Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako osoko batzarrak, datorren legealdian indarrean sartuko dan Arautegi barria onartu dau

Gernika

Atzoko hegazkin istripuan hildakoen alde egin dan minutu bateko isilunearen unea.

Gernikan, 2015eko martxoaren 25ean.

Agurretarako eta IX. Agintaldiko azkenengo arauzko proposamenei urtenbidea emoteko eguna izan da, gaur goizean Gernikan egin dan azkenengo osoko batzarrean. Bizkaiko Batzarrek etorkizunean izango daben funtzionamenturako daukan garrantzia dala eta, datorren legealdian indarrean sartuko dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Arautegi barria aho batez onartu dala azpimarratu behar da.

Bi urte eta erdi baino gehiago beharrean egin ostean, azkenengo bozketak, Batzarrak osatzen dituen lau taldeen arteko akordioa marraztu dau. “Nire konpromisoa bete dot, eta oso pozik nago talde guztiak aho bateko adostasuna lortu dabelako”, esan dau behar horreek zuzendu dituan eta Batzar Nagusietako eta Araudi eta Gobernu Batzordeetako presidente dan Ana Madariagak.

Begoña Gilen esanetan “luzea, emonkorra eta ondo egindakoa” izan dan alkarren arteko zeregin horrek adostasun maila altua lortu dau. “Batzarren eta herritarren beharretara hobeto egokitzen dan” Arautegia da, eta horregaz Batzar “gardenagoak eta partaidetza handiagokoak” lortu gura dira. Batzarretako ganerako taldeak be bat etorri dira eretxi horregaz.

“Ahalik eta adostasun maila altuenera heltzeko abstrakzino esfortzu handia egin behar izan dogu”, gehitu dau Aizbea Atela jeltzaleak. “Asko hobetu beharra dauka”, baina “partaidetza gehiagoko” erakundea ekarriko deusku, esan dau Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak.

Egileek adierazo dabenez, Batzarretako Arautegia aldatze horrek Batzar Nagusiak herritarrengana “hurbilduko” ditu, lan egiteko mekanismoak eta epeak “arindu” egingo ditu eta Gobernuaren kontrola “eraginkorrago bilakatuko dau”. Holan, “erregenerazino demokratikorako eskaeretarako bidea” zabalduko dau.

Ordezkariek aitatu dituen barrikuntzen artean, Batzarretako taldeek azpimarratu dabenez, Arautegi barriak Ganbarako beste organu batzuen erabagiteko gaitasuna “handituko dau”, eta herritarren partaidetzarako gune handiagoak sortuko ditu, herritarrentzako zabalik egongo diran batzordeen bitartez, “lekuan bertan” edo erakundearen webgunearen bidez. Horrez gain, partaidetza horretara zuzendutako batzorde berezi bat sortuko da. Herritarrek Lurraldeko Aurrekontuen aurrean alegazinoak aurkezteko aukerea be zabalduko da.

Horrez gain, onartutako testuak, hilero Foru Aldundiaren kontrolerako osoko batzar bat egiteko oinarriak be jarten ditu. Ganera, uztaila lan egiteko hilebetea izango da batzarretan, eta euskerari “lehentasunezko tratua” emongo jako jarduketan, hizkuntza ofizial bien gizarte mailako bardintasuna lortzeko helburuz. PP eta PSE-EE taldeek puntu hori kritikau egin dabe, euren ustez ez dalako holango bereizketarik egin behar.


USANSOLOREN SEGREGAZINOA

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bileran, udalerri baten parte bat segregetako eta beste bat osatzeko aukerea zabaltzen dauen Bizkaiko lurralde mugapeei buruzko Foru Arauaren aldaketea be onartu da.

Unai Rementeria Lehendakaritzako foru diputatuak azaldu dauenez, foru araua aldatzeko proiektuan proponiduten diran aldaketa horreekaz “aukerea emoten da udalerri baten parte bat banantzeko eta beste udalerri independente bat osatzeko, udalerri barriak 2.500 biztanle baino gehiago baditu, zerbitzuen kalidadean murrizketarik eragiten ez badau eta bideragarritasun ekonomikoa erakusten bada”.

Ganera, “proponidutako aldaketen arabera, arau barriak zehaztuko dituan balizko guztietan arauaren eragina jasoten daben Udalek, herritarren aldeko edo kontrako eretxia azaltzeko galdeketa deialdia adostu ahal izango dabe”.

