Batzarretako taldeek hitzordua jarri dabe hurrengo legealdirako, foru goi karguen zesantiak kentzeko
Iraskunde-Batzordea
Legealdi honetako Bizkaiko Batzarraren azkenengo saioak ez dau onartu diputatuen, foru goi kargudunen eta zuzendarien zesantiak eta bizi eta istripu aseguruak arautzen dituan foru araudiaren aldaketea. Alde batetik, Iraskunde batzordeak ez dau onartu EH Bilduk kargu horreen bizi eta istripu aseguruek “beharginenak” daukiezan “baldintza berberak” izan daiezan egin dauen eskaerea. Eta beste alde batetik, beste arau ekimen bat be ez da onartu, oraingo honetan PP taldearena, “zesantiak kentzea” eskatzen ebana, horren ordez ezelango alternatibarik eskini barik. Edozelan be, batzarretako taldeek hitzordua jarri dabe, datorren legealdian arautegia aldatzeko. Proposamen biak “hilda” heldu dira –taldeek onartu dabenez– batzarretako jarduerea gaur amaitu dalako.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek proposamenak aurkeztu dituen taldeei proposamena egin deutsee, eztabaida hori datorren legealdiaren hasierara eroateko, Bizkaiko foru administrazinoan beharrean dabilzan bitartean foru goi karguen zesantiak kenduko dituen, eta hareen ordez langabeziarengaitiko kotizazinoa sartuko dauen proposamenagaz. Jon Andoni Atutxa jeltzaleak eta Iñaki Egaña sozialisteak gogoratu dabenez, Aldundiko arduradunek Gobernuan egindako laneko zikloa amaitzean jasoten dituen ordainketa horreek, langabezia kobretako egoan ezintasunaren ondorioz sortu ziran.
“EAJ-PNV-ren borondatea foru diputatuek eta karguek ez deiela langabeziarako kotizazinoko egun gehiago galdu eta ganerakoen eskubide berberak izatea da, foru kutxarako hori garestiago bada be”, esan dau Atutxak. PP-k aurkeztutako ekimenak aurrera egin izan baleu, “ez zesantiarik ezta langabeziarik barik itxiko geunkez”, Egañak esan dauenez. Aldi berean, guzurtau egin dau kopuru horreek “pribilegioa” diranik.
EH Bildu eta PP taldeek kexea agertu dabe, euren proposamen biak legealdiko azkenengo batzordean landu diralako, batzarretako prozedureagaz jarraitzeko aukerarik ez dagoan unean.
Zesantien kasuan, koalizino abertzalea ados agertu da datorren legealdiaren hasieran eztabaidea zabaltzeaz, Batzarretako (batzarkideak) eta Aldundiko (foru diputatuak) kideen aseguruak parekatzeko, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako ordezkariek proponidu daben moduan, baina ez dau bat egin PP-k goi karguen kalte-ordainak handitzeko daukan ideagaz, kargudun horreek “erantzukizun maila altuagoa” daukielako.
Diputatuen bizi eta istripu aseguruak ordaintzeko sortutako gastuei jagokenez, barriro be EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako kideak bat etorri dira aldaketak proponidu behar dituenak Batzar Nagusietako organuak dirala defendiduteko orduan, Batzarretako eta Aldundiko kideen aseguruen primak parekatzeko. Iñaki Egaña bozeroale sozialistak adierazo dauen moduan, Bizkaiko Batzarrak batzarkide bakotxarengaitik ordaintzen dauen primea be bertako beharginengaitik ordaintzen dana baino “altuagoa” da.
Azkenean, Aldundiak, Aldundiko kideentzat eta goi karguentzat Aldundiko “ganerako beharginentzat kontratetan dituan aseguruen baldintza berberak” izango dituen bizi eta istripu aseguruak kontratau daizan 3/1987 Foru Arauaren 5. Xedapen Gehigarriaren idazketa barria bilatzen eban EH Bilduren arauzko ekimena ez da onartu, aldeko 3 boto (EH Bildu), kontrako 8 (EAJ-PNV eta PP) eta abstentzino 2 (PSE-EE) jaso ditualako.
Bizkaiko Foru Aldundiko, Soziedade Publikoetako eta Foru Administrazinoaren esku dagozan Zuzenbide Pribaduko beste Erakunde Publikoetako goi kargudunentzat, hareek euren karguak ixten dituenean, aurreikusita dagozan kalte-ordainak kendu daitezan eskatzen eban PP-ren Foru Arau Proposamena be ez da onartu. Aldeko 5 boto izan ditu (PP eta EH Bildu), kontrako 6 (EAJ-PNV) eta abstentzino 2 (PSE-EE).
CERCA DE VILLAÑO IZENEKOAREN DEFENTSEA
Batzordeak ez dau onartu PP taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat, Aldundiko Gobernuari eskaerea egiteko, “beharrezkoak diran negoziazino eta jarduketa juridiko eta administratibo guztiak egin daizan, La Cerca de Villaño izeneko eremuaren, Bizkaiko lurralde forudun izaerea defendiduteko”. Batzarretako talde popularraren ekimena ez da onartu, EAJ-PNV-ko kideak kontra agertu diralako eta Batzordeko beste talde biak (EH Bildu eta PSE-EE) abstenidu egin diralako.
Arturo Aldecoaren (PP) eretxiz, Burgosko San Martín de Losa herrian dagoan eta Bizkaikoa dan lurralde horren inguruko udalerriei “argi itxi” behar jake La Cercaren 10 hektarea inguru dituan lur horren lurraldetasuna. EDINSAren Gida ofizialak Urduñako udalerriaren parte dan Bizkaiko lur moduan jasoten dau daborduko.
