Batzar Nagusiek euren aldeko eretxia erakutsi deutsie Kataluniako eta Euskal Herriko erabagiteko eskubideari
Katalunian egin behar diran hauteskundeen gertutasuna ikusita preminaz aurkeztu dan ekimenak hiru puntu jasoten ditu. Lehenengoan, Batzarrak Kataluniako herriari laguntza erakusten deutso, aitatutako eskubidearen ganean azken urteetan emon dituan pausuei jagokenez. Holan, irailaren 27ko hauteskundeak “herrien borondatearen adierazpen librea izan behar danari buruzko beste pausu bat eta demokrazia adibide barri bat” dirala ulertzen da.
Proposamenaren testuan, salatu egiten dira eta ez dira onartzen Espainiako Estaduak “Kataluniako gizarteak modu librean aritzeari trabak jarteko” egin dituan ahaleginak. Holan, Espainiako Konstituzinoaren 155. artikulua apliketako deiak eta Espainiako Gobernuak Epaitegi Konstituzionalaren gaitasunei jagokenez, epaitegi horri zehapenerako ahalmena emonez, egin dauen azkenengo erreformea “mehatxu eta esku-sartze onartezinak” dirala adierazoten da.
Bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Kataluniako hauteskundeak egin baino egun gitxi batzuk lehenago, Arauz Besteko Proposamenaren alde agertuz, “arlo guztietan erabagiteko eskubidearen defentsea” bultzatzen dabe eta “Kataluniak eta Euskal Herriak daukien eskubidea autortzen dabe, hala bada, euskal gizarteak, prozesu librearen eta demokratikoaren bitartez, bere etorkizunari buruzko erabagia hartzeko aukerea autortuz eta eskatuz”.
Josu Unanue EH Bilduko bozeroaleak esan dauenez, ekimen horrek “eztabaidaren erdian pertsonak jartea” gura dau. Eskaerea egin dau datorren irailaren 27an Kataluniako herritarrek esaten dabena errespetau daiten, eta baita etorkizunean euskal gizarteak esan daikeana be.
PSE-EE-ren eretxiz, koalizino abertzalearen planteamendua ez da herrialdearen arazoak konponduko dituan ekimena. Helburua “nahastea” baino ez da, herritarrek benetan garrantzitsua dana ahaztu daien: Kataluniako funtzionario publikoen eta langabetuen egoerea edo zerbitzu publikoen pribatizazinoa. Ekimenaren alde dagozanak “errealidade hori isildu egiten dabe”, esan dau Carlos Totorika talde horretako bozeroaleak, eta adierazo dau erabagiteko eskubideak “ez dauela demokrazia sendotzen, legeak urratuz egiten bada”.
Arturo Aldecoak (PP) salatu dau ekimenaren alde agertu diran talde biak gizartearen “banaketaren” aldeko apustua ari dirala egiten, eta horrek “oso zauri sakonak” sortzen dituala. Eskaerea egin dau, proponiduten diran aldaketak legetasunaren barruan egin daitezan, eta proposamena “zentzubakokeria” dala esan dau.
Bizkaiko Ahal Dugu taldeko José Angel Elgezabal, bere aldetik, ez dago ados hauteskundeak plebiszitu dirala esateagaz, baina kontsulten alde agertu da. “Arazoa, erabagiteko eskubidea zelan gauzatu da”. Bere taldea abstenidu egin da.
Batzarretako Euzko Abertzaleak taldea koalizino abertzalearen ekimenaren alde agertu da, puntuz puntu, baina kritikau egin dau EH Bilduk ekimen horren bitartez “bilatzen dauen gauza bakarra asmoen adierazpena dala, EAJ-PNV-k bere soslai politikoa markau daiala”. “Helburua EAJ-PNV deseroso sentidu arazotea bazan, oker ibili dira”, esan dau Koldo Mediavillak. Bere berbetan, datorren domekako hauteskundeak “legezkoak” dira, eta bere eukiak “berezi” bilakatzen ditu, “danon” diskurtsoa eta jarrerea ikusita, baita Gorbernu zentralarena be. Mediavillak esan dau bere taldearen eretxiz herriari jagokola modu librean adierazotea, eta “botoen epaia” errespetau behar dala, erabagiteko eskubidea bere alderdiaren “DNA demokratikoan” dagoalako.
