Euskera eta Kulturako diputatuak urtean Batzar Nagusietara "hiru edo lau" bider joateko konpromisoa hartu dau, bere kudeaketaren barri emoteko
Diputatu andreak adierazo dauenez, datozan lau urteetan bere kudeaketaren helburua “gizarte kohesino handiagoa” lortzea izango da, eta horretarako hizkuntzagaz, kulturagaz eta kirolagaz erlazionautako politikea erabiliko dau. Holan, lehentasunezko konpromiso moduan “bizikidetza hobea, garapen pertsonal eta kolektibo handiagoa eta gizarte kohesino handiagoa errazteko beharrezkoak diran hizkuntza, kultura eta kirol arloko politikak aurrera eroatea” azpimarratu ditu. Arlo horri jagokonez, euskera bizibarritzearen aldeko apustua egitea, bizikidetza horren aldeko apustua egitea eta gizarte kohesionatua lortzeko ezinbestekoa dala adierazo dau.
Holan, Aldundiak gero eta gizarte elebidunagoa lortzeko daukan konpromisoa eguneroko jardunean euskeraren erabilera finkatzean eta euskerea erabilteko aukerak handituko dituen neurriak bultzatzean oinarritzen da. Diputatu andreak ildo horretan aurrera egiteko aitatu dituan ekimenen artean honeek dagoz: hizkuntzaren ezagutza bultzatzea, pertsonen arteko komunikazinorako zubiak eregiz eta beste erkidego batzuetatik Bizkaira heltzen diran pertsonei euskerea hurbiltzea; komunikazino teknologia barrietan euskeraren erabilera sustatzea; eta gazteei zuzendutako ekintzak, produktuak eta ekimenak garatzea. Sailak bizkaierea indartzearen aldeko apustua be egingo dau, holan euskara batua “aberasteko”.
Lorea Bilbaok administrazino elebidunagoa lortzeko konpromisoa agertu dau, gizartearen eskariei erantzuteko. Adierazo dauenez, Foru Administrazinoaren euskalduntze mailea une honetan Aldundiari jagokozan indizeak “baino 10 puntu gorago” dago.
Kulturaren arloan, talde barriak kulturaren transmisinoaren, garapenaren eta sustapenaren alde egingo dau behar. Holan, arlo horretan aurrera eroango diran ekimenak Bizkaiko Ondare historikoaren eta kulturalaren aktiboak katalogatzen, berreskuratzen eta balioan jartzen zentrauko dira. Zehatzago esanez, Bilbaok iragarri dau ondare hori ezagutu arazoko daben “kultur eta turismo ibilpideak” diseinauko dirala. Proiektu horreen artean Bizkaiko kobazuloen “digitalizazinoa” be badago.
Aldi berean, Bizkaiko gizartearen kultur sorkuntzea eta dinamismoa be sustatuko dira, eta “kulturea ekonomia indartzen dauen elementu moduan” bultzatuko da, aberastasuna ekarten dauen sorkuntzaren eta kulturaren industriaren ikuspuntutik eta turismoa erakartzeko motore moduan daukan ikuspegitik. Ganera, Bizkaiko kultur azpiegiturak balioan jarriko dira. Horreetako batean, Foru Liburutegian, helburua “literatur sorkuntzako gunea” egiteko asmoa dago.
Kirolaren arloan, kirol jarduna “bizitza kalidadea, integrazinoa eta balioen transmisinoa hobetzeko” baliabide moduan bideratuko da. Beste jarduketa batzuen artean emakumeek kirolaren hainbat eremutan beteten daben presentzia indartu eta azpimarratuko da, hobeto ikusi daiten, euskeraren erabilerea sustatuko da mota guztietako kirol modalitateak egiten dituenen artean –“eskolako kirolean batez be”– eta gure bertako kirolen ezagutzea bultzatuko da.
BATZARRETAKO TALDEAK
Batzarretako taldeek “zortea” opa deutsie Aldundiko Euskera eta Kulturako arduradun barriari, baina aukeraz baliatuz, aldaketa batzuk eskatu ditue. PP taldeko Arturo Aldecoak jakinarazo dau lehenengo guraria, Aldundiak euskeraren kalidadea indartu daian literaturan eta ahozko erabileran. Testuen kalidadean “zorroztasuna” bilatu behar dala adierazo dau.
PSE-EE taldeko Juan Oterminek eskaria egin dau, Aldundia Udalakaz batera aritu daiten kulturagaz eta kirolagaz erlazionautako proposamenak planifiketako orduan. Ganera, gizartean gertatzen ari diran aldaketak be kontuan izatea eskatu dau, bere berbetan “mobikortasunaren, pentsamoldearen… iraultza dan horregaz”, horrek aldaketa handia dakarrelako gizartean erlazionetako dagozan moduetan.
Tonu kritikoagoan, Bizkaiko Ahal Dugu taldeko Asun Merinerok “guztientzat” kultur azpiegiturak sortzea eskatu deutso. “Herriaren, kaleko jentearen, kulturan inbertidu behar da”. Horretarako, BOS-ek jasoten dituan diru-laguntzak, udal kontserbatorioen egoeragaz alderatu ditu, kontserbatorio horreetan jentea “kanpoan geratzen ari dalako”, plazarik ez dagoalako. Ganera, gero eta emakume eta neska nerabe gehiagok kirola egitea bultzatzea be eskatu dau, eta kirol eskintzea “dobakoa” izatea, bere berbetan “gaur egun ez dalako dobakoa”.
EH Bildu taldetik, Txusa Padronesek “faltan bota dau” hizkuntzaren normalizazinoaren aurrean inplikazino handiagoa Bilbo Metropolitarrean, bere ustez gune horretan euskerak egoera “larria” bizi dauelako. Kulturaren arloan, gaur egun “oztopoak” dituen kultur ekimen “herrikoietarako” laguntza gehiago eskintzea eskatu dau. Kukutzaren adibidea jarri dau. “Jentea kanporatu eta lau urte igaro diranean, orubean ez dago inolango erabilera”, salatu dauenez. Eta kirolari jagokonez, oinarrizko kirolera diru-laguntza gehiago bideratzea eskatu dau, kirol profesionalera gitxiago bideratuz.
BESTE IDAZKARITZA BAT AHAL DUGU TALDEARENTZAT
Elsa Pamparacuatro Bizkaiko Ahal Dugu taldeko batzordekideak beteko dau Euskera eta Kulturako batzordeko Mahaiko idazkaritza. Batzar Nagusietako talde barriko ordezkariak aldeko 10 boto jaso ditu, 15 kidek osatutako batzordean. Batzordekide bik boto zuria emon dabe, eta EH Bilduko hiru ordezkariek bozketan ez parte hartzea erabagi dabe. Idazkaritza hori, atzo Ekonomia eta Ogasuneko eta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko batzordeetan lortutako biei gehitu behar jake.