Aurreko Albisteak

Hurrengo lau urteetan gizonezko eta emakumezkoen kopuru beretsua Batzar Nagusietan

Gernika

Maiatzaren 24an egin diran udal eta foru hauteskundeetatik gizonezko eta emakumezkoen kopuru beretsuak urten dau hurrengo agintaldirako. Podemos daukagu oraingoan EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdiakaz batera. Batzar Nagusiak ekainaren erdialdean eratuko dira, 25 emakumezkok eta 26 gizonezkok osatuta. 31 batzarkide barriak izango dira.

EAJ barriro be Bizkaiko alderdirik indartsuena da. Aurreko agintaldian baino jesarleku bat gehiago izango dau. Guztira 23 jesarleku izango ditu, hurrengoontzako hain zuzen be: Unai Rementeria, Koldo Mediavilla, Zuriñe Argatxa, Jesús Lekerikabeasko, Jane Eyre Urkieta, Alaitz Etxeandia, Ibone Bengoetxea, Jon Andoni Atutxa, Jon Sánchez, Ainara Aretxabaleta, Oscar Arana, María Presa, Aitor Ibarra, Imanol Pradales, Unai Lerma, Irene Edesa, Idoia Inoriza, Celia Gómez, Ana Otadui, Lorea Bilbao, Mikel Bagan, Ana Furundarena eta Janire Bijueska.

EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraituko dau Batzar Nagusietan. 11 jesarleku lortu ditu, 2011 hauteskundeetan baino bat gitxiago. Ordezkariak hurrengook izango dira: Josu Unanue, Arantza Urkaregi, Dabid Lopategi, Raquel Goñi, Asier Vega, Txusa Padrones, Meritxell Elgezabal, Mikel Kormenzana, Zigor Isuskiza, Onintze Oleaga eta Joseba Gezuruaga.

PSE-EE alderdia hirugarren indarra izango da, nahiz eta jesarleku bi galdu. Taldearen ordezkariak hurrengook izango dira: Carlos Totorika, Begoña Gil, Joaquín Colmenero, Alexia Castelo, Iñaki Jerónimo, Marimar Rodríguez eta Juan Otermin.

Beste alde batetik, Podemos alderdia Bizkaiko Batzar Nagusietan izango da lehenengoz, eta laugarren indarra izango da, sei jesarleku lortu ditue-ta. Jesarlekuoetan izango dira Asun Merinero, Mikel Isasi, Josean Elguezabal, Nuria Atienza, Neskutz Rodríguez eta Elsa Pamparacuatro.

Azkenik, PP alderdiak lau jesarleku lortu ditu, erdia IX. agintaldiaren aldean. Batzarkideak Javier Ruiz, Jesús Isasi, Arturo Aldecoa eta Eduardo Andrés izango dira.


BATZAR NAGUSI BARRIAK

Hauteskundeen ostean, Batzar Iraunkorreko Lehendakariak, Ana Madariaga andreak, eraketa batzar horretarako deia egingo dau batzarkide barrien artetik heren batek jagoken agiria aurkezten dabenean. Batzar Nagusien Araudiak ezarritakoari jarraituta, deia egin eta zazpi eguneko epean egin behar da Batzar Nagusi hori, eta edozelan be hauteskudearen osteko hilabeteko epearen barruan,. Beraz, beranduenez be ekainaren 24an izango litzateke.

Eraketa batzar horretan ondorengo lau urteetarako Batzar Nagusietako Lehendakaria hautatuko da, baita lehendakariorde biak eta idazkari biak be, eta boston artean Batzar Nagusien lehenengo jardute-saila osatuko dabe, Mahaia hain zuzen be. Aurrerantzean egin daitezan Osoko Batzarrak amaitu barri dan agintaldiko azken Batzar Nagusian ahobatez onartutako Araudi barriaren arabera zuzenduko dira.

Hasierako batzar horretan bertan Lehendakari hautatu barriak eratutakotzat joko ditu Batzar Nagusiak eta horren barri emongo deutso oraindik jardunean dan Ahaldun Nagusiari. Era berean, hurrengo Batzar Nagusirako deia egingo dau, hogei eguneko epearen barruan egin beharko dana, lau hauteskunde barrutietatik (Bilbo, Enkarterria, Busturia-Uribe eta Durango-Arratia) hautatutako 51 batzarkideen artetik Foru Aldundiaren buru nor izango dan hautatzeko.

Hurrengo agintaldia barrikuntzakaz hasiko da. Lehenegoz hasiko da ETAren mehatxu barik, talde terroristak jarduera armatuari uko egingo eutsala agintaldia hasita iragarri ebalako. Eta aurpegi barri asko izango dira be, ohi dan lez. Gauza jakina da Batzar Nagusietako Lehendakariak, Ana Madariagak, eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, José Luis Bilbaok, ez dabela jarraituko azken hamabi urteotan egon diran lekuetan, hurrenez hurren Bizkaiko Legebatzarraren eta Exekutiboaren buru izaten hain zuzen be.