Bizkaiko Batzar Nagusiek, Mercadilloko zubia, La Basconiaren instalazinoak eta Olaso Jauregia Kultur Ondasun izatea eskatu dabe

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako arauz besteko proposamen bi onetsi ditue gaur goizean, Bizkaiko hiru moltso arkitektoniko “bereziren” babesa eskatzeko, Mercadilloko zubia (Galdakao), La Basconiako instalazinoak (Basauri) eta Olaso Jauregia (Trapagaran). Talde guztien aldeko botoagaz –EH Bildu eta Bizkaiko Ahal Dugu taldea abstenidu egin dira gaur egun Trapagako Kultur etxea dan Jauregiaren kasuan–, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Kultur Ondasun izendatzeko espedienteak zabaltzeko eskaerea bideratuko dabe Eusko Jaurlaritzara.
Ekimenen defendatzailearen, Arturo Aldecoa popularraren, eretxiz, “garrantzitsua” da proposamen hori aurrera ataratea, espedientea zabaltzea eskatzeagaitik bakarrik “hilebeteak” irauten dituan aldi baterako babesa lortzen dalako.
Ganera, hiru ekimenak bat datoz ondasun horreek dagozan udalerrietako Udalek hartutako ebazpenakaz. Aldecoak adierazo dauenez, Mercadilloko zubiaren kasuan biztanleen alkarte bat izan zan udalerrian bertan kontserbazinorako ekimena bultzatu ebana, Bengoetxe auzoan dagoan zubiaren egiturea babesteko.
“Industriaren katedral” moduan definidu dauenari jagokonez, Aldecoak, Basauriko La Basconia lantegi zaharretik geratzen diran hiru pabilioiak babestea eskatu dau, 2012an onartutako mozinoan udalerriak berak erakutsi eban asmoagaz bat etorriz.
Trapagako Olaso jauregiaren kasuan, bere egunean Udalak, Kultur Etxe bilakatzeko, egindako barrikuntza lanen parte bat penagarria dala esan dau Aldecoak. Uste dau komenigarria dala orain babestea, etorkizunean eraikin horretan egin beharreko esku-hartzeak “kontu gehiagogaz” egin daitezan.
LEKEITIOKO MENDIETA UNTZIOLAK
Beste alde batetik, Euskera eta Kulturako batzordeak ez dau onartu PP taldeak egindako arauz besteko beste proposamen bat, Bizkaiko Batzarrek eskaerea egin deioen “Foru Aldundiari, Euskal Kultur Ondarearen Legean eta haren arauzko garapenean oinarrituta, Lekeitioko Mendieta Untziolen babesean eta zainketan ofizioz jardun daian, horrek eragindako gastuak hareen titularrei eskatzeko eta, azkenean beharrezkoa bada Kultura Intereseko Ondasuna desjaubetzeko eta bereganatzeko, kontserbazinoa bermetako”. Batzarretako ganerako talde guztiek proposamen horren kontrako botoa emon dabe.
Arturo Aldecoak adierazo dauenez, Bizkaien “moeta horretako egitura gitxi dagoz”, eta “preminazko neurriak martxan jarteko ordua da”. Aldundia “ofizioz” aritzearen alde agertu da, beharrezkoa bada jaubetzea desjaubetuz, gero konponketaren gastuak jaubeei eskatzeko. Kosten Demarkazinoan “urte luzez gai hori konpondu” ez izana salatu dau. Erakunde hori da lurren jaubea, eta bere egunean, 2018an amaituko dan jarduera emakidea emon eutsan Mendieta familiari. Aldundiari gaiari heltzeko eta “gero fakturea Madrileri” pasetako eskaerea egin deutso, arkitektura moltsoaren egoerea gero eta okerragoa dalako.
Bere ekimenak ez dau aldeko botorik jaso, batez be leku “okerrera” bideratu dauelako. Bizkaiko Ahal Dugu taldeak “alkarrizketarako zubiak” zabaltzearen aldeko apustua egin dau holango neurri “zorrotzik” hartu baino lehen, “ezer inposau ez daiten”. Jose Angel Elgezabalek ironiaz esan dau harrigarria egiten jakola PP-k “desjaubetzearen eta desobedientzia zibilaren” aldeko apustua egitea.
EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE bat etorri dira azken urteotan narriadura handia jasan dauen untziolan “preminaz jardun behar dala” esatean, baina uste dabe konponbidea Gobernu Zentralaren eskutik etorri behar dala. Administrazino hori da lurren jaubea, eta ez dau ia 20 urte amaitu zan emakidea fiskalizetan asmatu.
Juan Oterminen eretxiz, PP-ren ekimenak “tranpea” dauka, Aldundia “geurea ez dan” jaubetza batean parte hartzera bultzatu gura dauelako. “Nahaste-borraste batean sartuko ginateke. Ezinezkoa da ondasun bat babestea inork ez dakien moduko sua sortuz”, esan dau. Ganera, “Udala nahasketa handian sartuko litzateke”.
EH Bilduk Kosten Demarkazinoa kritikau dau, bere beharra ondo egin ez dauelako. “Ze zentzu dauka emakidari eustea baldintzak beteten ez diranean?” galdetu dau Meritxell Elgezabal batzordekideak, 2018an amaituko dan emakida baten ganean Gobernu zentralak aurrera eroan dauen kontrola zalantzan jarriz. Ganera, kontuan izan behar da untziolak “ia 20 urte” daroazala funtzionau barik. Gaia konpondu behar dauena Madrilgo Gobernua dala esan dau.
