Foru Aldundiak konpostajea eta lehen sektoreagaz izan beharreko harremanak bultzauko ditu

Holan, ur arloari jagokonez, Lurraldeko udalerri “guztiak” Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren barruan sartzea bultzatuko dala eta erakunde horregaz azpiegiturak finantzetako hitzarmenak sinatzen jarraituko dala iragarri dau. Aldi berean, Karrantza Haraneko saneamendu proiektuak gauzatuko dira, bertako Udalagaz lankidetzan. Horrez gain, Urdaibaiko Hornidurarako Lurralde Ekintza Plana prestauko da, Ura erakundeagaz lankidetzan, eta Busturialdeko saneamendu sarea amaituko da.
Hondakinen kudeaketari jagokonez, erronka nagusia konpostaje mailak handitzea izango da. Horretarako neurri bi ezarriko dira: eskualde periferikoetan konpostaje planten pixkanakako garapena eta Bizkaiko udalerri guztietan bosgarren edukiontzia ezarteari bultzadea emotea. Arlo horretan, aurrera jarraituko da udalerri guztietan edukiontzi zuria (berrerabili daitekezan hondakin txikiak) zabaltzeko egitekoagaz, eta Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Integrala (HHPI-PIRU) 2020. urtera arte luzatzea proposauko da, plan barriaren helburuak Arteztarau Europarrera egokitzeko.
Ondare naturalaren arloan, Urkiolako eta Armañongo Plan Zuzendarien burutzapen prozesuak eta parke naturaletarako eta kontserbazino bereziko guneetarako Kudeaketa Jarduketak amaituko dira, eta dokumentu horreek onartu eta gero, bertan aurreikusten diran kudeaketa jarraibideak aurrera eroango dira. Ganera, Euskadiko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkearen Interpretazino Zentroa jarriko da martxan Meatzaldean, Eusko Jaurlaritzagaz eta Abanto Zierbenako Udalagaz lankidetzan.
Ziurtapena lortu daben hondartza kopuruaren hazkundeak eta hondartzetako zerbitzuen eta segurtasunaren hobekuntzak, Urdaibaiko hondartzen Mobikortasun Iraunkor Plana burutzeagaz batera, izango dira hondartzakaz erlazionatutako ekintza nagusiak. Aisialdirako guneei jagokenez, proiektu garrantzitsuenetako bat Meaztegi Berdea gunea bultzatzea izango da.
Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Sailak izango dauen barrikuntza nagusietakoa ehiza eta arrantza saila Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren barruan sartzea da.
Nekazaritzari jagokonez, I+G+b jarduketak eroango dira aurrera frutagintzan, mahastizaintzan eta enologian, Zallako Frutagintza Estazinoaren bitartez, eta ingurumeneko neurrien, klimaren eta nekazaritza ekologikoaren inguruan Landa Garapen Planaren barruan aurreikusten diran erkidegoko laguntzak gauzatuko dira, beste ekimen batzuen artean.
Abeltzaintzaren arloan landuko diran alderdiak osasuna (arraza garbien alkarteei, gaixotasunak desagertu arazoteko laguntzen programak zabalduko dira), animalien ongizatea (Herri Kiroletako probatan animalien ongizatearen kontrola indartuko dauen arauzko garapen barria ezarriko da) eta animalien ekoizpena (abeltzaintza ustiapenen erregistroa hobetuko da eta Animalien Elikaduraren Kontrolerako Programea indartuko da, Eusko Jaurlaritzagaz lankidetzan) izango dira.
ESPEZIE INBADITZAILEEN KONTRAKO BURRUKAN ADOSTASUNA BILATZEA
Batzarretako taldeek espezie inbaditzaileei (Panpako luma-mottoa eta liztor asiarra) aurre egiteko aurrera eroan beharreko politikari buruzko informazinoa eskatu dabe, eta Aldundiak, bere ingurumen politikak gauzatzeko orduan “adostasunaren” aldeko apustua eginez jarraituko dauen ala ez galdetu dabe. Azken galderari jagokonez, bere sailak lankidetzaren aldeko apustuagaz jarraituko dauela adierazo dau Unzuetak. Espezie inbabitzaileen kontrako burrukari jagokonez, arazo horri konponbidea bilatzeko erakundeen arteko lankidetza estua aurrera eroatearen alde agertu da.
EH Bildu taldeak hasieratik markau ditu bere oposizinoaren ildoak, uraren eta hondakinen kudeaketaren arloan, batez be. Eztabaidan, Bizkaiko udalerri guztiak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartu beharraren ganean Aldundiagaz dituan desadostasunak erakutsi ditu, “errealidade anitzak dagozalako”, Asier Vegak adierazo dauenez. Aldi berean, HHPI-PIRU izenekoaren luzapenaren kontra agertu dira, eta hondakinei buruzko plan orokor “barria” eregitearen aldeko apustua egitea eskatu dabe, gaur egungoak “porrot” egin dauelako, Zabalgarbiren inguruan egituratuta dagoalako. Aldundiak hori ez dala holan esan dau.
Koalizino abertzaleak eskaerea egin dau, gaikako bilketea errealidade bilakatu daiten Lurralde osoan, udalerriek eredu desbardinak aurrera eroaten baditue be, “atez atekoa, bosgarren edukiontzia edo konpostaje plantak”, besteak beste. Arlo horretan, Aldundiak udalerri bakotxaren errealidadearen aurrean sensibilidadea erakustearen alde agertu da EH Bildu.
BANDALISMO ARAZOA TRAPAGAKO ZUGAZTIETAN
PP taldeari erantzunez, Elena Unzuetak Trapagako Zugaztietan eta inguruan izandako azkeneko ekintza bandalikoak aitatu ditu. Bere berbetan, ekintza horreek “12.013 euroko” triskantzak eragin ditue altzarietan eta instalazinoan eragindakoak kontuan izanda. Gertakari horreen aurrean, diputatu andreak autortu dau holango ekintzak ez dirala salatzen, popularrek eskatu daben moduan, “esperientziak erakusten deuskulako horrek ez dauela ezertarako balio, ezinezkoa dalako kalte horreen eragileak identifiketea”.
Aldundiak adierazo dauenez, bere jarrerea kaltetutakoa konpontzea da, herritarrek Bizkaiko ingurune naturalaz eta aisialdi guneez gozetako eskubidea daukielako, gitxi batzuek kalteak sortzen dituen arren, eta prebentzinoaren arloan lan egitearen alde agertu da. Aldundia, elementu batzuk gehiago ikusten diran lekuetan jartea eta Muskizko Ertzaintzaren komisariagaz dagoan harremana estutzea aztertzen ari da, patruila gehiago bialduta kalteak saihesteko. Ertzaintzaren laguntzari eta leku batzuk ixteari esker, egoerak hobera egin dau, diputatu andreak adierazo dauenez.
PP taldearen eretxiz, barriz, ekintza bandaliko horreek “doban ez izateko” ordua heldu da. Horretarako, eskaerea egin deutso Aldundiari, gertakariak “beti” salatu daizan, urtez urte “behin eta barriro” errepetiduten diralako. Arturo Aldecoa batzordekide popularrak adierazo dauenez, 1999. urtean, daborduko, ekintza bandaliko horreek 124.000 euroko kalteak eragin ebezan Bizkai osoan.