Aldundiak aurkeztutako arauzko proiektuari urtenbidea emoteko EAJ-PNV eta EH Bildu taldeen arteko adostasuna azkenengo osoko batzarrean lortu da, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa-eske biren aurrean jeltzaleek beste zuzenketa-eske transakzional bi aurkeztu ostean. Horreen bitartez, banandu gura dauen lurraldeko hiru pertsonak horretarako eratuko dan batzorde mistoan parte hartzeko aukera izango dabe, eta galdetegia egingo jako beste udalerri bategaz bat egitea edo banandu eta udalerri barri bat osatzea gura dauen biztanleriaren parteari.

Esku hartzeko txandan, Carmen Carrón PP-ko batzordekideak, Bizkai osorako aldaketa moduan aurkezten dan arren, “kasu jakin eta berezi bati partxeak jarteko” ad hoc egindako arau berezia baino ez dala kritikau dau, Galdakaon dagoan Usansoloko auzoa aitatuz.

Halaber, “alderdi batzuen interesengaitik edo hauteskundeak gertu dagozalako, Bizkaia osoan eragina izango dauen gauza baten gaineko erabagia hartzen ari dala” be kritikau dau. Bere esanetan, aldaketa hori “hauteskundeetatik hilebete bira, korrika eta presaka, onartu gura izatea ez da ona bizkaitarron interes orokorretarako, hauteskundeei begira goberneteak ez dauelako inoiz gauza onik ekarri”.

Iñaki Egaña bozeroale sozialistea, bere aldetik, arauaren aldaketaren kontra agertu da, “orain urte bi” EAJ-PNV-k esaten eban moduan, “auzoen segregazinoek gure gain hartu ezin daikeguzan kostu ekonomiko handiak dituela” uste dauelako.

“Urte biko epealdi honetan egoera ekonomikoa aldatu ez dan arren, erespide politikoak aldatu egin dira”, esan dau, eta gero, “EAJ-PNV taldeak une honetan erabili ahal izan dauen erespide politiko bakarra hauteskundeak kontuan hartzen dituana dala, eta ez errebindikazino bati koponbidea emotea”, gehitu dau.

Halanda be, udalerrien segregazinoen kontra dagozan eta zuzenketa-eskeak aurkeztu dituen sozialistek uste dabenez, “urtenbidea emon behar jako Usansolo auzoari”, eta batzorde kudeatzailea eratzearen alde agertu dira, EH Bilduren moduan. Horrez gain, uste dau Usansolok “gitxienez Galdakaoko udalerritik banantzeko espedientea tramitetako aukerea izan behar dauela”.

Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak esan dau “Usansolok ozen eta garbi esan ebala udalerri izan gura dauela, usansolotarrek egin dabe berba”. Hori dala eta, “aldaketa horregaz zergaitik jarraitzen dauen partxeak baino ez diran oztopoak jarten” galdetu deutso Rementeriari.

Sotok ziurtatu dauenez, “Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izango da, zuek –EAJ-PNV-k– gura ala ez, zuek trabak jarten badozuez be”, Usansoloko biztanleek “ez dabelako amore emongo, partxeak edo oztopoak jarri arren”.

Bere taldeak joan dan asteko batzordearen ostean Foru Arau horri jagokonez izan dauen jarrera aldaketea, “beste pausu bat emon ahal izateko” justifikau dau. “Aurrerapausua da Usansolorentzat, EAJ-PNV-k merezi ez dauen arren”, eta “aurrerapausua da desanexino prozesua ez ixteko”, esan dau Sotok, bertan egon diran Usansolo Herria alkarteko ordezkariak zorionduz, arau horrek 80ko hamarkadan hasitako prozesuagaz aurrera jarraitzeko atea zabaltzen dauelako.

Jon Andoni Atutxa EAJ-PNV-ko batzarkideak, bere aldetik, esan dau “2.500 biztanle muga errealistea dala udalerriaren bideragarritasunerako” –PP taldeak kritikautako puntua– eta ezeztu egin dau arau horren aldaketea “hauteskundeei begira” bultzatu danik, “Batzarretan hilebeteak daroaguzalako gai hori landuz”, 2014ko irailetik, hain zuzen be. Orduan iragarri eban Ahaldun Nagusiak, azkenean gaur EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek onartu daben foru arau proiektuaren aurkezpena.


PFEZ-REN ALDAKETEA

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilerak aho batez onartu dau PFEZ-ren arautegiaren aldaketea, krisiak jotako euskal kooperatibek jaulkitako mendeko finantza ekarpenen titularrak babestu ahal izateko. Aurretik Ekonomia eta Ogasuneko batzordean onartu zan ekimena, aho batez onartu da gaur.

