Aurreko Albisteak

2021EKO AZKEN SEIHILEKOAN ATSEDEN PROGRAMA IZUGARRI HANDITU DALA EGIAZTAU DAU ALDUNDIAK

  • Plazen eskaintza lehenengo hiruhilekoan baino hamar aldiz handiagoa da, eta urteko azkenengo sei hilebeteetan 221 persona izan dira onuradunak

(Gernikan, 2022ko zezeilaren 23an). 2021eko bigarren seihilekoan, Aldundiak egoitzetan aldi baterako 221 egonaldi emon deutsez euren senitartekoek zaindu ohi dituen mendekoei, hau da, urteko lehen sei hilebeteetan onuradun izan diran personek “baino hamar bider gehiago”. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak emon dau datu hori Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur Gernikan egin daben kontroleko saioan, Elkarrekin Bizkaiak egindako itaunari erantzunez.

Aldundiaren atseden-programak iges-balbulea izan gura dau senideak zaintzen dituen gertukoentzat. 2019ko irailean, Zaintzailearen Estatutua onartu zanean, martxan jarri zan ekimena da eta negu haretan 27 egotaldi izan ziran. Urtearen azken partean, emoten dau pandemiak baldintzatutako iraganeko zifrak atzean ixten ari dala programea, eta Bizkaian zabaltzen hasi da. Helburua “bizkortzea” eta “bide horretatik jarraitzea” da, ziurtatu dau Murillok, eta “aurrera egin dogula” eta “onenen tropelean” gagozala onartzea eskatu deutso oposizinoari. Etorkizunean, “eskaintza handitzen jarraitzearen eta lurralde-oreka bilatzearen” aldeko apustua egin dau.

Elkarrekin Bizkaiaren bozeroalearen eretxiz, argazkia ez da hain ona; izan be, atsedenerako plazek –bere berbetan– adinekoen zaintzaren esparruan “baino ez” eben gora egin, eta ez hainbeste desgaitasuna edo buruko gaixotasuna daukien personen zaintzan; izan be Eneritz de Madariagak emon dituan Aldundiaren datuek erakusten dabenez, “estaldura gitxitu” egin da. Batzar Nagusietako talde horrek egiaztau egin dau zentro askotan ez dagoala plaza-erreserbarik, eta azken urteetan eskaeren “% 50 baino gehiagok” ezezkoa jaso dabela, plazen eta egoiliarraren tipifikazinoaren eta aukeratutako daten arteko “desorekarengaitik”.

BIDESARIAK AP-68AN

Beste itaun batean, Imanol Pradalesek azaldu dau Bizkaiko Foru Aldundiak aurrerapausuak emoten jarraitzen dauela AP-68 autobidearen Bizkaiko zatia lurraldeko tarifen sistema integralean sartu ahal izateko. Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak gogorarazo dau foru erakundeak daukala Arrigorriagatik Altuberaino doan tartearen titulartasuna, baina AVASA emakidadunak daukala 2026ko azarora arteko kudeaketea. Hori dala eta, Aldundiak gestinoak egin behar ditu, tarte hori AP-8, VSM eta Artxandako tunelen erabiltzaileek aspaldidanik balietan daben bidesarien gastu-mugaren programaren parte izan daiten.

Azken oztopoetako bat errepidearen jaubeakaz, Garraio Ministerioagaz eta Araba eta Bizkaiko Aldundiakaz errepidea arautzeko hitzarmena adostea da. Batzorde teknikoak “abenduan” itxi ebazan lanak, eta Pradalesek osoko batzarrean iragarri dauenez, Aldundiak “martian” onartuko dau Gobernu Kontseiluan segurtasun juridikoa emongo deutsan testua, horren ostean, geratzen diran alderdi teknikoak emakidadunagaz ebazteko.

Eduardo Andrade popularraren eretxiz, beste atzerapen barri horrek “burla” egiten deutse bizkaitarrei, errioxarrek, aragoiarrek edo arabarrek badaukiezalako daborduko “deskontuak edo doakotasuna” AP-68ko hainbat tartetan. Talde horrentzat, foru-dekretu “sinple” batek egoerea askatu egingo leuke, Araban gertatu dan moduan, baina Bizkaian “ez dago borondate politikorik” gai horren inguruan.

