Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek legealdiko azkeneko osoko bilerea izango dabe bihar

Gernika

Bilbon, 2015eko martiaren 24an.

Bihar, eguaztenean, martiaren 25ean, Bizkaiko Batzarretxeak bere ateak zabalduko ditu, IX. agintaldiko azkeneko osoko batzarra egiteko. Jose Luis Bilbao eta Ana Madariaga, Bizkaiko Ahaldun Nagusi eta Batzar Nagusietako presidente gisa Gernikara joango diran azken aldia izango da, Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Batzarraren buru 12 urte egon ostean.

Bizkaiko 51 ordezkariek landu beharreko gaien artean, Bizkaiko lurralde mugapeei buruzko Foru Arauaren aldaketea eta Bizkaiko Batzarretan Arautegi barria egiteko Arau proposamena azpimarratu behar dira.

Eguneko gai zerrendan beste Foru Arau proiektu biren bozketea be sartzen da, Oinordetzen eta Dohaintzen ganeko Araudiaren eta PFEZ-ren arauzko alderdiak aldatzeko. Aldaketa biak, joan dan martiaren 13an egin zan Ekonomia eta Ogasuneko batzordearen abalagaz heltzen dira, eta gauza bera pasetan da 2010eko eta 2011ko Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorrakaz.

Arauz Besteko Proposamen baten bitartez, PSE-EE-k OHZ-IBI-aren Foru Araua aldatzea planteau dau, lur azpiko aparkalekuetako “emakidadun egoiliarrei” zerga hori kentzeko.

Itaunen atalean, EH Bilduk foru sektore publikoaren zorrari buruz egindako informazino eskariari erantzun beharko deutso Aldundiak. PP taldeak garraio publikoaren etorkizunari eta 14 eta 17 urte arteko gazteentzako gazteria politikei buruzko itaunak egin deutsaz Foru Gobernuari.

Barrikuntza batzuk dagoz oposizinoko taldeek egindako ahozko erantzun-eskeetan. Behin eta barriro agertu ohi diran Kutxabank-i –Cabiecesen kontratazinoa– Karrantzako Mindari edo Santo Domingoko Gainaren egoereari buruzko gaiakaz batera, komunikabideetan horrenbesteko oihartzunik ez daukien beste gai batzuk be landuko dira, Bizkaiko egoitzetako ratioak, gizarte helburuen garapena kontratazinoaren arloan, Enkarterri eta Gurutzetako ospitalearen arteko Bizkaibus zerbitzua eta urtarrilaren amaierako uriolak dirala eta Aldundiak emondako laguntza barriak.

Lotutako artxiboak: