Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiak, bizimodu independenteari laguntzeko zerbitzua jaso ahal izateko eskakizunetan sartutako aldaketen alde agertu dira

batzordea

Gizarte Ekintzako batzordearen azkenengo saioa

Bilbon, 2014ko martiaren 23an.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeak aho batez onartu ditu gaur Foru Aldundiak – EAJ-PNV-ko taldeak adierazo dauenez– bizimodu independenteari laguntzeko foru zerbitzua eskuratu ahal izateko eskakizunetan sartu dituan aldaketak. Aldaketa horreen artean, azpimarratzekoa da zerbitzu hori jasoteko gaur egun dagozan adin mugei jagokena. Holan, hemendik aurrera, zerbitzua 16 urtetik gorakoek eta 70 urtetik beherakoek eskatu ahal izango dabe (lehen 18 eta 65 urte artekoek baino ezin eben eskatu).

Kasualidadez, PP-k aurkeztu dauen eta gaur eztabaidatu dan arauz besteko proposamenaren barruan egoan aldaketa hori, bat etorri da dekretuaren argitalpenagaz, Irene Edesa batzordekide jeltzaleak esan dauenez. Proposamena aurkeztu dauen taldeak onartutako EAJ-PNV taldearen zuzenketa-eske bati esker, etxeko eta zainketa pertsonaleko lanak egiteko %25eko denpora mugea jartea sartzen da –orain arte egoan %15ekoaren ordez–. Talde guztiak agertu dira aldaketa horreen alde, baina EH Bilduk bere kexea azaldu dau, estaldurea ez dalako danengana iristen. Talde horren eretxiz, ez litzateke egon behar adinagaz erlazionautako ezelango mugarik.

Halaber, PP taldeak aurkeztu dituan arauz besteko proposamenen barruan, aho batez onartu da Foru Aldundiak laguntza pertsonaleko prestazinoaren hartzaile “guztiei” jakinarazo deiela prestazino hori bizimodu independenteari laguntzeko zerbitzuagaz osatu leikiela. Kontuan izan behar da badagozala zerbitzu hori existiduten danik be ez dakien pertsonak, Eduardo Andrés batzordekide popularrak esan dauenez.

Bizimodu independenteari laguntzeko zerbitzua orain denpora gitxi sortu da, horren beharra daukien pertsonei laguntzea emoteko, bizimodu sozial eta pertsonal egokia aurrera eroateko, beste pertsona batzuen laguntza behar barik (pertsona horreek, gehienetan, senideak izaten dira). Bizimodu independenteari laguntzeko zerbitzua eskuratu ahal izateko, beharrezkoa izango da laguntza pertsonalerako prestazino ekonomikorako eskubidea izatea eta, horren ostean, Gizarte Ekintzako sailaren aurrean bizimodu independenterako plan indibiduala aurkeztea.


ARRETA GOIZTIARRERAKO LAGUNTZA INDIBIDUALEI BURUZKO INFORMAZINO GEHIAGO

Legealdi honetako Gizarte Ekintzako azkenengo Batzordean argi berdea emon jako, aho batez, PP taldeak aurkeztutako beste ekimen bati, Foru Aldundiak, “arreta goiztiarrerako laguntza indibidualak” emoteari buruzko informazinoa bialdu daian zero eta sei urte arteko umeak dituen Bizkaiko haur-eskola eta ikastetxe guztietara. Eduardo Andrések (PP) esan dauenez, “sarri askotan” irakasleek laguntza horreek existiduten diranik be ez dakie.

Juan Otermin PSE-EE-ko batzordekideak esan dau Aldundiak, laguntza “guztiei” buruzko informazino “zabalagoa” jasoko leuken kanpaina “etenbakoa eta orokorra” egitearen aldeko apustua egin beharko leukela.

EAJ-PNV-ko Jon Larreak esan dauenez, Eusko Jaurlaritza laguntza horreek guztiak ezagutuarazoteko beharrean ari da daborduko. Laguntza “gehienak” gizarte zerbitzuetara zuzentzen dira osasun edo hezkuntza arlotik. Dana dala, ekimen popularraren alde agertu da, Gasteizko Jaurlaritzak egiten dauenaren neurri “osagarria” dalako.


GUFI-IFAS-EN EEP-OPE BAT EGITEAREN ALDE

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzarra, aurton GUFI-IFAS-en Enplegu Eskaintza Publiko bat (EEP-OPE) egitearen alde agertu da. EH Bilduk aurkeztu dauen eta talde horren eta EAJ-PNV-ren eta PSE-EE-ren aldeko botoa jaso dauen arauz besteko proposamenak agindua emoten deutso Aldundiari, Foru Erakundearen eta bere erakunde autonomoen lan kontratupeko beharginen baldintzak araupetzen dituan hitzarmenean jasoten dan enplegu publikoko eskaintzea egin daian Foru Erakunde horretan.

Halanda be, Aldundiak ezer egin aurretik, eta egon daitekezan helegite posibleak saihesteko, koalizino abertzaleak onartu dauen jeltzaleen zuzenketa-eskearen bitartez eskaerea egiten jako Gobernu Zentralari, EEP-OPE-aren deialdia egin ahal izateko aurretik egin beharreko lege aldaketak egin daizan. Izan be, aurtengo Estaduko Aurrekontuen Legeak geratu egin eban Eskaintza Publiko hori, lege horrek “debekau” egiten dauelako behargin publiko barriak sartzea.

Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak adierazo dauenez, EEP-OPE hori oso garrantzitsua da, “dagozan lanpostuak finkatu egingo litzatekezalako eta gizarte zerbitzuen jarraikortasuna bermatu egingo litzatekelako”. Horrez gain, bere berbetan lantaldearen “%34” hartzen dauen behin behinekotasuna murriztu egingo leuke. Eskaintza publiko barik “pribatizazinorako bidean goaz”, gehitu dau.

“Badago hori aurrera eroateko borondatea, baina arazoa gaur egun ezin dala gauzatu da”, Rajoyren Gobernuak onartu dauen Legea dala eta, esan dau Jon Larrea EAJ-PNV-ko batzordekideak. Lehiaketea deitu aurretik, beharrezkoa da Gobernu zentralak atzera egitea eta egin beharreko lege aldaketak aurrera eroatea, “beharrezkoak diran lanpostuak” bete daitezan. Larreak esan dauenez, arazoa ez da zerbitzu faltea, GUFI-IFAS-eko behargin askok bizi daben interinidade egoerea baino. “Daborduko beteten diran zerbitzuak bete egin behar dira, lanpostu horreek jabetzazkoak izan daitezan”, esan dau Juan Oterminek (PSE-EE).

EH Bilduren proposamenaren kontra agertu dan talde bakarra izan dan PP-k esan dau GUFI-IFAS-ek ezin izango dauela aurrera atera enplegu publiko deialdia, Rajoyren Gobernuak ez dauelako eretxia aldatuko. Esan dau penagarria dala Aurrekontuen ganeko Legean jasoten diran salbuespenak ez erabiltea kontratazinoa egiteko. Hori egin daiteke “arreta zuzeneko” baldintzetan dagozan lan kontratuko lanpostuetan.


EZEZKOA GENERO INDARKERIARAKO LEIHATILA BAKARRARI

Beste alde batetik, PSE-EE taldeak arauz besteko proposamen bat aurkeztu dau, Eusko Jaurlaritzari eskaerea egiteko, beste gauza batzuen artean, genero indarkeriari buruzko kasuak kudeatzeko “leihatila bakarra” sortu daian. Proposamena ez da onartu, kontrako 6 boto (EAJ-PNV), aldeko 5 (PSE-EE eta EH Bildu) eta abstentzino 2 (PP) izan ditualako.

Sozialistek aurkeztutako ekimenaren helburua, talde horrek adierazo dauenez, “lehiatila” horrek genero indarkeria jasaten daben emakumeei erantzun “integrala eta eraginkorra” emotea da, baliabideak ikustatuz eta koordinauz eta indarkeria matxista kasuen aurrean prebentzinoa eta sentsibilizazioa bultzatzera eta horreei arretea eskintzera zuzendutako programak gauzatuz. Horrez gain, Ertzaintzaren Unidade espezializaua eratzea be eskatzen zan.

Talde guztiak bat etorri dira holango indarkeria gertakarien aurrean “zero tolerantzia” egon behar dala esatean, baina EAJ-PNV-k, arazo horri aurre egiteko politiken “deszentralizazinoaren” aldeko apustua egin dau, hori bai, erakundeen arteko “koordinazinoan” oinarrituta. Zuriñe Argatxa jeltzaleak Emakunderen proposamena gogoratu dau. Erakunde horrek berregituraketa barria “adostu” eban Administrazino guztien artean, genero indarkeriari aurre egiteko. Proposamen horretan, “lehenengo arretea” gertuen dagozan profesionalek –gizarte zerbitzuetako beharginek eta Ertzaintzaren komisaldegiek– egitea erabagi zan, “erantzuteko behar diran denporak murriztu ahal izateko”.

Eduardo Andrés PP-ko batzordekideak, leihatila bakarra beharrezkoa dan edo gaur egun eskintzen diran zerbitzuak “bikoizteko” balioko ete dauen galdetu dau. Bere eretxiz, hobetu beharrekoak “prebentzinorako eta jarduketarako protokoloak” dira.

Juan Oterminek (PSE-EE), bere aldetik, ez dala bikoiztasunik sortuko esan dau. Bere esanetan, mekanismo guztiak leihatila bakarrean “zentralizeteak”, esku-hartzea “berehalakoa” izatea eragingo leuke. Ganera, biktimea ez litzateke zerbitzu publiko guztietako pertsona askoren aurretik “igaro beharko”.


ZAINDUZ PROGRAMEA

PP taldearen galderei erantzunez, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatu andreak esan dau Zainduz programea Bizkaiko geografiako “%75,57ra” hedatu dala daborduko, eta aurtengo aurrekontuetan aurreikusi diran 400.000 euroak “nahikoak” izango dirala Udalen borondatezko eskariei erantzun ahal izateko. Programa horrek ez dauela Lurralde osoa hartuko aitatu dau, udal batzuek euren programak dituelako. Horreen artean Sestao eta Ermua aitatu ditu. Ardanzak “interes berezia” erakutsi dau, landa inguruetako udalerriek, batez be, programa horretan parte hartu daien.