Aurreko Albisteak

Kultur ibilbidea, Enkartarriko ontzi munduan sakontzeko

Abellaneda

Bilbon, 2015eko apirilaren 9an

Enkarterrietako Museoak (Bizkaiko Batzar Nagusiena den antzinako Abellanedako Batzarretxean dago) “In Insula Maris. Enkarterriko ontzi mundua: Portugalete eta Somorrostroko Harana” erakusketarekin lotutako jarduerak antolatu ditu apiril honetarako. Bizkaiko Batzar Nagusiena den Museo horrek, bada, Pobeña auzoan (Muskiz) zeharko ibilbide kulturala, eta erakusketa ikusteko bisitari gidatua antolatu ditu. Erakusketak antzinako Somorrostroko Haranean (Portugaleten, Santurtzin, Muskizen, Zierbenan, Sestaon, Barakaldon…) Erdi Arotik XIX. mendearen hasierara arte itsasgintzak izan zuen garrantzia ezagutarazten jarraitu nahi du.


LARUNBATA, apirilak 25

Pobeña auzoan (Muskiz) zeharko ibilbide kulturala. Goizeko 10:00etan abiatuko da Enkarterrietako Museotik, eta behin In Insula Maris erakusketa ikusi ondoren, Pobeñara joko da, itsasertzeko herrixka horretan zeharko bisitaldia egiteko. Mendeetan zehar itsasgintzarekin lotutako familiek (Quadra, Llano, Bodega, Manzanal…) lortutako aberastasunetik eratorritako eraikin ederrak ikusteko aukera egongo da, baita XVIII. mendean Pobeñan jaiotako marinel ospetsu batzuk ezagutzeko aukera ere.

Bisitaldian zehar ikusi ahal izango dira Pobeñako jauregi-torrea, Pedro de la Quadra jaunak eraikitako (1750) San Nikolas eliza, Álvarez de la Bodega familiaren 1746. urteko etxea, Juan Francisco de la Bodega-Quadra jaunaren monumentua eta Pedro de Llano Itsas Postalaritzaren kapitainak eraikitako (1762) Sokorruaren ermita.

Hitzordua Enkarterrietako Museoan eta Pobeñarainoko bidaia autobusez egingo da, baita itzulera ere. Jarduera guztia (autobusa barne) doan da. Gehienez ere 50 pertsonarentzako denez jarduera, izena eman beharra dago aldezaurretik (e-maila: enkarterrimuseoa@bizkaia.eus; tfnoak: 946504488 / 946104815)

IGANDEA, apirilak 26

12:00. In Insula Maris erakusketaren (Enkarterrietako Museoan dago) gidatutako bisitaldia, Enkartur-ek antolatutako Enkarterriaren ateak irekita egitarauaren barruan.