BARDINTASUN-POLITIKAK

Bizkaiko Foru Sektore Publikoan dagozan “zeharkako” politiken inguruko itauna egin deutso Aldundiari EH Bilduk. Arantza Urkaregi batzarkidearen eretxiz, politika horreek edo “ez dira garatu edo oso gitxi garatu dira”. Haren ustez, neurri horreek betearazotea “oso desbardina” izaten ari da, bardintasun-planean aurreikusitako 150 neurrien erdiak Bardintasunerako Foru Zuzendaritzaren eskumenekoak diralako, eta zaintza-sistema publikoa barru hartzen dauen Gizarte Ekintza Sailak, barriz, ez dauelako “ezelango neurririk aurreikusten”.

Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko foru diputatuak goitik behera ukatu dau hori, eta “preminazko” neurri “guztiei” heldu jakela ziurtatu dau, pandemiaren urte biek hain garrantzitsuak ez diran gai batzuk moteldu dituen arren, bere sailak “larrialdietan jarri behar izan dauelako arretea”. Diputatuak, besteak beste, sailaren 85 programetan eragina daukien Bizkaiko “laugarren” aurrekontuak aurkeztu izana nabarmendu dau. “Ez dakit zenbat administrazinok esan leikien hori; behar bada bakar batek be ez”, esan dau.

BIZKAIKO LARRIALDI ZENTROA

Beste itaun baten bidez, Bizkaia Prest alkarteak kudeatzen dituan mendiko erreskateen edo bilaketen ondoriozko larrialdietan dagozan hutsuneak salatu ditu Elkarrekin Bizkaiak. Xabier Benito batzarkidearen berbetan, “80 profesional” “besoak kurutzatuta” geratzen dira abisu bat heltzen danean, eta horrek “arriskuan jarten dau personen integridadea, baita bizitza be”. 2019az geroztik, “800 esku-hartze baino gehiago” egin dira lurraldean, eta “horreetako batean be” ez da basozainek parte hartzea eskatu.

Elixabete Etxanobe diputatuak zalantzan jarri dau datu horreen egiazkotasuna, eta ziurtatu dau ez dagoala Mendien Foru Zerbitzuaren parte-hartzearen eta larrialdi bati erantzuteko bizkortasunaren arteko erlazinorik ezarten dauen azterlanik. Larrialdi “ez lazgarri” moduan definidutako larrialdi horreei erantzuteko eskumena SOS Deiak-112 zerbitzuaren esku dago, eta Aldundiaren zerbitzuak aktibetea ez dago Bizkaia Prest erakundearen esku, Euskadiko Larrialdietarako Zentroko koordinatzailearen esku baino, harek daukalako zerbitzuak eskatzeko ahalmena, indarrean dagoan legedia betez. Ganera, Ertzaintzaren, suhiltzaileen, DYAren edo Udaltzaingoaren beste baliabide batzuk Mendien Zerbitzuak esleituta dituan zereginak egiteko gaituta dagoz. “Inork ez daiala zalantzarik izan, beharrezko baliabideak aktibauko dira”, esan dau.

2023KO FRANTZIAKO TOURRA

Lehenengo aldiz parlamentuan, 2023ko Frantziako Tourrean, garagarrilaren 1ean Bizkaiko uriburuan hasi eta amaituko dan lehenengoan, Bizkaia zeharkatuko daben etapak zehaztu ditu Aldundiak. Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapeneko diputatuaren eretxiz, “albiste bikaina” da munduko lasterketarik garrantzitsuenak bere begiak Euskadin jarri izana. Bizkaian, eragin sozial eta mediatikoa oso garrantzitsua izango da. Kalkuluen arabera, “190 herrialdetan” ikusiko dira gure lurraldeko irudiak, “3.500 milioi personako” audientzia potentzialagaz.

EH Bilduk, bere aldetik, lasterketaren antolakuntzak hizkuntza ofizialen erabileraren, bardintasunaren eta jasangarritasunaren inguruan izan behar dauen konpromisoaren ganean galdetu dau, eta Ainara Basurko diputatuak adierazo dau ez daukala horrek beteko diranaren inguruko zalantzarik. Zigor Isuskiza batzarkideak euskal lasterketak “ez ahazteko” eskatu dau, horreek bermatzeko, Udaberriko Klasikoa edo Emakumeen Bira kasu, eta arreta gitxiago jarteko euskal erakundeek Tourreko lehenengo hiru etapak erakarteko inbertituko dituen 12 milioi euro horreen “itzulera” ekonomikoan.

AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Aldundiak oposizinoko taldeek planteetan ebezan sei gairi be erantzun deutse. Egoitza soziala aldatzeagaitik Bizkaian enpresak “galdu” izanari jagokonez (Siemens Gamesa izan daiteke azkenengo biktimea), Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapeneko diputatuak nabarmendu dau Bizkaia ekosistema erakargarria eregiten ari dala, talentua, barrikuntza eta inbertsinoak erakarteko. Aldundiak esku artean dituan datuek erakusten dabenez, 2019 eta 2021 arteko saldoa positiboa da. “57” enpresa erakarri ziran (2019an 19, 2020an 12 eta 2021ean 26). Horreetatik 9 ETEak ziran eta 48 startup-ak. Erdiak Estaduko beste leku batzuetatik etozan. Datu horreek, barriz, ez datoz bat Eduardo Andrade batzarkideak emondakoakaz; izan be, azken horrek “lurraldearen lehiakortasun-galerak eta fiskalidade ez oso erakargarriak” eragindako saldo negatiboak aitatu ditu.

Beste alde batetik, Eneritz de Madariaga andreak, Elkarrekin Bizkaia taldeko taldeburuak, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkadua eraldatzeko preminazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuak foru sektore publikoan dituan ondorioen inguruan erantzuteko eskatu dau. Elixabete Etxanobe diputatuaren berbetan, dekretu horrek eta beste aldaketa batzuek “oso eragin mugatua” izango dabe Aldundian, kontratuen tipologiarengaitik. Eragin “handiagoa” izango dabe foru sektore publikoko erakundeetan, aldi baterako kontratazino-maila handiagoa daukielako. Sektore hori kontratazino-formula barrietara egokitu beharko da, baina Lan Ministerioak egin behar dauen lan-erreformaren jarraibidearen eta arauzko garapenaren zain dago oraindino Aldundia.

Horrez gain, talde horrek berak adinekoentzako egoitza-zentroetako gaueko arretaren egungo egoeraren inguruko Aldundiaren erantzunak eskatu ditu. Zentroren batean “54” egoiliar arte egon dira “gerokultore bakar bategaz”. Sergio Murillo diputatuak 126/2019 dekretuan jasotako ratioak barriro ikusteko eskatu deutse, eta arauen arloan egin daitekezan aldaketak sartzeko eta jagokozan ikuskapenak egiteko “hausnarketa edegiaren” ganean egin dau berba. Bere eretxiz, kontrol-sistemak “funtzionau” egiten dau eta, adibide moduan, Aldundiak Barakaldon agindutako azkenengo itxiera biak aitatu ditu: egoitza bi itxita, ez-betete “larriengaitik”.

ZERGA-ALDAKETAK, BALORA ETA BIZIKLETAK ALOKATZEKO ZERBITZUA

Beste alde batetik, EH Bilduk 2022rako zerga-izaerako neurrien inguruan galdetu dau. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak urte honetan aldatuko diran hainbat zerga-arau aitatu ditu, EH Bilduk etorkizunean zerbitzu publikoen finantzaketea bermatzeko eskatzen eutson erreforma integralaren eukia balorau barik.

Eta Haurren Zerbitzuak identifikautako babesgabetasun-egoeretan “instrumentalizazinoa gurasoen arteko gatazkan” izeneko BALORAren itemak izan dauen eraginak be biztu dau EH Bilduren interesa. Oraingoan, Sergio Murillok azaldu dau bere sailak “2021eko garagarriletik abendura bitartean” edegitako espedienteen azterketea bialdu deutsola daborduko Eusko Jaurlaritzari. Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak ez daitela “berandutza gehiago egon” eskatu dau; izan be, tresna horrek baloretan dituan umeen eta nerabeen arrisku eta babesbakotasun egoerak “gai gogorrak dira”.

Azkenik, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak Bizkaibizi proiektuaren azken datuak emon ditu, EH Bilduk eskatuta. Miguel Ángel Gómez Viarrek azaldu dauenez, hitzarmena “datozan egunetan” sinatuko dabe Aldundiak eta Bilbo Metropolitarreko udalek, alokairuko zerbitzu publikoaren erabilerea zabaltzeko. Oraingoz, tarifen politikea eta geltokien kokapena aztertzen ari dira. EH Bilduk alokairu zerbitzu hori garraio publikoaren eskaintzan sartzeko eskatu deutso.