Aurreko Albisteak

Gernikako Batzarretxea itxita egongo da zapatu goizez "Gernika" filmatzeko

cartel

Bilbon, 2015eko ekainaren 3an

Datorren zapatuan, ekainaren 6an, jendearentzako itxita egongo da goizean Gernikako Batzarretxea, Bizkaiko zenbait lekutan dagoaneko filmatzen hasita dagoan GERNIKA filmerako zati bat egin ahal izateko. Koldo Serrak zuzendutako luzemetraiak 1937ko apirilaren 26an Gernikak jasan eban hegazkin naziarren bonbardaketea antzeztuko dau. Batzarretxea zabalik egongo da arratsaldean ohiko ordutegian, eta betiko moduan doan.

Euskadunen ikurrik unibertsalena —Gernikako Arbolea— eta Batzarretxearen inguru hori Lurraldeko bisitatuenetakoa da. Udaroan egunero bataz beste 1000 pertsona joaten dira —%77a Euskal Herritik kanpokoak— eta Guggenheim Museoak baino ez dau gainditzen marka hori. Argi dago GERNIKA filmak zabalkundea emongo deutsana nazinoarte mailan euskal askatasunen eta forutasunaren ikur dan leku horri. Urtero-urtero 100.000 pertsonatik gora izaten dira Arbolearen aurrean argazkia ataraten dabenak.

Koldo Serrak zuzendutako filmak Condor Legioak Gernika bonbardatu eban egun tamalgarri hartara garoaz amodiozko istorioa kontatzeko. Protagonista bien patuak bat egiten dau Gernikan, eta bizi daben abenturea buztartu egiten da ikuskizun-prentsaren joera barriagaz eta burrukan ari diran alde bien arteko propaganda-lehiagaz.

“Time” aldizkariko gerra-korrespontsal izandako George Steer kazetariaren edo argazki-kazetaritzako “aita” izan zan Robert Capa argazkilariaren kasuak iturritzat hartuta, GERNIKA filmaren pertsonaiek balio pertsonalak eta sentimenduak gainditu beharko dabez euren karreratan zein gerra latz horretan aurrera egin ahal izateko.

GERNIKA filma Hollywood-eko American Film Market deritxanean sortu zan eta Carlos Clavijo eta Barney Cohen gidoilarien eskutik dator, Barney Cohen, Carlos Clavijo eta José Albaren jatorrizko istorioan oinarrituta.

Gernikako Batzarretxearen ordutegia
Urteko egun guztietan zabalik (Osoko Batzarrak dagozanean izan ezik)
Udan: 10.00 - 14.00 / 16.00 - 19.00
Neguan: 10.00 - 14.00 / 16.00 - 18.00

Gidatutako bisitak
94 625 11 38
batzar.etxea@bizkaia.eus
www.jjggbizkaia.eus