Aurreko Albisteak

Batzar Nagusien X. agintaldiaren atarian

Batzar Nagusiak ateak erdi zabalik dabilz lanean martiaren 31z geroztik. Egun horretan ezabatu ziran Batzar Nagusiak, hauteskunde-prozesu barriari dekretu bidez hasierea emon jakon-eta. Ordutik aurrera, Batzar Iraunkorrak daroa erakundearen jarduerearen ardurea, harik eta Batzar Nagusi barriak eratu arte. Maiatzaren 24an egingo diran udal eta foru hauteskundeen ostean barriro ekingo deutsie agintaldiari, oraingoan X. agintaldia izango danari, Gernikan egingo dan Batzar Nagusien eraketarako Batzar Nagusiagaz, ekainaren erdialdean edo.

Hauteskundeen ostean, Batzar Iraunkorreko Lehendakariak, Ana Madariaga andreak, eraketa batzar horretarako deia egingo dau batzarkide barrien artetik heren batek jagoken agiria aurkezten dabenean. Batzar Nagusien Araudiak ezarritakoari jarraituta, deia egin eta zazpi eguneko epean egin behar da Batzar Nagusi hori, eta edozelan be hauteskudearen osteko hilabeteko epearen barruan,. Beraz, beranduenez be ekainaren 24an izango litzateke.

Eraketa batzar horretan ondorengo lau urteetarako Batzar Nagusietako Lehendakaria hautatuko da, baita lehendakariorde biak eta idazkari biak be, eta boston artean Batzar Nagusien lehenengo jardute-saila osatuko dabe, Mahaia hain zuzen be. Aurrerantzean egin daitezan Osoko Batzarrak amaitu barri dan agintaldiko azken Batzar Nagusian ahobatez onartutako Araudi barriaren arabera zuzenduko dira.

Hasierako batzar horretan bertan Lehendakari hautatu barriak eratutakotzat joko ditu Batzar Nagusiak eta horren barri emongo deutso oraindik jardunean dan Ahaldun Nagusiari. Era berean, hurrengo Batzar Nagusirako deia egingo dau, hogei eguneko epearen barruan egin beharko dana, lau hauteskunde barrutietatik (Bilbo, Enkarterria, Busturia-Uribe eta Durango-Arratia) hautatutako 51 batzarkideen artetik Foru Aldundiaren buru nor izango dan hautatzeko.

Hurrengo agintaldia barrikuntzakaz hasiko da. Lehenegoz hasiko da ETAren mehatxu barik, talde terroristak jarduera armatuari uko egingo eutsala agintaldia hasita iragarri ebalako. Eta aurpegi barri asko izango dira be, ohi dan lez. Gauza jakina da Batzar Nagusietako Lehendakariak, Ana Madariagak, eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, José Luis Bilbaok, ez dabela jarraituko azken hamabi urteotan egon diran lekuetan, hurrenez hurren Bizkaiko Legebatzarraren eta Exekutiboaren buru izaten hain zuzen be.


BEDERATZIGARREN AGINTALDIAREN BALANTZEA

Amaitzear dagoan agintaldiaren datuek ondo argi izten dabe azken lau urteotan Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako lana. Guztira 3.623 ekimen gauzatu dira, 631 saiotan banatuta.

Aurreragoko agintaldian 49 Osoko Batzar egin baziran be, 2011-2015 agintaldian 54 egin dira, gehienak Gernikako Batzarretxean eta gitxi batzuk Abellanedakoan eta Gerediagakoan.

José Luis Bilbao Ahaldun Nagusiaren ardurapeko Aldundiaren ganean jarraipen zehatz-zehatza egin dabe batzarkide-taldeek. Lau batzarkide-talde izan dira oraingoan Batzar Nagusietan (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Socialistas Vascos eta Bizkaiko Talde Popularra) eta 95 itaun, 142 Osokorako erantzun-eske, 352 batzorderatze-eske, 699 idatzizko erantzun-eske eta 1.527 agiri/argipide-eskari aurkeztu ditue guztira.

Horreez ganera, 23 arau-proposamen eta 635 arauz besteko proposamen aurkeztu dira Batzar Nagusietan, taldeok aurkeztu dabezanak, bardin 54 Osoko Batzarretako zein 316 batzorde arruntetako bileretan eztabaidatu eta bozkatzeko. Azken horreei jagokenez, 99 saio egin ditu Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak (EAJko Jon Andoni Atutxa batzordeburu izan dauena), eta 75 Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak (PPko Gonzalo Zorrilla-Lequerica batzordeburu izan dauena). Beste alde batetik, Ana Madariagaren agindupeko Batzar Nagusietako Mahaia 194 bider batzartu da —aurreko agintaldian baino 40 bider gehiagotan— eta Taldeburu-Batzarra 56 bider.