Kontuen Epaitegiak ez dau irregulartasunik aurkitu Biscaytik-en kontratazinoan, Jose Luis Bilbaok esan dauenez
Iraskunde batzordea
Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde-Batzordean gaur egin dauen agerraldian adierazo dauenez, Kontuen Epaitegiak ez dau irregulartasunik aurkitu, Biscaytik foru fundazinoaren kontratazinoen ganean egindako azkeneko ikuskaritzan. “Ez dagoala ezer aurpegiratzeko esan deuskue”, adierazo dau Bilbaok, alegazino epealdian dagoan eta behin betiko izaerea eukiteko epaitegiaren osoko bilkuratik igaro behar dan auditoriaren azken zirriborroari buruz berba egitean. Zirriborro horretan on ikusia emon jake kontratazino espediente “guztiei”.
Astelehenean Gernikan egindako azkeneko osoko batzarrean oposizinoko taldeei esandako moduan, Ahaldun Nagusi eta Biscaytik-eko Presidente danak barriro errepikau dau fundazino horrek, “erakunde publikoen kontratazinoa araupetzen daben legeak betez” kontratetan dituala beti kanpoko zerbitzuak, eta euskal epaitegiak hori egiaztau ahal izan dauela, “legea betetearen” kontra doan “ezer” ez dauelako aurkitu.
Bilbaok, oposizinoko taldeek, Biscaytik-eko kontratazinoen inguruan “gura daben guztiari bueltak emoten jarraitu ahal dabela” esan dau. PSE-EE eta PP taldeek agerraldi eskari bi egin dabez, Bizkaiko batzarretara Unai Rementeria Lehendakaritzako Diputatua eta Ahaldun Nagusia etorri daitezan. “Azken egunetan politikea egiteko dagoan modua da, eta datozan foru eta udal hauteskundeetan modu hori desagertzea gurako neuke”, esan dau. Jarduteko modu hori, bere berbetan, talde batzuek daukien urduritasunaren ondorioa da, eta, urduri dagozanez, “haizagailuaren” taktikea erabilten dabe. “Prakak behean harrapau nabenean, danok bardinak garala esan behar dot”, esan dau, “Bankia, Barcenas…” moduko kasuak aitatuz.
Bilbaok argitu gura izan dauenez, fundazinoa eta IKT-en sektoreko enpresak sortzeko “efektu bultzatzailea” egiten dauen Bake Eder enpresa elkartegia gauza desbardin bi dira. Holan, Biscaytik-en eta elkartegi horretan dagozan enpresen artean soziedade harremanik dagoanik ukatu egin dau. Bere eretxiz, elkartegi hori, ekonomiaren sustapenaren arloan egin behar danaren “eskuliburuko” adibidea da, beste sektore batzuetan egiten dan moduan, eta horreen artean elektrikoa, ikus-entzunezkoak edo automobilgintzea aitatu ditu. “Bake Ederren instalauta dagozan enpresa guztiek ez dabe Biscaytik-entzat behar egiten”. Bere datuak kontuan izanda, une honetan “17” enpresa dagoz Foru elkartegian, eta horreetatik “5” izan ziran azkeneko “9 kontratazino espedienteak” eskuratu ebezanak.
Arturo Aldecoa PP-ko batzordekideak esan dau “zeozer arraroa gertatzen dala” 2013. eta 2014. urteetan esleitutako kontratuen “ia %70a", Biscaytik-en egoitzaren ondoan dagoan Bake Eder Ezagutza Zentroan dagozan enpresek eskuratu ebazala kontuan izaten badogu. “Hurbiltasun fisikoa daukien enpresen alde egitearen adibide argia da”, eta, bere berbetan, lehia librearen kontra doan “bezero sarea” sortu dala erakusten dau.