EAJ-PNV-ko Ana Esther Furundarenak, untziolak Kultura Intereseko Ondasunari jagokon babesa izan daian Foru Aldundiak egin dituan ahaleginak azpimarratu ditu, eta horren ostean, bere aurretik berba egin dabenek egin daben moduan, eraikinaren jaubea Estadua dala gogoratu dau, eta ez Mendieta familia. Batzordekide jeltzaleak esan dau Aldundia eta Lekeitioko Udala “behin baino gehiagotan” joan dirala Kostako erakundera azalpenak eskatzeko eta gaia zein lege egoeratan dagoan jakiteko. Furundarenak eskaerea egin deutso PP taldeari, Diputaduen Kongresuan arin ibili daiten, untziolak guztiz jausi aurretik, bertan bere taldeak gehiengoa daukalako.
Gai horri jagokonez, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputatu andreak, Lekeitioko Udalagaz batera, Ministerioko arduradunakaz harremanetan jarteko konpromisoa hartu dau, korapiloa soltetako. “Gai horren inguruan emoten doguzan pausuen barri emongo jatzue”, esan dau.
BARAKALDOKO ZUBILETA TORRETXEA
Aldecoa popularraren berbetan “oso egoera txarrean dagoan, eta zeozer egiten ez bada, laster jausiko dan” XVI. mendeko Zubileta Torretxeari jagokonez, Lorea Bilbao diputatu andreak, saioaren bukaeran, eraikin hori inguratzen daben baldintza guztiak jasoko dituan txosten teknikoa egiteko konpromisoa hartu dau, ostean babestu beharreko elementuak kontserbetako “emon beharreko pausuak” emon ahal izateko.
Batzarretako Socialistas Vascos taldeak egindako eskaereari erantzunez diputatu andreak agertu dauen konpromisoaren ostean, PP-k, batzordera ekarri dauen arauz besteko proposamena baztertzea erabagi dau. Proposamen horren bitartez eskaerea egin gura eutsan Foru Aldundiari, Barakaldoko Udalagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz koordinauta, Burtzeña auzoan, Kadagua errekearen ertzetan, dagoan Torretxean dagozan egiturak kontserbetako preminazko neurriak hartu eizan.
1919KO NAZINOARTEKO ERAKUSKETEA
PP taldearen ekimenez, eta aho batez, eskaerea egin jako Aldundiari, “parte hartu gura daben beste erakundeakaz eta administrazinoakaz batera, Bilbon 1919. urtean egin zan Nazinoarteko Pintura eta Eskultura Erakusketearen mendeurrena ospatzeko ekitaldiak prestetako, izpiritu kultural zabala eta, aldi berean, unibersala, jasoz.”
Aldecoak defendidu dauenez, 2019. urtean dana prest egon daiten beharrezkoa da beharrean “gaur” hastea, gauza horreek “denporaz egin behar diralako”. Lehen Mundu Gerra amaitu eta denpora gitxira Bilbon egin zan erakusketa harek Euskal Herriko, Espainiako eta Europako sortzaileen artelan garrantzitsuak batu ebazan.
Bizkaiko Ahal Dugu taldeak esan dau une egokia dala “herritarren partaidetzea” eta ez Herri Administrazinoena bakarrik, izango dauen ospakizuna bultzatzeko. EAJ-PNV-k uste dau “garrantzitsua dala” Bizkaiko artearentzat historikoa izan zan gertakaria gogoratzea, eta Bilboko Arte Eder Museoagaz alkarlanean egin beharko litzatekela.
BERREGINEN MUSEOAREN ERAKUSKETA IBILTARIAK
Bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe Aldundiak azterlana egitea eta Bilboko Udalagaz lortu beharreko akordioak lortzea Bilboko Arte Berreginen Museoa zanaren arte bildumatik Bilboko instalazino barrietan erakusgai ez dagoan zatia Bizkaiko herrietako Kultur etxeetara, kultur zentroetara eta museoetara eroateko, txandaka, eskultura unibersalaren maisu lanei buruzko erakusketa ibiltariaren barruan.
Erakusketa ibiltari horreek egitea “benetako arrakastea” izango litzatekela esan dau Aldecoak, “azken mila urteetako artelan garrantzitsuenen” kopien aurrean gagozalako. Ganera, San Frantzisko auzoaren bihotzean dagoan Museoa “balioan jarteko” be baliagarria izango litzateke.
Talde guztiak ekimenaren alde agertu dira. EAJ-PNV-k esan dauenez, museoak berak, 2008tik, “200 pieza baino gehiagok osatzen dituen” museoko fondoak erakusteko aldi baterako erakusketak eta bestelako kultura ekimenak egiten ditu bere instalazinoetan. Dana dala, jende aurrean erakutsi aurretik, pieza horreek barriztatze prozesua gainditu behar dabe. Jane Eyre Urquieta jeltzaleak alderdi hori be kontuan hartu behar dala adierazo dau, eta baita artelanak garraiatzeak, instaleteak eta zaintzeak izango dauen kostua be. Kostu hori, erakusketak jasoten dituen Udalek hartu beharko leukie euren gain.