Aurreko Albisteak

Atzerriko turistei jagokenez, inozko abuzturik onena izan dau Gernikako Batzarretxeak

Gernika

Udaroan izandako bisitari-kopuruak barriro be erakutsi dau Gernikako Batzarretxeak daukan erakargarritasuna. Bisitari-kopuruari jagokonez, 2006. urteko abuztuan —ETAren su etena izan zan— baino ez ziran gehiago etorri. Aurtengoan 29.130 bisitari izan ditu Batzarretxeak, hau da, iaz baino 400 pertsona gehiago, eta hori iaz be nabarmen gora egin eta gero. Aurtengo datuetatik beste gauza bat be azpimarratu leiteke: inoiz baino turista atzerritar gehiago izan dira, aintzat hartuta 2003. urtean hasi zala datuon bilketea.

Gernikako Batzarretxearen eremuak, Gernikako Arbolea dagoan lekuak hain zuzen, bataz beste ia-ia mila bisitari izan ditu egunero abuztuan. Bisitarien artetik, %86a Euskal Herritik kanpokoak izan dira. Bertokoei jagokenez, abuztuan etorrikoak (4.127 pertsona) 2006ko abuztuan etorritako 5.544 bisitariak baino gitxiago izan dira.

Zenbakiok argi izten dabe Bizkaira datozanentzako derrigorrezko bihurtu dala Gernikako Batzarretxea eta Arbolea ikusten joatea. Urdaibaiko Bisofera Erreserbearen bihotzean egonik, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza dan Batzarretxera etorri diranak 20.000 eta 30.000 artean kokatu geinkez azken bost urteetako abuztuko datuei erreparatuta: 2009ko abuztuan 23.632 izan ziran; 2010eko abuztuan, 23.702; 2011ko eta 2012ko abuztuan hogeita sei milatik gora (26.501 eta 26.264, hurrenez hurren). 2013ko zenbaketea 24.767 bisitaritan geratu zan. Osteragoko urteetan gora egin dau bisitarien kopuruak, 2014ko abuztuan 28.731 eta 2015eko abuztuan 29.130 (%1,4ko gorakadea). Datu horreek erakusten dabe Batzarrretxea Bizkaiko kultura-turismoko bigarren lekurik bisitatuena dala, Guggenheim Museoaren ostean.

Udaroan beste autonomi erkidego batzuetako eta atzerriko turistak etorten dira batez be Batzarretxera; sasoi honetan turismoa batez be familikoen artekoa izaten dala gogoratu beharra dago. Estaduko beste leku batzuetatik etorten diranen artetik (guztirakoaren %70a dira), kataluiniarrak dira gehienak (6.124). Horreen ostean, valentziarrak (3.438), madrildarrak (3.089) eta andaluziarrak (2.786) dagoz.

Atzerriko turistei jagokenez, Europako herrialde handietatik etorten dira batez be. Guztira 5.014 bisitari izan dira, Batzar Nagusiek datuok jasoten hasi ziranetik kopururik handiena hain zuzen be. 2014an gertatu zan moduan, Batzarretxera guztira etorritako bisitarien artetik %17a atzerritarrak izan dira. Europearren artetik, herena Frantziatik etorri da; frantziarren ostean, italiarrak, alemaniarrak eta ingelesak, hurrenez hurren.

Batzarretxeak daukan erakargarritasunari esker, mila bisitaritik gora izan dira 12 egunetan. Abuztuaren 5ean etorri zan bisitaririk gehien, 1.760 pertsona hain zuzen be. Urtearen amaierarako 100.000 bisitaritik gora izango ditu Batzarretxeak barriro be, turistez gain hainbat eskola-ume joaten dalako Bizkaiko legebatzarraren egoitzan dan batzarretxea ikustera hastear dagoan ikasturtean zehar.