Bengoetxeak konpromisoa hartu dau, Aldundia "bere kudeaketa ereduan barritzailea izan daiten"
Horretarako, agintaldi honetan “modernizazino prozesu” sakonari ekingo jako, ez kudeaketa tresnetan eta metodologietan bakarrik, Foru Aldundiaren beraren antolakuntza eta balio kulturari jagokonez be. Herritarrei arreta “pertsonalizatua, integrala eta diziplina guztietakoa” eskiniko deutsan “kanal eta plataforma anitzeko” administrazino elektroniko eredua martxan jartea bultzatuko da. Horretarako, diputatu andrearen berbetan, edozein plataformatik erabilerraza izango dan erakundearen egoitza elektronikoa bultzatu beharko da. Helburua identifikazino eta sinadura elektroniko sistema barriak ezartea da, konpromiso argi bategaz: herritarrak ez daizala Administrazinoaren esku dagozan agiriak barriro aurkeztu behar.
Bengoetxeak hainbat foru arautan oinarrituz egituratuko dau Lurralde Administrazinoaren eraldaketa hori. Alde batetik, “gobernuko 100 egun bete baino lehen”, Gardentasunari buruzko Foru Arauaren Aurre-proiektua onartuko da Gobernu Kontseiluan. Horren ostean, Aldundiak beste arauzko proiektu bat aurkeztuko dau, Aldundiko kargu publikoen integridadea, interes gatazken prebentzinoa eta bateraezintasunak zaintzeko. Arau biak Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatu eta onartu beharko dira.
Aldaketa horreekaz batera, gardentasunari buruzko Foru Aldundiaren webgune barria jarriko da martxan, eta bertan erakundearen “Datu Zabalak” eredua hedatuko da, datuak modu errazean berrerabili eta ulertu ahal izan daitezan, “hizkuntza ulerterraza erabiliz”, azpimarratu dauenez. Batzarretako taldeei emondako erantzunean, Bengoetxeak baieztu dau gune horrek Foru Administrazinoaren esleipendunen erregistroa be jasoko dauela. “Kontratu guztiak ikusi ahal izango dira”.
Beste gauza batzuen artean, Aldundiaren esku dagozan eraikinen energia sistema egokitzea jasoko dauen errazionalizazino plana be jarriko da martxan, errendimendua eta eraginkortasuna hobetzeko, eta Bizkaiko Administrazinoetarako “erosketa gune bateratua” sortuko da. Administrazino horreen artean Foru Administrazinoaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lurraldeko toki erakundeen esku dagozan erakunde publikoak be badagoz.
ESKUALDEETAKO BULEGOAK INDARTZEA
Sailaren erronketako bat, Lurraldean banatuta dagozan Aldundiaren eskualdeetako bulegoak erabateko arreta, informazinoa eta izapidetzea eskiniko daben leihatila bakar bilakatzea izango da, gaur egun nagusi dan gune hermetiko eredua gaindituz.
Beste helburuetako bat, Bizkaiko Foru Aldundiak toki erakundeen esku jarten dituan zerbitzu berezi guztiak katalogo batean batzea da, informazinoa eta horreetara sartzeko aukerea errazteko. Bertan ez da faltako “Udala Zabaltzen" izeneko Gobernu Zabaleko plataformari buruzko informazinoa.
Amaitzeko, larrialdien arloan, agintaldi honetan holango egoeran zerikusia daben sail guztiak batuko dituan larrialdietako zentrala sortzea aurreikusi da, muturreko egoeretan “krisi mahai” moduan aritu daiten. Suhiltzaile parke zaharrenetako batzuk barriztatzea eta parke mobikorraren, ekipamenduen eta materialen parte bat ordezkatzea be aurreikusten da.
Ekimen horreek guztiek euren kronogramea eta aurrekontua izango dabe, eta jagokon unean Batzar Nagusien aurrean aurkeztuko dira. Lehenengo partidak aurrekontuei buruzko saioan ezagutuko dira. Epeei buruz galdetuta, Bengoetxeak agintaldi honetan gauzatuko dirala esan dau.
BATZARRETAKO TALDEAK
Diputatu andrearen azalpenen ostean, Javier Ruiz PP-ko bozeroaleak eskaerea egin deutso Bengoetxeari, eta esan dau Aldundiak egin behar dauena enpresa sektore publikoaren taimainua txikitzea dala, bere eretxiz “handiegia” dalako eta “lanpostuak lortzeko agentzia” bilakatu dalako. Ordezkari popularrak “bikoiztasunak” eta “klientelismoa” desagertu arazotea gura dau. Bere berbetan, 30 urteko gobernu jeltzaleen ondorioa dan jardunbide “onartezina” da hori.
Bizkaiko Ahal Dugu taldeko Asun Merinerok, bere aldetik, Aldundi honen gardentasuneko lanean “ez daukala konfiantzarik” adierazo dau, eta Administrazinoa zabaltzeko eskaria egin dau, pertsonek parte hartzeko eta kudeaketa publikoa kontroletako aukerea izan daien, zergak zertan gastetan diran erabagi ahal izateko. Egungo Foru Gobernuak proponidu dituan aldaketek herritarren artean “bretxa digitala” ez daiela handitu eskatu dau, “jente guztiak ez ditualako ezagutza telematiko berberak”, adierazo dau.
Beste tonu batean, Carlos Totorika PSE-EE-ko bozeroalea bat etorri da Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako sailaren ildo estrategikoekin. “Nik egingo neukeana da”, esan dau, PP eta Ahal Dugu taldeen esku-hartze “tremendisten” aurrean bere nahigabea adierazo aurretik. Bere txandan iradokizun bat egin dau: “Bizkaiko Udalek Batzar Nagusi horreetan entzunak izateko aukerea izan deiela”, Bizkaiko ordezkariek udalen beharrak ezagutu daiezan.
Joseba Gezuraga EH Bilduko ordezkariak modu positiboan azpimarratu dau arretarako gune fisikoen bitartez eskualdeetara heltzearen ideia. PP-gaz bat etorriz, esleipenak dituen enpresen erregistroa sortzea eskatu dau.
IDAZKARITZA AHAL DUGUKO ASUN MERINERORENTZAT
Asun Merinero Bizkaiko Ahal Dugu taldeko batzordekideak hartuko dau Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordearen Mahaiko idazkaritza. Batzar Nagusietako talde barriko ordezkariak aldeko 11 boto jaso ditu, 15 kidek osatutako batzordean. Batzordekide batek boto zuria emon dau, eta, ohikoa izaten ari danez, EH Bilduko hiru ordezkariek bozketan ez parte hartzea erabagi dabe. Bizkaiko Ahal Dugu taldearen eskuetan geratzen dan laugarren Idazkaritzea da, atzo Ekonomia eta Ogasuneko eta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko batzordeetakoak eta gaur goizean Euskera eta Kulturakoa lortu ostean.