Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek agindua emon deutsie Aldundiari, Edesako instalazinoen jaubeen aurrean "bitartekaritza" lanak egin daizan, kostu "altuen" arazoari konponbidea aurkitzeko

batzordea

Bilbon, 2015eko martiaren 26ean.

Arauz Besteko sei Proposamen eztabaidatu dira gaur Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean. Horreen artean, batzarretako taldeek aho batez onartu dabe Aldundiari eskaerea egitea, “aurrera eroan beharreko ekintza guztiak” aurrera eroan daizan, Edesako lantegiaren jaubeak diran banketxe hartzekodunakaz bitartekaritza lanak egiteko, instalazinoen kostu “altuentzako” konponbidea aurkitzeko.

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean gaur azaldu dabenez, CATAk termoen ekoizpena gaur egun “42” behargin dituan Basauritik Gipuzkoara eroateko adierazo dituan errazioen artean, lantegia dagoan pabilioiak berak sortutako “kostu altuak” dagoz. Hori dala eta, Batzarretako talde guztiak bat etorri dira PSE-gaz, Arauz Besteko Proposamena aurkeztu dauen taldeagaz, Aldundiak higiezinaren jaubeen aurrean “bitartekaritzako ahalegina” egin behar dauela esatean, erabilera hori bermatzeko eta jarduera Bizkaitik kanpora eroatea saihesteko. Josu Arteta jeltzaleak adierazo dauenez, Aldundiak ahaleginak egiten baditu be, benetan behar dana, inplikautako “alde pribaduak” akordioetara heltzea da.


ENKARTERRIKO TURISMOA

Saioa PP-ren beste ekimen bigaz hasi da. Biak be onartu egin dira, eta Enkarterriko turismoa hobetzeagaz egon dira erlazionauta. Batzordeak aldeko 8 botogaz (PP eta EAJ-PNV) eta 5 abstentzinogaz (PSE-EE eta EH Bildu) onartu dau Aldundiari eskaria egitea, Enkarturregaz lankidetzan, eskualde horretako seinalizazino turistikoa hobetzeko azterlana egin daian, popularren arabera seinalizazino horrek “akatsak” daukazalako.

Eta, talde guztiek aho batez onartutako proposamenaren bidez, Ganbarak eskaerea egingo deutso Foru Aldundiari, “Kantabriagaz, Arabagaz eta Burgos/ Gaztela-Leonegaz hitzarmenak sinatzea bultzatu daian, Enkarterriko eta bere ingurune geografikoko turismo naturala eta kulturala bultzatzeko”. PSE-EE-k hori Bizkaia osorako egin daiten eskatu dau; eta EH Bildu eta EAJ-PNV taldeek, euren aldetik, proposamenaren zehaztasun faltea kritikau dabe. “Zein eukietan oinarrituta?, galdetu dau EH Bilduko Asier Vegak. Bere berbetan, ekimena “gurarien adierazpena” baino ez da.

Enkarterritik urten barik, PP-ren beste proposamen bat eztabaidatu da, Aldundiari eskaria egiteko, Enkarturregaz eta Karrantzako Udalagaz Pozalaguako Kobazuloaren kudeaketea eta sustapena koordinetako beharrezkoak diran akordioak lortu daizan, “kobazuloaren ezagutza mediatikoaren hazkundeaz baliatzeko eta egun jakin batzuetan bisitek izaten daben hazkunde handiagaz lotutako arazoak konpontzeko”. Ekimen hori ez da onartu, aldeko boto 2 (PP), kontrako 3 (EH Bildu) eta 8 abstentzino izan ditualako (EAJ-PNV eta PSE).

Batzarretako taldeek PP-ri gogoratu deutsienez, Pozalaguako Kobazuloen kudeaketea Karrantzako Udalari jagoko, eta une honetan horren ustiapena enpresa bati laga jako. EH Bilduko Asier Vegak esan dauenez, enpresa hori “nahiko lan ona” ari da egiten.

