Bizkaiko konposta merkaturatzeko eskaerea eta merkadua badagozala azaldu dabe adituek Batzar Nagusietan, kalidadezkoa bada
Iosu Madariaga Ingurumeneko Foru diputatua Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur, Cisma aholkularitza etxeko aditu bik lagunduta, 2014ko urriaren 20an Osoko Batzarrean eta 2014ko Azaroaren 13an Batzordean onartu ziran Batzarretako ekimen bi betetako. Bilera bi horreetan, Bizkaiko uri-hondakinen zati organikoaren birziklatzea hobetzeko hartu beharreko neurrien ganeko azterlana batzarretako taldeen aurrean aurkezteko agindua emon zan. Mikel Garayk, txostena egiteko agindua euki dauen enpresaren bozeroaleak, esan dauenez, Bizkaiko konposta merkaturatzeko eta eskaintzaren ratioak hobetzeko behar besteko eskaerea dago, konpost horren kalidadea segurtatzen bada.
Cismako adituak azpimarratu dauenez, 2020. urtean zaborren tratamendurako araudia bete ahal izateko, Bizkaiak uri-hondakinen tratamendua handitu beharko dau, eta datozan urteetan bosgarren edukiontzia Bizkaiko udalerri guztietara zabaldu beharko da, ekoizle handiak inbolukrau beharko dira –merkaduak eta merkataritza gune handiak– eta Administrazinotik pizgarrien bitartez lortu beharko da herritarrek eta udalek “interesgarriago” ikustea materia organikoaren aukeraketea eta bilketea. Produktu guztiari urteerea emoteko alkarlan publiko-pribadua beharrezkoa izango dala esan dau, Europako herrialde aurreratuenetan egiten dan moduan.
Holan, Cismako bozeroaleak esan dau beharrezkoa dala lortzen dan produktuaren kalidadea segurtatzea, erreferentziazko kalidade arau baten bitartez, eta azpimarratu dau merkaturatzea bermatu ahal izateko beharrezkoa izango dala horren prezioa tona bakotxeko 50 eurotik beherakoa izatea, hori dalako Bizkaiak inportetan dauen turbaren prezioa.
Garayk adierazo dau konpostaje arloan erreferente diran beste herrialde batzuetan, konpost proportzino altuak erabilten urte asko daroazan Alemanian edo Austrian, adibidez, azkeneko prezioa, hondakin organikoak batzeko kobretan diran tasen arabera egokitzen dala, eta ez horrenbeste lortutako produktuaren salmentagaz irabazten danaren arabera.
Une honetan, Bizkaiak 4.000 konpost tona baino gitxiago sortzen ditu Artigasen, planta horrek 15.000 tona sortzeko ahalmena daukan arren. Sektoreak konpost horren kalidadeari buruz daukan eretxiari jagokonez, esan dau adituak harrituta geratu dirala Bizkaiko konpostaren kalidadea ikusita, eta, bere esanetan, horrek “aurreikuspen interesgarriak” zabaltzen ditu konposta erabilteko, Bilboko edo Barakaldoko Udalek lorategietako beharretan egiten daben moduan, eta etorkizunean Penintsulako erdialdeko eta hegoaldeko lekuetan merkaturatu ahal izateko, lurraren ezaugarriak kontuan izanda. Esan dauenez, “gure lurrek behar besteko materia organikoa daukie”.
Batzarretako taldeak bat etorri dira Ingurumeneko Foru departamentuak eskatutako txostena “interesgarria” dala esatean. Horrek esan gura dau “potentzialtasunak” dagozala lurraldean konpost gehiago sortzeko eta produktuari urtenbidea aurkitzeko.
Taldeen arteko eztabaidea produkzino ereduan zentrau da. PP-ren eretxiz, lehentasuna emon behar jako produkzinoaren zentralizazinoari, kalidade estandar altuak lortzeko. EH Bilduk eta PSE-EEk, euren aldetik, esan dabe kalidadea ez dagoala kontrajarrita Artigasetik kanpo konposta egiteko “planta txikiak” ezarteagaz, “garraioaren” baldintzea be kontuan hartu beharko litzatekelako, horrek kostuan eta ingurumenean eragiten dauen kaltean daukan eraginarengaitik. Ingurumeneko diputatuak ez ditu ateak itxi aukera horren aurrean. “Eskualde batzuetan planta txikiak bultzatzeko prest gagoz”, esan dau.
Aholkularitzari eta batzarretako taldeetako bozeroaleei entzun ostean, Madariagak esan dauenez “oraindino ibilpide luzea dago egiteko” konpostajearen arloan, erreferentzia moduan Alemania edo Austria moduko herrialdeak hartzen badoguz. Baina Bizkaiak egin dauena etorkizunari begira “positiboa” dala azpimarratu dau. Datozan urteei begiratuta, Udalekaz eta norbanakoakaz “alkarren artean egin beharreko lanak” daukan garrantzia azpimarratu dau, zaborren materia organikoaren tratamenduan aurrera egin ahal izateko.
