Aurreko Albisteak

Aldundiak metroaren 4. linearen lehenengo zatiaren eraikuntza proiektuaren lizitazinoa iragarri dau

Bizkaiko Batzar Nagusien historiako kontroleko lehenengo osoko bilkuran, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatu Vicente Reyes jaunak, ETS-k Bilboko Metroaren 4. linearen eraikuntza proiektua azaroan lizitauko dauela iragarri dau, Moyuaraino doan lehenengo zatian, eta lizitazino horren zenbatekoa “1,3 milioi eurokoa” izango dala esan dau. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, gaur egun, Errekalde auzoan hasiko dan linea horri buruzko “informazino azterlanak egiten jarraitzen da”, eta gauza bera egiten ari da Etxebarritik Galdakaora helduko dan 5. linean.

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak, Bizkaiko Talde Popularrak, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, kargua hartzeko osokoan egindako adierazpenei buruzko eretxia eskatuz egindako erantzun-eskeari erantzunez egin dau iragarpena. Egun haretan esan eban agintaldi honetan Aldundiak “ez ebala inolango azpiegitura proiekturik egin behar”. Reyesek Javier Ruiz bozeroale popularrari argitu deutsonez, metroari jagokonez Aldundia “ez da geldituko”. Bizkaibus zerbitzuan inbertiduten dauenaz gain, Aldundiak egiten dauen esfortzu ekonomikoa balorau dau Reyesek, “35 milioi euro 2015ean eta 38,62 milioi euro 2016an”, Bilboko lur azpiko trenbidea eregiteko lanak finantzetako, 2016an amaituta geratuko dan 3. linea, adibidez, edo Urdulizko trenbide pasagunea lur azpira sartzeko, beste batzuen artean.

Galdakao-Etxebarri lanzaderearen “gatazkeari” buruz galdetuta, Reyesek esan dau Galdakaoko biztanleak “pozik” dagozala Boluetara heltzen dan lanzaderearen bitartez Bizkaibus eskintzen ari dan zerbitzuagaz. Zerbitzu hori, lehen Aldundiak eskintzen ebanagaz alderatuta “erabiltzaile kopurua bikoizteko” aukerea emon dauen “konponbidea” da. Ganera, aurreko zerbitzuak gatazka handia eragin eban Etxebarriko udalerrian.


EKARPENEN LEGEA

PP-ren eretxiz, Ahaldun Nagusiak Urkullu Lehendakariagaz izandako bileraren ostean adierazo ebanez, Ekarpenen Legea 2017ra arte aldatzeak ekarriko dauen “atzerapena” dala eta, Rementeriak esan dau kargua hartzeko hitzaldian inoiz ez ebala Lege hori eraginkorra izateko “denpora espaziorik” aitatu. Halanda be, uste dau bozeroale popularraren kalkuluak ez dirala guztiz okerrak, lehenengo Kupoaren likidazinoa egin arte itxaron beharko dalako, bere ustetan, “garrantzitsua” dalako aurretik jakitea Euskadik eta Bizkaiek zenbat diru eukiko daben. Beraz, uste dau gaitza izango dala Ekarpenen Legea datorren urtean prest egotea, hemendik aurrera ikusten diran hauteskunde prozesuak kontuan izanda.

Javier Ruiz PP-ko bozeroalearen eretxiz, kupoa eta Ekarpenen Legea ez dira zertan “batera” joan behar, azken lege horrek finantza baliabideak barrura begira banatzen ditualako. PP-ko bozeroaleak “sine die” luzatuko dala uste dau, eta arduratuta agertu da Bizkaiko herritarrei bialtzen jaken mezua ikusita, Lege hori atzeratzean “Bizkaia Lakuatik gobernetan dala” uste dau eta.


