Aurreko Albisteak

Ariztondok esan dauenez, Guggenheim Fundazinoari egiten jakon ordainketearen igoerearen errazoiak inflazinoa eta Bilboko Museoak jasoko dituan zerbitzuen hobekuntzea dira

batzordea

Bilbon, 2015eko martiaren 26an.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputatu andrea Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskerako batzordearen aurrean agertu da gaur, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak New Yorkeko Salomon R. Guggenheim Foundation izenekoagaz sinatu daben hitzarmen barria azaltzeko. Batzarretako PP taldeko kideek eskaerea egin dabe, Guggenheim Bilbao Museoari eskintzen deutsazan zerbitzuengaitik Estatu Batuetako fundazinoari urtero emoten jakon kopurua 2,4 milioi dolarretara igotzea eragin daben zergaitien barri jasotzeko. Josune Ariztondok esan dauenez, iraganean entregautako kopuruak ezin dira gaur egungoakaz alderatu, inflazinoa dala eta, “1991tik %91 handitu da inflazinoa”. Ganera, akordio horren barruan, Fundazinoak zerbitzu barriak eskiniko ditu.

Josune Ariztondok zehaztu dauenez, 1997-2014 epealdirako sinatu zan aurreko hitzarmenean, Guggenheim Fundazinoari 31.822.646 dolar ordaintzea erabagi zan, eta orain adostu dan zenbatekoa 48 milioi dolarrekoa da 2015-2034 epealdirako, hau da, 2,4 milioi urtean. Kulturako diputatuak adierazo dauenez, fundazinoak eskintzen dituan zerbitzuak dolarretan ordaindu dira beti. Abagunearen arabera “hori batzuetan mesedegarria da eta beste batzuetan, barriz, kaltegarria”.

Arturo Aldecoak, Bizkaiko Talde Popularrak batzordean daukan bozeroaleak, akordioa “ona” dala esan dau, baina barriro errepikau dau “gehiago ordaintzen badogu, horren ordez gehiago jaso behar dogula, horreen artean benetako gertakari kulturalak izango diran erakusketak”. Ariztondok esan dau Fundazinoak eskiniko dituan zerbitzu barrien artean, Bilbori lagatako artelanen aseguruen ordainketea dagoala, eta alde biek urtero barrikusiko dabela akordioa. Puntu horretan, Lorea Bilbao EAJ-PNV-ko bozeroaleak euskal erakundeek “etekinik hoberena aterako deutsiela akordioari” esan dau.

Batzordeak, Salomon R. Guggenheim Foundation izenekoan Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkari moduan Jon Azua izendatzea be eztabaidatu dau. Kulturako diputatu andreak esan dauenez, Azua “pertsona egokiena da, Guggenheim Bilbao Museoa eta Ameriketako fundazinoa ondo ezagutzen ditualako”. Ganera, “Jon Azuaren presentzia ezinbestekoa” dala esan dau, New Yorkeko erakundeagaz harremanak izateko daukan gaitasuna dala eta.

Jon Azuari jagokonez, “bape positiboak ez diran haren erreferentziak daukiezala” esan dau Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak. Batzordekideak kritikau egin dau hautagai bat proponiduteko orduan euskal kultur eragileen eretxia kontuan hartu ez izana. Horri jagokonez, EAJ-PNV-ko Lorea Bilbaok, izendapena, herritarrek modu demokratikoan aukeratu dituen Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako kargudunek egin dabela esan dau, eta Jon Azua “hautagairik onena” dala adierazo dau.


ANTXUSTEGI ARRAIN ONTZIA

Gaurko batzordearen parte handia, horren jaube zan familiak Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoari laga eutsan eta gaur egun bertako kai lehorrean dagoan Antxustegi arrantza ontziaren egoereari buruz eztabaidatzen bete da. Asier Sanz EH Bilduko batzordekideak itsasontzi “berreskuragarria” dala, eta gaur egun daukan egoera eskasa, Museoak “alperrik galtzen itxi dauelako” etorri dala esan dau. Museoak bere pieza guztiak “zaindu egin behar dituala” gogoratu dau.

EH Bilduko batzordeko taldeak uste dau ez dala egia 1,5 milioi euro inbertitu diranik ‘Antxustegi’ itsasontzian, eta batzordeko ganerako kideei dokumentu bat emon deutse. Bertan itsasontzira zuzendutako gastuak zehazten dira, eta gastu horreek 312.000 eurokoak dira. Kulturako diputatu andreak argitu dauenez, EH Bilduk aitatu dituan 1,5 milioi euroetan, itsasontziaren mantentze-lanetatik haraindi doazan hainbat jarduketa batzen dira, kaia itsasontzia jasotzeko egokitzea eta itsasontzia Bilboraino ekartea, beste batzuen artean.

