Aurreko Albisteak

Ogasunaren helburuak agintaldi honetarako iruzur fiskalaren kontrako burrukea indartzea eta katastroaren eguneratzeari amaierea emotea izango dira

batzordea

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak zabaldu ditu gaur goizean ikasturte politiko barriko saioak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Berak eskatuta egin dauen agerraldian, bere sailak agintaldi honetarako daukan plana aurkeztu dau. Datozan lau urteetarako marketan diran helburuen artean iruzur fiskalaren kontrako burrukea indartzea eta Bizkaiko katastro balioak eguneratzea dagoz. Azken egiteko hori Lurraldeko udal guztiakaz lankidetzan egingo da.

Iruarrizagak, bere zuzendariek lagunduta, Bizkaiko Batzarretako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen aurrean azpimarratu dau “garai gatxetan” –bere ustetan ekonomiaren hobekuntzea ez dalako enpleguan islatu oraindino– aplikauko diran “ildo orokor” horreen barruan zergadunen segurtasun juridikoa handitzea, aurrekontu publiko “eraginkorra eta jasangarria” prestetea eta politika fiskal “zuzenean, progresiboan eta bidezkoan” aurrera egitea dagozala.

Oposizinoko taldeek galdetuta, Iruarrizagak adierazo dau datozan urteak baliagarriak izango dirala aurreko agintaldian Batzar Nagusietan onetsi zan erreforma fiskala ebaluetako, eta beharrezkoa bada, ikusi daitekezan desfuntzinoen ondoriozko arauzko doikuntzak egin ahal izateko. Berrikuspen hori “ziurtasun eta egonkortasun” eremuaren barruan egingo litzateke, adierazo dauenez.

Bere esku-hartzean, iruzur fiskalaren kontrako burrukea indartzea beharrezkoa dala azpimarratu dau Iruarrizagak. Arlo horretan, plan hori gauzatzeko orduan inplikauta dagozan koordinazino mekanismoak ugaritu egingo dira, eta ikuskatzaile eta azpi-ikuskatzaile lantaldea handitu egingo da. Igaz 8 ikuskatzaile eta beste 8 azpi-ikuskatzaile kontratauko zirala iragarri zan, eta horreei beste 5 ikuskatzaile gehituko jakez, erretireteak dirala eta hutsik geratuko diran lanpostuak beteteko, Iruarrizagak iragarri dauenez.

Arlo horretan, iruzurra hautemateko eta koantifiketako aurreikusita dagozan jarduketen artean kontrolerako tresna barri bat ezartea eta zergadunen Fitxategi Nagusi barria abiaraztea aitatu ditu, herritarrei informazino eta arreta gehiago eskintzeko eta beste tributu administrazino batzuekaz lankidetza estuagoa ezarteko eta baliabide informatikoak hobetzeko.

Katastro barriaren ezarpenari jagokonez, Iruarrizagak 2017. urtea jarri dau epemuga moduan, udalerriek eta zergadunek datorren urtean ixtea gura dan balioen banaketari buruzko ponentzien emaitza euki deien. Lan horreek atzerapenak izan ditue, udalerriek “denpora gehiago” eskatu ebelako.

Foru Administrazinoaren larregizko zorpetzeari buruz galdetuta, Iruarrizagak zorra parametro europarraren barruan dagoala adierazo dau. “Ondo gagoz”, esan dau, zorra BPG-gaz edo gastu mailagaz alderatzen bada. Aldundiko arduradunak datozan urteetako aurrekontuetan “zero zorragaz” jarraitzea aitatu dau helburu gisa.

Lehenengo seihilekoari buruz ezagutu diran datuak ikusita Bizkain diru-bilketa fiskalak izan dauen bilketa txikiagoa dala eta (Bizkain izan dauen hazkundea %2,76koa izan da, Arabakoa %17,21ekoa eta Gipuzkoakoa %10,66koa izan diran bitartean, koalizino abertzaleak adierazo dauenez) EH Bilduri emondako erantzunean, epealdi horretan hiru abagune gertatu dirala azaldu dau Iruarrizagak: 2015eko urtarrilean, 2013ko kanpainako likidazinoak zirala eta itzuli ziran “120 milioi euroak”; Estaduko Ogasunari itzulitako “70 milioiko” beste itzulketa bat, Estaduko Tributu Agentzian ordaindu beharrean bere zergak Bizkain ordaindu ebazan “zergadun bat” zala eta; eta BEZ zergea dala eta Estaduagaz izandako desadostasunak. Ezeztu egin dau alboko lurraldeakaz alderatuta izandako igoera txikiagoa joan dan agintaldian aurrera eroandako erreforma fiskalaren ondorioa danik. Eskaerea egin deutse Batzarretako taldeei, abuztura arteko zerga-bilketearen datuak ezagutu daiezan.

Batzarretako taldeen txandan, Ahal Duguk eta EH Bilduk politika fiskalean aldaketea egitea aldarrikatu daben bitartean “gehien daukienak gehiago ordaindu daien”, talde popularretik galderea egin jako diputatuari, politika fiskala “itxita dagoan kontua” dan ala, ekonomiaren hobekuntzaren ondoriozko diru-bilketaren eta enpleguaren hazkundea dirala eta zergak jaistea planteetan dan erantzun daian. “Erreforma fiskala aztertu eta ikusiko dogu”, erantzun dau Ogasuneko diputatu jaunak.


AHAL DUGU TALDEKO IDAZKARIA

Diputatuaren agerraldiaren aurretik, batzordeak Asun Merinero Bizkaiko Ahal Dugu taldeko ordezkaria aukeratu dau Ekonomia eta Ogasuneko Mahaiko Idazkari. 15 ordezkarietatik aldeko 11 boto jaso ditu. EH Bilduko ordezkariek ez dabe bozketan parte hartu gura izan.