EAJ-PNV-ren eretxiz, inork ez dau zalantzan jarri “inor bizi ez dan” leku horren “bizkaitartasuna”. “Behar bada gatazkea sortuko dogu holangorik ez dagoan lekuan”, esan dau Nerea Ahedo jeltzaleak. Batzarretan gai hori landu orduko, EH Bildu eta PSE-EE taldeek eskaerea egin dabe, Urduñan alkarrizketea zabaldu daiten inplikautako aldeen artean.
ALDUNDIAREN WEBGUNEKO “AGENDEA” ATALAREN EGUNERATZEA
Legealdiko azkenengo bozketeak aho batez onartu dau PP-k aurkeztutako arauz besteko proposamena, Aldundiari eskaerea egiteko, www.bizkaia.eus foru webgunean agertzen dan agendearen “etenbako eguneratzea” egin daian.
EH BILDUREN “ZITALKERIA”
Azkenengo batzordean Aldundiaren eta oposizinoaren, oraingo honetan EH Bilduren, arteko azkenengo gatazkea bizi izan da, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren ustezko bateraezintasun kasua dala eta. Koalizino abertzaleak Ahaldun Nagusiaren eta Lehendakaritzako eta Ogasuneko foru diputatuen presazko agerraldia eskatuta eukan, Iruarrizagaren “balizko bateraezintasunak” azaltzeko, kargu publikoa izan dan bitartean hainbat enpresatan partaidetzea izan dauelako.
Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak itauna egin deutso Aldundiko ordezkari gorenari, Iruarrizagak Urazcako ordezkari moduan beteten eban postuari buruz, 2003an Aldundian, Ogasun eta Finantzetako sailaren arduradun moduan, beharrean hasi eta hilebeteetara, eta baita azkenengo hamabi urteetan Igurko Gestión enpresagaz izan dauen loturaren ganean be. Ezker abertzaleko ordezkariak egoera hori bateraezintasun kasu “argia eta garbia” dala esan dau. Bere esanetan, Aldundiak enpresa horreei emondako milioi askoko kontratuetan interes publikoak eta pribaduak nahasten diran “adibide nabarmena” da, eta horrek “zalantzak” sortzen ditu.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak berak lagunduta, José Luis Bilbaok esan dau Iruarrizagak “ez dauela ezelango bateraezintasunik ezta irregulartasunik izan”, eta berak ez dauela, bere ustez “benetako zitalkeria pertsonala” danaren “bozgorailu” bilakatu gura.
Iruarrizagak Administrazinoan eta enpresan aldi berean karguak izana “nahastea” “fede txarrez” egindako gauzea dala esan dau Ahaldun Nagusiak, eta hori ezker abertzaleak “ordaindu egin beharko dauela” herritarren aurrean hilebete eta erdi barru, datozan udal eta foru hauteskundeetan. Bilbaok esan dauenez, Iruarrizaga Bizkaiko Ogasunaren buru moduan egin dauen ibilpidea “garbia eta atxakiabakoa” da, “ez dauelako diputatuarena ez dan bestelako jarduerarik egin eta bere diru-sarrera bakarra Ogasuneko arduradun moduan izan dauen soldatea izan dalako”.
Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez, izendapena jaso eban egun berean –2003ko uztailaren 1ean– Iruarrizagak Urazca taldean “beste batzuen konturako behargin moduan” beteten eban lekua itxi eban, eta guzurtau egin dau “bazkide, administratzaile edo jaube” zanik. Ogasuneko diputatuak, Aldundian bere kargua eskuratu eta hilebete batzuk geroago enpresa horretan ahalgoak eukazan pertsona moduan agertu izanaren “arduradun bakarra Urazca da”. Bilbaok esan dauenez, merkataritza erregistroaren araudiak berak holan erakusten dau. “Izapide hori ezin dau beharginak egin, izapide hori enpreseak egin behar dau”.
EH Bilduk salatu dauen moduan, Iruarrizaga, Igurko enpresako sinadura mankomunatu batean agertzeari jagokonez, Bilbaok sinadura horrek “ez dauela eraginkortasunik” esan dau, merkataritza erregistroan ikusi daikenez, aldeetako bat hilda egoalako. Bilbaoren esanetan, “guzur bi” horreetan oinarrituta, EH Bilduk diskurtso politiko “antojugarria” eregi dau.
Batzarretako ganerako taldeak Ahaldun Nagusiak defendidutako tesiaren alde jarri dira, eta José Luis Bilbaok geroago “bihotzez” eskertu dau jarrera hori. Ahaldun Nagusiaren esanetan, talde horreetako bozeroaleek (Isasik eta Egañak) “zintzotasun intelektuala” erakutsi dabe, hauteskundeetarako aste gitxi baino falta ez diran honetan.
“Aurkeztu dituen datuak ez dirala zorrotzak izan uste dogu”, esan dau Jesús Isasi bozeroale popularrak, eta koalizino abertzaleari epaitegietara joateko gonbitea egin deutso “errazoi barik pertsonen kontra jo beharrean”. Iñaki Egaña bozeroale sozialistarentzat, EH Bilduk, “inori mesederik egiten ez deutsan susmoa zabaldu dau. Hau ez da komenigarritasun publiko-pribadu kasua”, esan dau, baina eskaerea egin dau, bateraezintasunei jagokezan kontroleko mekanismoak hobetzeko.
“Guzurrak, ikuskizuna, herritarrei egindako ahozko iruzurra...” Lorea Bilbao bozeroale jeltzalearentzat “ez da bidezkoa ezelango zorroztasunik, daturik, ez daukan ikuskizun lotsagarri hori jasan behar izatea”, esan dau. Bere eretxiz, EH Bilduren salaketen asmoa “errealidadea zikintzea da, eraikuntzarako proposamenik egin barik” eta horren atzean “interes mediatikoa eta partidistea” baino ez dago.