LEGE EREMUA

Beste alde batetik, Ahaldun Nagusiak kargua hartzeko osoko bilkuran esandako beste berba batzuk ekarri ditu PP taldeak Gernikara: “euskaldunak izan gura dabena izango dira, eta horretarako legetasuna egokitu behar bada, egokitu egin beharko da”. Testuinguru horretan PP-ko bozeroaleak, Bizkaia, Espainia eta Europa barruko integrazino eremu komunean jarraitzea eta egotea bermatzen ahaleginduteko Unai Rementeriak aurrera eroango dauen politikari buruz galdetu dau. Javier Ruizen eretxiz, Bizkaiak, Espainiak eta Europak, Euskadiren garapenerako “segurtasuna, etorkizuna eta ziurtasuna” eskintzen daben “Champions Leagueko tridentea” dira.

Rementeriak, gai horri buruz osoko bilkura haretan emon eban hitzaldiaren parte bat berreskuratu dau. “Euskal abertzalea naz. Euskadiren askatasuna gura dot, baina, beste ezer baino lehen, demokratea naz. Demokrata izatea idea aniztasuna eta nagusigoen esanahia onartzea da. Euskadi, euskaldunok erabagiten doguna izango da, inposizino barik. Eta legetasuna gehienen borondatera egokitzea beharrezkoa bada, hori egiten asmau beharko dogu. Hemen inor ez da inor baino gehiago. Inposizino barik. Beto barik”.

Horren ostean Ahaldun Nagusiak, esan gura izan ebana “danok batera” behar egin beharko dogula izan zala adierazo dau, adostasunak eta kontsentsuak bilatuz, Euskadi “hobeto enkajetako”. PP-ri gogoratu deutso hori dala, hain zuzen be, Eusko Legebiltzarreko Autogobernuko ponentzian egiten ari dana. Horregaitik, uste dau PP taldea “foro okerrean dabilela” gai hori Batzar Nagusietan planteetako orduan. Argi eta garbi itzi dau, baita be, Aldundiak “zorroztasun osoz” onartuko dauela araubide juridiko guztia, Europa eta Estatu mailakoa, eta baita Euskadi edo Bizkaia mailakoa be, Foru Aldundiaren eginbeharra lurraldeko zerbitzu publikoak kudeetea dalako.

Ahaldun Nagusiak, Madrildik ponentzia horren garapenari trabak jarten ibiltea aurpegiratu deutso PP taldeari. Rajoyren gobernuak Eusko Legebiltzarretik egindako “txosten eskaera ukatu egin dau”. “Eta gauza bera egin dau Gasteizko Legebiltzarreko talde popularretik egindako txosten batzuekaz”. Salatu dauenez, PP taldea da lege eremua beteten ez dauena, Autonomia Estatutua bera ez dauelako beteten, beste gauza batzuen artean. Ruizek hori ez dala egia esan dau, bere eretxiz Euskadik Europan parekorik ez dauen autonomia maila daukalako, parte handi batean “80ko hamarkadatik egindako 107 transferentziei esker”.


BIZITZA INDEPENDENTE PROGRAMEA

PP taldeak egindako erantzun-eskeari erantzunez Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatu andreak esan dau “ez dala beharrezkoa izango” aholkulari pertsonalari jagokon prestazino ekonomikoaren partidea handitzerik, une honetan “burutzapena Aurrekontuagaz bat datorrelako”. “Ez izan zalantzarik, beharrezkoa bada, handitu egingo da”, erantzun deutso Eduardo Andrés popularrari, harek esan dauelako kopuru hori ez dala handiagotzen onuradun potentzialek ez dabelako informazino egokirik jaso.


MEXIKOKO ORDEZKARITZA BATEN BISITEA

Osoko bilkuraren ostean, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Mexikoko ordezkaritza bat jaso dau, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Learning Tour programaren barruan. Ordezkaritzea, industriagaz, hezkuntzagaz, I+G+b-agaz eta kanpoko harremanakaz erlazionautako arloetan erantzukizuneko karguak dituen bederatzi pertsonak osatu dabe.

Mexikoko ordezkaritzak argazkia atara dau Gernikako Arbolaren aurrean, Gernikako Batzarretxera bisitea egin eta Bizkaiko Batzarretako ohorezko liburuan sinatu eta gero. Ongi etorriko berbetan Ana Otaduik esan deutse etorkizunean “Mexikogaz, gure exiliatuak eta etorkinak hartu ebazan urruneko lur haregaz, lankidetzan jarraitu daikegula. Beti izango dau gure eskerrona”.