PSE-EE eta EH Bildu taldeek adierazo dabenez, ez daukie, Aldecoaren berbetan, azken urteetan esleitu diran “115 kontratuetatik 70” Bake Ederren dagozan enpresei emotean, legez kanpoko ezer gertatu dala esateko daturik. Iñaki Egaña bozeroale sozialistak esan dau Ahaldun Nagusiak bere erantzunetan ez dauela argitu Aldundiaren esku dagoan fundazinoaren ganean dagoan “zalantza izpi hori”, eta kritikau egin dau esleipena lortzen daben enpresek “nahiko modu zorrotzean asmatzen dabela” lizitazinoaren prezioa. EH Bilduko Aitor Torrek adierazo dauenez, “vox populi” da “enpresa gitxi batzuk” dirala Foru Aldundiak azpiegituren arloan deitzen dituan lehiaketak irabazten dituenak, eta kritikau egin dau Biscaytik-en bitartez, “gaur egun erabilgarriak ez diran” zerbitzuetan eta aplikazinoetan egin dan milioi askoko inbertsinoa.
Lorea Bilbao EAJ-PNV-ko bozeroalea harrituta geratu da oposizinoko taldeek erakutsi daben jarreraren aurrean, eta Aldundiaren “gardentasuna” azpimarratu dau, kontratazino espediente guztiak argitu ditualako eta Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak ez dauelako irregulartasunik aurkitu. “Klase politikoaren aurrean konfiantza faltea dagoan une honetan, ez jat bape gustetan, behin eta barriro holango zalantzak sortzerik Biscaytik-en, Foru Aldundiaren eta Kontuen Epaitegiaren aurrean”, eta, ganera, fundazinoak estadu eta nazinoarte mailan lortu dituan sariak, eta erabiltzaileen eta udalen aldetik lan horrek jasoten dauen “eretxi ona” gogoratu ditu.
EZ DIRA ONARTU EH BILDUREN PROPOSAMEN BIAK
Saio berean, EH Bilduko batzarretako taldeak arauz besteko proposamen bi defendidu ditu, baina bata be ez dabe onartu Batzarretako ganerako taldeek (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP). Batean, koalizino abertzaleak eskaerea egin deutso Aldundiari, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeakaz erlazionauta dagozan Sabino Arana Fundazinoari, Ramón Rubial Fundazinoari eta Fundación Popular de Estudios Vascos izenekoari, bizkaitar guztion aurrekontuetatik jasotako diru-laguntza izenduna kentzeko, eta horreen ordez, “egiten dituen jardueretan oinarritutako urteko laguntzak jasotzea, gizarteko ganerako alkarte eta eragile guztien moduan”. Asier Vega EH Bilduko batzordekidearen eretxiz, horreetako bakotxak 35.000 euro jaso ditu azken urtean. Lehenengo biek “560.000 euro” jaso ebezan 2007 eta 2014 artean, eta Alderdi Popularrari lotutakoak “375.000”.
Hiru taldeek esan dabenez, laguntza horreek, kulturaren eta pentsamendu politikoaren sustapenaren arloan aurrera eroaten daben lanagaz dagoz lotuta, eta argitu dabe holango diru-laguntza izendunak administrazino guztietan eskintzen jakezala beste erakunde batzuei. Nerea Ahedok adierazo dauenez, Bizkaian bakarrik, “120 kontsignazino izendun” sartu ziran lurraldeko aurrekontuetan. Hiru fundazino horreek jasotako hiruek “105.000 euro” hartzen ditue, Aldundiak aurton arlo horretara bideratzen dituan “22,5 milioietatik, %0,4a”.
Beste hiru taldeek onartu ez daben arauz besteko beste proposamenean, koalizino abertzalearen asmoa, Bizkaiko Batzar Nagusiek “Confebaskek, sindikatuaren izaerea kentzeko prozedurea Erakunde Sindikal eta Enpresarialen Estatutuen Gordailuari buruzko Errege Dekretuan sartzeko daukan asmoa “gaitzestea” zan. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeak, Enpresarien erakundeak berak behin eta barriro, “prentsarako ohar bitan” eta Eusko Jaurlaritzaren Hiru Aldeko Alkarrizketarako Mahaian sinatutako “adierazpen batean”, ukatu dauan “ustezko” idazki bat gaitzestearen kontra agertu dira.