Isaac Fernándezek (PSE-EE) azpimarratu dauenez, beretzat kontrajarrita dagoz alde batetik kobazuloa “bultzatzea” eskatzea eta, beste alde batetik, barruti natural hori bisitetan doazanen “eraginak” baloretako azterlana egitea eskatzea. “Karrantzan esaten daben moduan, gurdia idien aurrean ari gara jarten”, esan dau talde popularrarengana zuzenduz. Bere berbetan, ustezko eragin hori egiaztau beharko da lehenengo, horren ostean turismoaren sustapena zehazteko. EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek esan dabe “sentsoreak” instalau dirala, eragin hori neurtzeko eta bisita kopurua kontroletako.


KIROL IKUSKIZUNETARAKO LAGUNTZA

Beste alde batetik, batzordeak onartu egin dau, EAJ-PNV eta PSE taldeen aldeko botoagaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz, PP-k aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Foru Aldundiari eskaria egiteko, “Bizkaian kirol turismoa piztera” zuzendutako neurriak “indartu daizan”. Proposamena aurkeztu dauen taldeak, jeltzaleek proposamenaren idazketa aldatzeko aurkeztu daben zuzenketa-eskea onartu dau, “Aldundiak, beste erakunde batzuekaz batera, urteetan martxan dituan” neurriak indartzea eskatzeko, horreek diseinetea eskatu beharrean.

Gonzalo Zorrillak (PP) esan dauenez, benetako “arrakasta” lortu daben kirol ikuskizunak egon dira, Munduko Saskibaloi Txapelketea, adibidez. Oscar Aranak batzordekide popularrak esandakoa berretsi dau, eta Bilbon egin zan jauzien lehiaketea be aitatu dau.

Beste musturrean, Joseba Gezuraga EH Bilduko bozeroaleak esan dau ikuskizun horreek edozein urik antolatu daikezala. “Oso modan jarri ziran Valentzia moduko Autonomia Erkidegoetan, eta ikusten dogu zeintzuk izan diran horreen ondorioak”.


TOKIKO GARAPENERAKO ZENTROEI LAGUNTZAK EMOTEKO ERESPIDEAK

Saioari amaierea emoteko, batzordeak ez dau onartu PP-k aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, “aldaketak sartzeko” “Eudelegaz sinatzen diran hitzarmenetan jasotzen diran banaketarako erespideetan, diru-laguntza handiagoa emoteko jarduera gehien egiten daben enplegu eta tokiko garapenerako zentroei, Behargintza Zentroek hartzen daben udalerrietako biztanleria guztiaren proportzinoa kontuan izanda.

EAJ-PNV eta PSE-EE proposamenaren kontra agertu dira, talde horreen eretxiz erespideak “aztertu” egin daitekezalako, eta Aldundia hori egiteko prest dagoalako, Josu Arteta EAJ-PNV-ko batzordekideak esan dauenez, eskatzen dana horreek aldatzea dan arren. Antzeko eretxia erakutsiz, Isaac Fernándezek gogoratu deutso PP-ri badagozala arauz besteko proposamenean adierazoten diranak baino adierazle “garrantzitsuagoak” foru laguntzak banatzeko. Horreen artean, Behargintza dagoan gunearen langabezia tasa, nitxo estrategikoak eta sortuko dan enpleguaren kantidadea eta kalidadea dagoz.

EH Bilduk, barriz, proposamena “oso egokia” dala esan dau. Joseba Gezuraga batzordekideak, Aldundiaren laguntzen zenbatekoa “ez dala nahikoa” esan dau, “725.000 euro 21 zentrotarako” Aldundiaren aurrekontuaren “%5”, hain zuzen be. PP-k egin dauen moduan, laguntza horreek banatzeko erespideak kritikau ditu, “eskualde guztien errealidadeak ez diralako bardinak”. Gezuragaren berbetan, Aldundia erespide horreek barriro aztertzeko “bildur da”, horrek laguntzak handitu beharra eragingo leukelako.

Gonzalo Zorrilla-Lequericak (PP) esan dauenez, gaur egungo erespideek, Portugaletekoa eta Santurtzikoa moduko kasu ulertuezinak sortzen dabez, adibide bat jartearren. 2013an bigarrenaren jarduera bikotxa sortu eban lehenengoak –“43 enpresa eta 47 lanpostu” sortu ebazan–, besteak “23 enpresa eta 24 lanpostu” jasotako diru-laguntzaren erdia jaso eban. Portugaletek "19.125 euro" jaso ebazan, eta Santurtziko Behargintzak, barriz, "38.250 euro".