Neurri horri esker, mendeko eta lehentasuneko finantza ekarpenen titularrek lortzen dituen errentak, norberaren kapitalak beste batzuei lagateagaitik lortutako etekin moduan kalifikauko dira zerga ondoreetarako eta, ganera, Aldundiak malgutu egingo dau bere integrazino eta konpentsazino erregimena, Jose Maria Iruarrizaga Ogasuneko diputatuak azaldu dauenez.

Ganera, Bizkaiko Batzarrek onartu egin dabe, EH Bildu eta PP taldeen abstentzinoagaz, Oinordetzen eta Dohaintzen ganeko zergea arautzen dauen foru arau proiektuaren aldaketea, arauzko aldaketa barrietara egokitzeko eta aitorpena baliabide telematikoak erabiliz aurkezteko aukerea sartzeko, beste aldaketa batzuez gain.


OHZ-IBI-AN ALDAKETAK SARTZEKO ESKARIA

PSE-EE taldearen Arauz Besteko proposamen baten bitartez, talde horren, EH Bilduren eta PP-ren aldeko botoakaz eta EAJ-PNV-ren abstentzinoagaz, osoko bilerak agindua emon deutso Aldundiari, OHZ-IBI-aren Foru Araua aldatu daian, lur azpiko aparkalekuetako “emakidadun egoiliarrei” zerga hori kentzeko.

Horrez gain, Batzarrek berretsi egin ditue, EAJ-PNV-ko ordezkarien aldeko botoakaz, PP eta PSE-EE taldeen abstentzinoagaz eta EH Bilduren kontrako botoagaz 2010eko eta 2011ko Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorrak. Aurretik egindako batzorde bitan landu ziran Kontu horreek, horreetako batean Euskal Kontuen Epaitegiaren presidentea bertan egoala.


MINUTU BATEKO ISILUNEA ETA AGURRAK

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilerari minutu bateko isiluneagaz emon jako hasera, martitzen honetan Frantziako Alpeetan izandako hegazkin istripuan hildako pertsonen omenez. Osoko bilerea hasi aurretik egin dan Bozeroaleen Batzarrak, hildako 150 pertsonaren aldeko minutu bateko isilunea egitea erabagi dau. Hildakoak, Bartzelona eta Dusseldorf arteko bidea egiten ari zala atzo Frantzian istripua izan eban Germanwings konpainiako hegazkinean joiazan.

Saioan etenbakoak izan dira agurrak eta datorren legealdian Bizkaiko Batzarretara itzuliko ez diran ordezkarientzako “asmo onenak” opatzeko aitamenak. “Zortea” izan da sei ordu baino gehiagoz batzarretako atriletik agur esateko aukerea izan daben batzarkideek gehien errepikau daben berbetako bat.

Bere esku hartzeetako batean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak “parkamena” eskatu dau azken urteetan esandako bere berbak dirala eta baten bat minduta sentidu bada, eta Unai Rementeriak Bizkaiko Aldundiaren buru gisa bere lekua hartuko dauela aurreratzera ausartu da. “Ondo egingo dozu”, esan deutso.

Osoko bileraren bukaeran, Ana Madariaga Batzar Nagusietako presidenteak, hunkituta, agur esan gura izan dau. Batzarretan egin dauen ibilpidea gogoratu dau, lehenengo batzarkide moduan, gero Kulturako foru diputatu moduan eta, horren ostean, Batzarretako presidente moduan, azkenengo hiru legealdietan, Jose Luis Bilbao Aldundiaren buru izan dan epealdi berean. “Benetako ohorea izan da”, historiaren gorabeherak hor egon diran arren, “mendez mende” iraun daben Batzar honeetako buru izatea.

Madariagak esan dau pena bat izan dala presidente moduan egin dituan lehenengo legealdi bietan indar politiko guztiek parte hartu ezin izatea, baina pozik agertu da, azken agintaldian Lurralde honetako sentsibilidade guztiek Gernikan egoteko aukerea izan dabelako “indarkeriarik bako une honetan”. “Arautegi bat moduko gauza konplexuaren” ganean aho bateko adostasuna lortu izana be azpimarratu dau.

Beretzat “oso etapa garrantzitsua itxi da gaur”. Azken 12 urteetan gauzak “ahalik eta ondoen” egiten ahalegindu da, “alkarren arteko errespetuan” oinarrituta, beti be. “Parkamena” eskatu deutse bere ekintzen edo berben ondorioz minduta gertatu diran guztiei, eta eskerrak emon deutsez bere taldeko kide guztiei –Batzarretako beharginei, aholkulariei…– Foru Gobernuari, batzarretako taldeei eta, batez be, Mahaiko kideei.