Batzarretxean sartu dan haretxaren landareak bermatu egiten dau Gernikako Arbolearen leinuaren jarraipena

Gernikako Arbolea

































































Martiaren 2a egun seinalatua izango da aurrerantzean Gernikako Batzarretxean. Gogoratua izango da egun horretan sartutako 15 urteko haretx landareak jarraipena emongo deutsalako mendeetako leinuari. Euskaldunen ikurrik unibertsalena gaztetu egin da, baina izpirituak bere horretan jarraitzen dau, sendo. Haretxaren garrantzi historikoa agerian geratu da gaurko ekitaldian, Euskadiko erakunde-ordezkaritza gorena egon da-ta.
Ordezkarion artean nabarmendu egin behar dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarburua eta José María Gorroño Gernikako Alkatea. Eurokaz batera, erakundeetako hainbat eta hainbat ordezkari eta agintari politiko: Lehendakari ohiak, (José Antonio Ardanza eta Patxi López), Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakariak (Juan Antonio Zárate eta Lohitzune Txarola), Ahaldun Nagusi ohiak José Alberto Pradera, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari ohiak Aitor Esteban eta alderdi politiko guztietako agintariak.
Bertaratu diran guztiok ikusi ahal izan dabe zelan bota deutsiezan lehenengo lur-palakadak haretx-landareari Lehendakariak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Legebiltzarburuak eta Gernikako Alkateak. Horreen ostean, Batzar Nagusietako batzarkideak eta beste erakunde-ordezkari batzuk gauza bera egin dabe. Horrezaz ganera, ohitureari jarraituta, kutxa bat lurperatu da landereagaz batera, horren barruan sartu dirala eguneko egunkariak, txanpoiak, Arbolearen aurrean erakunde-ordezkariek sinatutako ziurtagiria eta ikurriña bat.
Euskal alderdi politiko esanguratsu ordezkari moduan hurrengook etorri dira, EAJtik, Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa, Juan María Aburto, Nekane Alonso eta Ibone Bengoetxea; EH Bildutik, Josu Imanol Unanue eta Julen Calzada; PSEtik José Antonio Pastor, Carlos Totorika, Mikel Torres y Josu Montalbán; eta PPtik, Antón Damborenea, Nerea Llanos, Leopoldo Barreda eta Carlos Olazábal.
Ekitaldi xumea eta hitzaldi bakoa, agintariak heldu diranean hasi dana “Alkate Soinua” entzuten zan bitartean. Hori eta gero, Gaudeamus abesbatzak “Agur jaunak” abestu dau. Ostean, ekitaldiaren gidari-lanetan ibili dan Xabier Euskitzek ongi etorria emon deutse bertaratuei, eta barriro be entzun da abesbatza Mikel Laboaren “Baga, biga, higa” abestian oinarritutako “Ikimilimilikik” kantea abesten. Bertsolari eta txistulariek be aritu dira 35 minutu eskas iraun dauen ekitaldian, euskal askatasunen ikur dan Arbolearen inguruan egindako ekitaldian.
Beti Jai Alai taldeko zazpi dantzari bikotek dantza egin dabe Arbolearen inguruan, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako janzkereagaz, “Loreak Udan” abestia entzun aurretik. Harrizko zin egiteko mahaian aginteriek ziurtagiria sinatu ondoren, dantzari bikote batek lokarria jarri deutso agiriari eta kutxan sartu, eta horretarako egindako zuloan sartu dabe kutxa hori. Lehenengo lur-palakadak botaten hasi dira agintariak, “Gernikako Arbola” eta “Euzko Abendaren Ereserkija” abestiak entzun diran bitartean.
MILEURTEKO BARRIAN ERNETAKO HARETX LANDAREA
Teknikariek emondako aholkuei men egin eta Bizkaiko Batzar Nagusiek egun hau aukeratu dabe Gernikako Haretx barria —Euskal Herriaren eta euskal askatasunen ikurra— sartzeko ekitaldirako.
Aukeratutako landarea XXI. mendean jaiotakoa da —2000. urteko belaunaldikoa da— eta aurreko Haretxaren ezkur batetik ernetakoa da. 2005eko zezeilaren 25ean sartu zan Haretxaren anaia da eta 1858. urtean sartu zan haren semea eta, beraz, “Haretx Zaharraren” bilobea, gaur egun Batzarretxeko lorategietan dagoan tenpletean fosilizaturik ikusi geinkena. Hori baino zaharragoa zanari “Aita Haretxa” eritxen; XIV. mendearen erdialdean sartu ei eben eta 450 urte inguru bizi izan zan.
Aukeratu dan haretx gazteak Arratian dagoan foru basoan emon ditu azken urteak, “quercus robur” espeziaren landarak osasuntsu hazteko baldintzarik egokienak dituan leku baten. Lehenengo urte bietan Basalan foru enpreseak Bilbotik hur daukan mintegian egon zan ondo zainduta. Leku horretan urtero Gernikako Haretxaren 400 ezkur inguru hazten dira. Hamabost urte zainduta eta kalidade kontrol estuak izanda egon ostean, 4 metroko garaiera hartu dau Foru Uribildura ekarriko dan zugatzak.
Gernikako Haretxa izango dana aurrekoak baino metro batzuk aurrerago egongo da, hazteko espazio horizontal gehiago izan dagian. Teknikariek kontu handia izan dabe drenajea hobetzen, material irazkorren zenbait geruza jarriz (neurri ezbardineko harri-koxkorren hiru geruza, harea geruza bat eta lur geruza bat). Ura atarateko ponpa batek eta lurpean jarritako hodi batzuk bermatu egiten dabe ura ez metatzea, zugatza ahalik eta baldintzarik onenetan sendo eta osasuntsu hazi dedin.
IKUSI BIDEOA: https://vimeo.com/121057164