EZ EGOILIARREN ERRENTAREN GANEKO ZERGAREN KARGAREN ALDAKETAREN BERRONESPENA
Gernikako Batzarretxean egin dan saioa, osoko bilkureak Lurraldean bizi ez diran pertsonen zergaren kargaren aldaketari emondako aldeko eretxiagaz hasi da. Osoko bilkurak berronetsi egin dau Ez-egoiliarren Errentaren ganeko Zergari buruzko abenduaren 5eko 12/2013 Foru Araua aldatzen dauen uztailaren 21eko Arauzko 4/2015 Foru Dekretua. Dekretu hori, araua Estaduak egindako Lege aldaketara egokitzeko egindako moldaketea da.
Aldaketa horren arabera, 2015. urtean, uztailaren 12a baino lehen sortutako zergei jagokenez, %19ko karga tipoa (Arau horren 25. artikuluaren 1. ataleko a) eta f) hizkietan aurreikusitakoa) %20koa bilakatuko da. Zerga egun horretatik aurrera sortzen danean, aitatutako tipoak %19,5ekoak izango dira. Aldaketa hori aldeko 32 botogaz (EAJ-PNV, PP eta PSE-EE), kontrako 9gaz (EH Bildu) eta 6 abstentzinogaz (Bizkaiko Ahal Dugu) berronetsi da.
ERREFORMA FISKALA
Eguneko gai zerrendako bigarren puntua, joan dan agintaldian EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek onartu eben eta 2014an indarrean sartu zan erreforma fiskalean zentrau da. Bizkaiko Talde Popularra (PP), Bizkaiko “errenta baxuen eta ertainen” PFEZ gitxitzeko Arauz Besteko Proposamenagaz eta “enpresak sustatzeko eta lanpostuak sortzeko” beste aldaketa fiskal bategaz heldu da Gernikara.
Batzarretako talde guztiak, PP bera izan ezik, proposamenaren kontra azaldu dira. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek aurreko erreformaren emaitza oraindino ezagutu barik ekimena aurkeztu izana aurpegiratu deutsie PP-ri, eta EH Bilduk eta Bizkaiko Ahal Dugu taldeak erreforma fiskal “sakonagoaren” aldeko apustua egin dabe, “gehien daukanak gehiago ordaindu daian”.
Proposamen popularrak gogoratu dauenez, joan dan agintaldian Bizkaien martxan jarritako erreformaren ondorioz “zergak igo jakezan herritarrei, diru-sarrera publikoen jatsieran oinarrituz”. Hori dala eta, diru-bilketaren arloan prebisinoak hobetu egin diranez, klase ertainen eta baxuen zergak murriztu egin behar dira eta, ganera, “lanpostuak sortzea bultzatuko dauen” politika fiskala bultzatu behar da.
Bizkaiko Ahal Dugu taldearen zuzenketa-eskeak gaur egungo tributu sistema “bidebakoa eta behar dan progresibidaderik ez daukana” aldatzea planteetan eban, kapital errenten eta dirutza handien ganeko presino fiskala handitzeko eta, holan, “gehien daukanak gehiago ordaintzeko”. Asun Merinero batzarkideak defendidu dauen proposamenak “kapital errententzako onurak baino ez daukiezan” dedukzinoak, tipo murriztuak eta salbuespenak kentzea be eskatzen eban, eta eskaerea egiten eutsan Aldundiari, Soziedadeen Zergaren diru-bilketea handitzeko.
EAJ-PNV-ko Janire Bijueska batzarkideak, Estadu osoan PP-k aurrera daroan jarreragaz bat datorren Bizkaiko Talde Popularraren “tonu oportunistea” kritikau dau, hauteskunde orokorrak gertu egotearen “abaguneaz baliauz”.
Adierazo dauenez, Batzar Nagusiek aurreko agintaldian egin eben “esfortzua” ezin da “justifikazino barik” zalantzan jarri, “aurreikuspenetan eta zantzuetan” oinarrituta. Holan, esan dau “egonkortasun fiskaleko testuinguruan enpresa sareak konfiantzea berreskuratuko dauela” eta, horregaz, inbertsinoa handitu eta lanpostuak sortuko dirala.
Alexia Castelo PSE-ko ordezkaria bat etorri da aurreko agintaldian sistema fiskalaren “azterketa sakona” egin zala esatean, eta horrek, zerga nagusien erreforma eragin ebala, 2014an indarrean sartu zana. Hori dala eta, “erreformaren emaitzak 2015. urtearen bukaeran ikusiko doguz”. Holan, arautegi fiskala “bizirik dagoan arautegia” dala defendidu dau, baina horren erreformak “datuak eskuetan eukita” egin behar dirala.
