Aurreko Albisteak

Bostehun pertsona inguruk egin eutsen aurre eguraldi txarrari Gorbeiara igoteko.

Mendizaleen ohorezko aurreskua tontorrean.

Mendizaleen ohorezko aurreskua tontorrean.

Eguraldi txarra —hotza, euria eta behelaino zarratua— ez zan oztopo izan Gorbeiaren tontorrera igon nahi izan eben bostehun mendizale ingururentzat Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004. urteaz geroztik antolatzen daben zazpigarren mendi-ibilbidean parte hartzeko. Ibilbideok urtean behin izaten dira, Bizkaiko bost deiadar-mendietako batera bakotxean: Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz eta Genekogorta.

Mendi ibilbidea Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu eben Balmaseda Mendi Taldea, Gailurra, Ganzabal, Sollube 707 eta Alpino Tabira mendizale-alkarteekin batera. Aurtengoan, Egiriñaotik abiatu zan goizeko 10etan eta 11ak ingururako tontorrera heldu eta adarra jo zan kurutzearen ondoan, Ertaroko ohituren araberako Batzar Nagusirako deia egiteko.

Tontorrean egozala, Ganzabal mendizale-alkarteko ordezkariak Balmaseda Mendi Taldeko ordezkariari emon eutsan deia egiteko erabilitako adarra, Kolitza mendira datorren urteko mendi-ibilaldiaren antolatzaile izango dira-ta. Batzar Nagusien ordezkariak be izan ziran bertan, esaterako Jon Andoni Atutxa bigarren lehenkariordea eta Alex Bidezabal, José Ferrera eta Francisco Valdelande batzarkideak.

Adarra jo eta ohorezko aurreskua eta gero, parte hartzaileek beherantzako bidea hartu eben Egiriñaorantz, eta bertan erromeria izan zan eta guztientzako oparitxoaren banaketea egin zan.