Aurreko Albisteak

Reyesek Batzar Nagusien agindua beteteko egingo dau behar, Bizkaiko garraio publikoaren "Agintaritza Bakarra" sortzeari jagokonez

Batzordea

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatu Vicente Reyes jauna Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur goizean, batzarretako taldeei bere sailak agintaldi honetan izango dituan lehentasunen barri emoteko. “Garrantzi handiko” lehentasunen artean, “Mobikortasunaren Bizkaiko Agintaritza Bakarraren” sorrerea “sustatzea” dago, bere helburua joan dan urtean Batzar Nagusiek hartutako agindua betetea dalako.

Reyesek aurreikusi dauenez, lan hori “gogorra eta konplexua” izango da, Lurraldean arlo horretan eskumenak dituen erakunde eta enpresa publiko asko dagozalako, baina beharrezkoa da “Bizkaiko garraio publikoaren kudeaketa errazionalagoa eta eraginkorragoa egiteko”. Aldundiko arduradunak izaera juridiko propioa eta berau osatuko daben Administrazinoetatik bereiztua egongo dan erakundearen aldeko apustua egiten dau.

Erakunde horrek dituan eginbeharren artean, garraio publikoetan “bikoiztasunak saihestea”, erabiltzaileak “fidelizatzea” teknologia berrien erabileraz eta beherapen politikaz baliatuz, “intermodalitatea sustatzea” eta operadoreen artean adingabeak ordaintzetik salbuetsita egotea “bateratzea” dagoz.

Ganera, bere beste lehentasunetako bat tarifen eta billete bakarraren integrazinoa martxan jartea izango dala esan dau Reyesek, ibilpide batek prezio bera izan daian, garraiobide bat edo bestea erabilita be.

BILBO METROPOLITARREKO LPP-PTP-AREN BERRIKUSPENA

Legealdi honetarako dituan erronken artean, Reyesek Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren azterketea be aitatu dau. Dokumentu hori 2006. urtetik dago indarrean, eta hamar urte behar izan ziran definitzeko, azaldu dauenez. “Beharrezkoa” da azterketa hori egitea, hori egin zaneko testuinguru ekonomikoa eta gaurkoa “desbardinak” diralako. “Ekonomiaren hazkunde egoeratik atzerako, beherako, testuingurura igaro gara”. Horregaitik, azterketa “orokorra” planteetan dau, dagozan lurzoruen hiri birgaitzean gehiago jarduteko helburuagaz.

Arlo horretan landu gura dituan beste gai batzuk etxebizitzarako lurzoruaren eskaintzearen koantifikazinoa zehazteko erespide barriak definitzea eta Gune Funtzionalen paisaiaren katalogoak idaztea dagoz. Azken horreetako bakotxean “paisaia arloko kalidadeko helburuak” proponiduten dira.


MAMARIGA URTARRILEAN ZABALDUKO DA

Joan dan ekainaren 14an izandako sutea dala eta Bilboko Metroaren Mamarigako kanoiaren itxierari buruzko azalpenak emoteko Batzarretara etortea eskatu dauen talde Popularrari erantzunez, asmoa funikularraren zerbitzua “berandu jota” 2016ko urtarrilean zabaltzea dala adierazo dau diputatu jaunak.

Reyesek adierazo dauenez beharrezkoa da denpora hori itxarotea, garbiketa lanak egiteko eta, ostean, sutean kaltetutako elementuak eta makineria jasotzeko eta instaletako. Bitartean, mobikortasun arazoak dituen pertsonek doban erabili ahal izango dabe Bilboko Metroaren Santurtziko geltokia eta Mamariga auzoa lotzen dituan Bizkaibuseko linea. Diputatu jaunak esan dauenez, une honetan 400 erabiltzaile inguruk daukie zerbitzu hori doban erabilteko eskubidea emoten dauen udal txartela, Bizkaiko Garraio Partzuergoak ordaindua.


URDULIZKO ETA IBARBENGOAKO LANAK

Beste alde batetik, Aldundiko arduradunak adierazo dau Bilboko Metroa Urdulizen lur azpian sartzeko epeak beteten ari dirala eta 21 milioi euroko kostua dauen obrea 2016. urtearen amaierarako bukatuta egongo dala.

Bilboko Metroaren Ibarbengoako aparkalekuari jagokonez, Reyesek esan dau une honetan jaubetza kentzeko prozesua bukatzen ari dala, eta horren ostean 6 milioi euroko kostua izango dauen obrea lizitetako administrazino prozesua hasiko dala. Ibarbengoako geltokiari lotutako aparkalekuak 300 ibilgailu aparketako lekua izango dau, eta 12 hilebete beharko dira eregiteko. Reyesek esan dauenez, aurreikuspenak kontuan izanda, 3 solairu –horreetako bi lur azpian– izango dituan azpiegiturea 230 ibilgailuk erabiliko dabe egunero, eta prezioa 70 zentimokoa izango da.

Batzarretako taldeei erantzunez, Reyesek esan dau Ingurumen Sailak adierazotakoaren arabera obra horrek ez dauela azterlan geologikorik behar, eta aparkalekurako sarbidea aparkalekuagaz batera egingo dala.