntzei jagokenez” zehatzago esanez. Foru Aldundiari eskaria egin deutso “euskera ikasteko aukerea” eskini daian errefuxiatu taldearen gizarteratzea errazteko, eta “aldian behin agerraldiak” egin daizan, iritsiera prozesua “apurka-apurkakoa” izango dalako.

EAJ-PNV taldetik, Ana Esther Furundarenak gizartearen, administrazinoen eta hirugarren sektoreko alkarteen erantzun “azkarra” azpimarratu dau. Alkarren artean lan egiteko eskaria egin dau, “beste gauza guztien ganetik” pertsonen duintasuna dagoalako. “Jatorrizko herrialdeetan” jardutearen alde agertu da.