Aurreko Albisteak

Deiadar-Mendien eguna ekainaren 7an, domekan, ospatuko da Gorbeian

Bizkaiko Batzar Nagusiek beste behin antolatu dabe kirol jardunaldi berezi-berezia. Gernikan egiten ziran batzarretarako adar hotsa barriro be entzungo dabe datorren ekainaren 7an, domekan, Deiadar-Mendien egunean parte hartuko daben mendizale guztiek. Gorbeian izango da aurten, eta horregaz batera Ganekogorta, Kolitza, Sollube eta Oiz dira bost Deiadar-Mendiak, antxina mendion tontorretatik adar hotsagaz egiten zan-eta Gernikako Batzar Nagusirako deia.

Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zala-ta 2004. urtean hasitako ohitureari eutsi eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aurton be “Deiadar-Mendien igoerea” antolatu dabe, Bizkaiko bost mendi-talderen laguntzagaz: Balmaseda Mendi Taldea, Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Igoerea Pagomakurretik abiatuko da goizeko 9:00etan, eguerdiko 12:00etan deiadarra joteko Gorbeiaren tontorrean, 6 kilometroko igoerea egin ondoren.

Bizkaiko antxinako ohitureari eutsi eta beren beregi ekitaldiotarako egindako adarra joko da. Adar hori urterik urte deiadar mendietako baten joten da, eta aurtengoan Gorbeiaren tontorrean entzungo da adarrotsa. Hori eta gero, mendizaleek Arrabako aterpearen ondoan prestatutako jai-ingurura jeitsiko dira, musika, bertsolari, euskal dantza eta jan-edateko zerbaitez gozatzeko. Lemoako Ganzabal medizale-taldeak dauka aurten antolaketearen ardurea, eta Balmaseda Mendi Taldeari emongo deutso txandea, antolatzen hasi daiten 2016. urtean Kolitzara egin beharreko igoerea. Horretara, bada, deiadar-mendietarako igoeren zikloagaz jarraituko da.

Deiadar-Mendien ekitaldia ibilbide klasiko bihurtu da Bizkaiko mendizaleentzat eta euskal tradizinoen zaleentzat. Ihaz ehundaka pertsona batu ziran Ganekogorta mendian, Bizkaiko Batzar Nagusien deiari erantzunez, antxina Gernikara, Aretxaren gereizpera, bizkaitarren arazoez eztabaidatu eta erabagitzeko joaten ziran bizkaitarren ordezkariei egiten jaken deikerea gogoratzeko.