Diputatuak azpimarratu dauenez, 2015. urtean Foru Aldundiak %24 handitu dau konpostajearen arloan daukan aurrekontua, eta horretara bideratutako kopurua "1.090.000 eurora" arte handitu dau. Kopuru horretatik "600.000 euro" Bizkaiko udalerrietan jarri behar dan 5. edukiontzia erostera bideratuko dira, eta ganerakoa sentsibilizazino kanpainetara.
Bilketeari jagokonez, Madariagak argi itxi gura izan dau bere sailak ez dauela batzeko modua mugatzen, hori Udalen eskumena dalako. “Udalen autonomia errespetetan dot”. “Ez dot inolako oztoporik jarriko” beste bilketa sistema batzuk martxan jarri daitezan, esan dau, Asier Vega EH Bilduko batzordekideak aitatu dituan Larrabetzu, Berriz edo Mallabia moduko udalerriak gogoratuz.
ZEBRA MUSKUILUA ETA ARRAIN HIRUARANTZA
Batzordeak aho batez onartu dau PP taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamen bat, Foru Aldundiak, aurton, arrain hiruarantzak Bizkaian dauen egoerearen eta hedadurearen ganeko azterlana egin daian. Talde horrek adierazo dauenez, Gobela edo Castaños moduko erreketan egindako lanek eragina izan dabe arrain mueta horrek gure lurraldean daukan presentzian.
Edorta Rodrigo EAJ-PNV-ko batzordekideak gogoratu dauenez, badago “arrain hiruarantzaren kudeaketarako” plan bat, eta bertan, espezie horren bilakaerea aztertzeko urtero azterketak egitea jasoten da daborduko. Aurton, txostenek, “Butroe eta Oka erreken harroetan” egin beharreko azterketak be jasoko ditue.
PP taldeak salatu dauen moduan Lekubasoko urtegian (Galdakao) zebra muskuilua agertu izanari jagokonez, Ingurumeneko diputatuak baieztu dauenez, espezie horren presentzia hauteman zan 2014ko irailaren 18an egindako azterketan, bai urtegian eta baita errekan be. Muskuilu horren jarraipenerako batzordea alkartu ostean URAk martxan jarri dituan neurriak gogoratu ditu, bertan nabegetea galarazotea, eta inguru horretan, muskuiluaren presentziaren barri emoten daben kartelak jartea. Diputatuak adierazo dauenez, eginbehar horreen koordinazinoa URAk (Uraren Euskal Agentziak) egiten dau, eta erakunde horren webgunean informazino zabala dago.
URAREN KUDEAKETA PUBLIKOA
Beste alde batetik, batzordeak EH Bilduren arauz besteko proposamen bat onartu dau. Bertan Bizkaiko Batzar Nagusiek, “uraren ziklo osoaren kudeaketa publikoa, integrautakoa eta parte-hartzailea” abaletan dabe, eta “pribatizazinoaren kontra” agertzen dira. Bigarren puntuan, agindua emoten jako Bizkaiko Foru Aldundiari, “kide dan edozein partzuergotan pribatizazinoa bultzatzea helburu dauen edozein ekimen baztertu daian”.
Puntu hori izan da, hain zuzen be, kontrako boto bakarra, Bizkaiko Talde Popularrarena, eragin dauena. PP-ren eretxiz, puntu hori batzarretako talde batzuek –EAJ-PNV eta PSE-EE- gobernetan dabenean egiten dabenaren kontra doa. EAJ-PNV-ko Zuriñe Argatxaren eretxiz, helburua “uraren kudeaketa publikoaren alde” egotea da. Isaac Fernández sozialistea alderdi jakin batzuk pribatizatzearen alde agertu da, herritarrei zerbitzu hobea emoteko balio badabe. “Ez da lankidetza publiko-pribadua baztertu behar”, esan dau.
ZABORRA ARTIGAS INGURUETAN
EH Bilduko batzarretako taldeak Madariaga jauna prisaz batzorderatzea eskatuta eukan, azaldu daian urtarrilaren bukaeran zergaitik pilau zan zaborra Artigaseko mendian eta TMB planta ixteko “aukereari” buruzko azalpenak emon daizan. Hori guztia, komunikabide batean argitaratutako informazinoan oinarrituta.
Madariagak “goitik behera” guzurtau dau komunikabideetan agertutako informazinoa. TMB plantea “ez da inoiz itxi azkeneko hilebeteotan”, eta esan dauenez, hondakindegia inguratzen daben basoetako puntu jakin batean, eta ez “mendi guztietan” EH Bilduk esan dauen moduan, “plastikoak” egotearen errazoia “haize indartsuak” izan ziran. Inguru guztia “egun bitan” garbitu zan, Nerea Ahedo jeltzaleak esan dauenez, eta koalizino abertzaleak “gertaera txiki bategaitik” biztu eban “errazoirik bako gizarteko alarmea” salatu dau. PP-ko Arturo Aldecoaren berbetan, gertaera horrek ez dauka “inolako garrantzirik”. PSE-EE taldeak, haizea egiten dauen egunetan hondakindegian prebentzinozko neurriak hartzea eskatu dau.