‘Antxustegi’ itsasontziaren egoerari jagokonez, Kulturako diputatuak, 2014ko irailean Eusko Jaurlaritzari bialdu jakon Tecnalia Korporazinoak itsasontziari buruz egindako txostenera jo dau. Azterlan horretan adierazoten da itsasontzia “aurri egoeran dagoala, beste batzuentzat arriskua sortuz”, eta bere egoereak “berreskuratzeko bideragarritasun falta nabarmena” erakusten dauela. Horri jagokonez, Ariztondok esan dau itsasontzia barriztetako beharrezkoa izango litzatekela kroskoa eta ontziganea oso-osorik aldatezea eta barruko egituraren %80 barriztatzea.

EH Bilduko Asier Sanzek barriro esan dau Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoari laga jakonean egoera ezin hobean egoala itsasontzia, eta “bere jatorrizko tipologia kontserbetan ebalako” zala interesgarria museoarentzat. Sanzek indarrez esan dau “Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoa txatartegia dala, pena emoten dauela benetan”. Horren ostean, Josée Luis Uriarte bela-ontzia aitatu dau. “Oso erraz berreskuratzeko modukoa izan arren, ez da ezer egiten”. Sanzek eskaria egin dau: “museoaren kudeaketeari buelta bat emon behar jako, eta bertan dagozan itsasontzien kontserbazinoa hobetu”. Horrez gain, itsasontzietan adituak diranek txosten barria egin daien eskatu dau, ‘Antxustegi’ itsasontzia berreskuratu daitekean ala ez jakiteko.

Beste alde batetik, Kultura eta Euskerako batzordeak ez dau onartu EH Bilduk egin dauen proposamen bat, emakumeak kirolean daukan partaidetzea bultzatzera zuzentzen dituan diru-laguntzen deialdietan Aldundiak “lehentasun berezia emon deien zuzendaritza taldeak guztiz emakumez osatuta dituen” kirol taldeei, eta talde horreek “puntuazino altuenak jaso daiezan”. Arauz besteko proposamena ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Bizkaiko Talde Popularrak kontrako botoa emon dabelako. EH Bilduko hiru batzordekideek eta Socialistas Vascos taldeko biek aldeko botoa emon dabe.

Aldeko botoa emon dauen arren, Dulcina Pereiro PSE-ko batzordekideak zehaztu dau diru-laguntzak “klubek egiten daben jarduera” kontuan izanda emon behar dirala, batez be, baina proposamenaren alde agertu da, emakumeak kirolean dauen partaidetzea bultzatuko daben neurrien alde dagoalako. EAJ-PNV eta PP bat etorri dira esatean ez dagozala ados “zuzendaritza taldeak guztiz emakumez osatuta egoteari buruzko” aitamen horregaz, eta, arlo guztietan, erantzukizuneko postuetako ordezkaritzea gizonen eta emakumeen artean proportzinozkoa izatearen alde agertu dira. Batzordeko Euzko Abertzaleak taldeak proposamena “legearen kontrakoa dala” esan dau, “legeak sexuen ordezkaritza orekatuaren aldeko apustua egiten dauelako”.


ZUGAZTIETAKO ELLACURIA ETXEA

Batzordeak PP-k aurkeztu dauen Arauz besteko beste proposamen bat onartu dau, Batzar Nagusiek agindua emon deioen Bizkaiko Foru Aldundiari, Zugaztietako Moltso Monumentalean (Trapaga) dagoan eta une honetan oso kontserbazino egoera txarra daukan ‘Ellacuria Etxea’ etorkizunean eskuratzeko aukerea aztertu daian. PP-ko Ignacio Aldecoak adierazo dauenez, helburua eraikin horrek –Bizkaiko lehenengo behargin-ekonomatoa izan zanak– gizarte eta kultura arloko espazioak eta zerbitzuak jasotea da, herritar guztien mesederako.

Ana Esther Furundarena EAJ-PNV-ko batzordekideak gogoratu dauenez, eraikinaren jaubetza zehaztu barik dago, eta une honetan prozesu judiziala dago gai horren inguruan. Bere eretxiz, komenigarria izango litzateke gai hori jaubetza argitu eta gero aztertzea. Arturo Aldecoa, barriz, azterlana “orain” egitearen alde agertu da, kasua epaitegietan argitzen danean jaubeak eraikina beste edozein erabilerara bideratu daikealako. Proposamena onartu egin da, talde guztien aldeko botoagaz.

Zugaztietatik urten barik, EH Bilduren arauz besteko beste proposamen bat be onartu dau batzordeak, Batzar Nagusiek eskaerea egin deioen Aldundiari, Trapagako auzo horretako Aterpetxeko kirol kantxaren argiztapena bermatzeko hartu beharreko neurriak hartu daizan, aterpetxearen jaubea Aldundia dala kontuan izanda. Proposamena, kantxa herriko biztanleek be erabilten daben arren, argiztapena aterpetxetik bertatik kontroletan dalako sortu da. Holan, aterpetxea itxita dagoan egunetan ezinezkoa da kirol barruti horretan argirik izatea.

Talde guztiek proposamenaren aldeko botoa emon dabe, PP-k izan ezik, bere eretxiz Trapagako Udala izan behar dalako kantxa horretan beti argia egotea Aldundiari eskatu behar deutsana.