Bukatzeko, EH Bilduko Zigor Isuskiza batzarkideak eskaria egin deutso PP-ri, zergak murriztea gura badau, “Madrilen dituan kideengana” zuzendu daiten, eta arlo fiskalean benetan garrantzia daukana aberastasunaren banaketea dala, eta proposamen “zehatzak eta serioak” egin behar dirala azpimarratu dau.
KLIENTELISMOA ETA NEPOTISMOA
Bizkaiko Talde Popularrak eta Bizkaiko Ahal Duguk batera defendidu dabe klientelismo politikoari buruzko zuzenketa-eske transakzionala. Horren bitartez alderdi biek eskaerea egin deutsie Batzar Nagusiei, Aldundiak “klientelismoa, nepotismoa eta mesedekeria politikoa baztertu daizan, interes publikoen eta Herri Administrazino guztien funtzionamenduan nagusi izan behar dan gardentasunaren kontrakoak diralako”.
Testuan, talde biek eskaerea egin gura eutsien Aldundiari, iragarritako Gardentasunerako Udal Arauaren barruan klientilismoa, nepotismoa, mesedekeria politikoa eta ate birakariak saihesteko eta horreen kontra burrukatzeko, eta gardentasuna modu egokian araupetuteko, datuetara sartzea errazteko eta gizartetik gertu egoteko, eta horreen aplikazino eremuak Batzar Nagusiak, Bizkaiko Foru Aldundia, haren organismo autonomoak, enpresa publikoak eta horren partaidetzea daukien gainerako erakundeak izan daitezan.
EH Bilduren aldeko eretxia be lortu dauen ekimenaren kontra agertu dira Foru Aldundia babesten daben batzarretako talde biak. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek proposamenak Gardentasunari buruzko Foru Araua proiektuaren ganeko batzarretako eztabaidara bideratzea defendidu dabe. Eztabaida hori joan dan asteko batzordean iragarri eban Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak.
BABESA ERREFUXIATUEI
Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin dabe erakundeen artean lankidetzan aritzeko Europara ailegetan ari diran errefuxiatuei “merezidu eta behar daben harrerea” emoteko eta esan dabe hori “berme guztiakaz egin behar dala, eraginkorra eta iraunkorra izan daiten”.
Bozeroaleen batzarrak, alderdi politiko guztiek sinatu eben adierazpen instituzionala onartu eban joan dan eguenean, irailaren 18an. Bere lehenengo ohiko osoko bilkurea zuzendu dauen Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak irakurri dau.
Adierazpen instituzionalak sei puntu ditu, eta horreetan azpimarratzen da “Bizkaia beti izan dala alkartasun lurralde sufritzen daben pertsonakaz eta beharrizanik handienean egon eta edozein laguntza mota eskatzen dabenakaz”.
Ildo horri jarraituz, Bizkaiko Batzar Nagusiek euren “alkartasunik handiena” erakutsi gura deutsee gerran dagozan herrialdeetako errefuxiatuei, eta erakundeen arteko lankidetza eskatu gura dabe “merezi daben eta beharrezkoa daben harrerea egin dakien” eta hori “eraginkorra eta iraunkorra izateko berme guztiakaz” egiteko.
Ganera, Batzar Nagusiek bat egin dabe “beste erakunde batzuek” Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari egindako eskaereagaz, “Europan babesa eskatzen daben milaka errefuxiatuenganako jarrera azkarra eta eraginkorra” euki daien.
Ganera, agindua emoten deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzagaz eta Euskadiko ganerako erakundeakaz lankidetzan aritu daiten, “egoera horri erantzun integrala eta koordinaua emoteko”.
BALIABIDEEN INBENTARIOA ETA ALDUNDIAREN HORNIDURA EKONOMIKOA
Holan, Batzar Nagusiek eskaerea egiten deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, “ahalik eta lasterren” egin daian baliabide materialen inbentarioa eta joakon zuzkidura ekonomikoa eta Eusko Jaurlaritzaren eskuetan jarri daian, Jaurlaritzak “hasierako harrerea egin deien errefuxiatuei eta, beharrezkoa balitz, luzaroragokoa zein betirakoa be”.
Bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek autortu egiten dabe gobernuz besteko erakundeek, gizarte erakundeek eta Bizkaiko herritarrek eurek erakutsi daben “alkartasuna” eta lana. Hori dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen deutsie “alkarlanean jarraitu daiala horreekaz guztiakaz, gure laguntasunaren beharrean dagozanak gure artean hartzea erraztearren”.