ALDUNDIAK BARAKALDOKO LEIREKO ANDRA MARIAREN EGOITZEA IXTEKO AGINDU DAU
- Gizarte Ekintzako foru departamentua alternatiben bila dabil gaur egun bertan bizi diran “hamar” personentzako, martiaren 5ean, zapatuan, zentroak zerbitzua eten behar izan baino lehen, “ez-betete larria” dala-eta, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Batzar Nagusietan azaldu dauenez.
(Bilbon, 2022ko zezeilaren 22an). Gizarte Ekintzako foru sailak Barakaldoko Leireko Andra Mariaren egoitzea “gehienez urtebetez” aldi baterako ixtea agindu dau. Zerbitzua martiaren 5etik aurrera etengo da, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur egin dauen agerraldian jakinarazo dauenez.
Barakaldoko Iñigo de Loyola egoitzan –hori be itxi egin da– egindako hainbat ikuskapen-jarduketek agerian itxi eben araudian ez-betete “oso larriak” gertatzen ari zirala. Zehatzago, diputatuak “gauean profesionalik ez egotearen” inguruan egin dau berba. Ganera, Foru Ogasunak antzeman eban egoitza ez egoala egunean bere zerga-betebeharretan, eta horregaitik galdu eban ituna azaroaren 24an.
Murillok ixteko agindua heldu arte izan diran gertakarien kronologia egin dau. Urriaren 8an eta 18an ikuskapenak egin ostean, bere sailak, Ikuskaritza Zerbitzuak halan adierazota, zemendiaren 17an zehapen-espedientea edegitea erabagi eban. Espedientea urtarrilaren 28an amaitu zan, enpresak alegazinoak aurkezteko eukan epearen ostean.
Diputatuak adierazo dauenez, itxiera barri honek erakusten dau Aldundiari “ez deutsola dardararik eragingo zentro bat itxi behar izateak”, bere lanaren lehentasuna “gure adinekoen zaintzea bermatzea dalako, beste edozein interesen ganetik”. Une honetan, Barakaldoko egoitzan geratzen diran 10 egoiliarretatik zazpik urteera-datea jarrita daukie daborduko, eta beste hirurak foru sistemako beste egoitza batean plazea jasoteko “izapideak” egiten ari dira.
INOIZ BAINO IKUSKAPEN GEHIAGO 2021EAN
Zentro horren itxieraren barri emon aurretik, Murillok, urtero, maiatzean, Bizkaiko parlamentuko Gizarte Ekintzako batzordean osorik jakinarazoten dituan urteko Ikuskapen eta Kontrol Planeko datu batzuk aurreratu gura izan ditu. Diputatuak 5 blokeko analisiaren 1. atala laburbildu dau.
2021ean, inoiz baino ikuskapen gehiago egin ziran Bizkaiko gizarte-zerbitzuetako zentroetan (nagusien egoitzak, eguneko zentroak, adinbakoentzako zentroak, etxebizitza komunitarioak…). Zehatzago esanda, “473” ikuskapen izan ziran, hau da, aurreko ekitaldian baino “% 10 gehiago”, orduan “436” izan ziralako, eta 2019an baino gehiago, orduan “398 ikuskapen” egin ziralako. Datu horreetan ez dira kontuan hartzen covid-19ari lotutakoak. Igaz, covid agerraldien ondoriozko beste “70” ikuskapen gehitu beharko litzatekez. Joan dan urtekoen artean, PCI teknikariek pandemiaren aurrean zentroek osasun-neurriak beteten ebezala kontroletako egindako “1.349 bisitak” be badagoz.
2021ean, ikuskapen horreei esker, “30 ez-betete” hauteman ziran zentroen baldintza material eta funtzionalei jagokenez. “Bederatzik” covid19ko araudi espezifikoagaz daukie zerikusia (bisitak, garbiketea, etab.); “lau”, adinekoentzako egoitza-zentroetan hauteman ziran; “bost”, etxebizitza komunitarioetan; eta “hamabi”, adinbakoen egoitza-zentroetan. Zentro “guztiek” ikuskapen publikoa izan ebela nabarmendu dau Murillok.
Aldundiari babesa emoten deutsien Batzar Nagusietako taldeak pozik agertu dira ikuskapenak adinekoen zaintzarako “bermerik onena” izango diralako. Oposizinoaren lerroetatik, baina, uste dabe Barakaldoko egoitzaren itxierak erakusten dauela Aldundiaren aldetik “gestino merkantilistaren promozinoa” egiten dala, Hector Fernández batzordekidearen berbetan, eta politika horrek “irabazi-asmoa erraietan sartuta eukitea sustatzen dau”. Beste alde batetik, EH Bilduko Izaskun Duquek galdetu dau ea herri berean zentro bi ixteak ez ete dituan “alarmak piztu” beste egoitza batzuetan.
ADINEKOENTZAKO PRESTAZINO EKONOMIKOA
Beste alde batetik, batzordeak laguntza pertsonalerako prestazino ekonomikoa arautzen dauen Foru Dekretua aldatzea eztabaidatu dau, EH Bilduk proponiduta, “prestazinoaren eremua adinekoei zabaltzeko”. Koalizino abertzalearen berbetan, Aldundiak 2019an hartu eban konpromiso hori bere arau-programan. Arauz besteko proposamena ez da onartu, kontrako 9 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 5 boto (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzio bat (Talde Berezia-PP Bizkaia) izan ditualako. Aldundia babesten daben alderdi biek adierazo dabenez, hirugarren sektoreagaz alkarrizketa-mahaia jarri da martxan laguntza hori 65 urtetik gorakoei zabaltzeko, kolektibo horretako persona batzuk “daborduko prestazino hori jasoten ari diran arren”, Elena Coria jeltzaleak ohartarazo dauenez.