GERRAKO UMEEK BIZKAIAREN OMENALDI SENTIDUA JASO DABE, ETA GERNIKAKO ARBOLAREN BOST OINORDEKO EMON JAKEZ ERRUSIAN LANDATZEKO
- Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak orain dala 85 urte Gerra Zibiletik Europara iges egiteko Santurtzin itsasontzia hartu eben euskal herritarren ordezkariak hartu ditu.
(Gernikan, 2022ko zezeilaren 22an). 1937ko bagilaren 13an, Gernika bonbardau eta hilebete eta erdira, 4.330 ume itsasontzian sartu ziran Santurtzin, Frantziako Pauillac portura bidean, Gerra Zibiletik igesi. Handik, talde horren heren bat Lenningradera (gaur egun San Petesburg) eroan ebezan. Zenbait protagonistek itzulerako bidaia sinbolikoa egin dabe egunotan Gernikako Batzar Etxean Bizkaiko gizartearen omenaldia jasoteko. Helburua bizirik urten eben horreen ordezkariek Gernikako Arbolaren bost oinordeko eroatea da, faxismoaren kontra burrukatu ziranen memoria historikoagaz oso lotuta dagozan Errusiako hainbat lekutan landatzeko.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Azucena Fernández eta Victoria Iglesias Martínez “neskatoak” gidau ditu Bizkaiko parlamentuaren egoitza ofizialetik, senideak eta Marina Sokolova Kurganoza, Sever-“SESBko Gerrako seme-alabak” alkarteko presidenteordea bertan zirala. Erakunde horrek bultzatu dau aintzatespeneko ekitaldi txiki hau, eta Gernikako bonbardaketari aurre egin eutson haretxaren oinordekoen eskaera ofiziala egin eban, hain zuzen be, hilebete gitxi barru ume horreek, minez beteta, Santurtzitik urten ebenetik 85. urteurrena beteko danean. Erdiak euskaldunak ziren.
Ekitaldian izan diran hainbat funtzionario errusiar arduratuko dira herrialde haretako agintariek lekualdaketeari oneretxia emoteko egin beharreko gestinoak egiteaz eta faxismoaren kontrako burrukako leku historiko eta enblematikoetan landatzeaz. Oinordeko bat Moskun haztea aurreikusten da, “Poklonnaya Gora” memoria-museoan, Hitlerren tropen kontra burrukatu eben espainiarrei eta euskaldunei eskinitako kaperaren ondoan. Beste bi San Petesburgera eroango dira eta Lenningradeko Defentsaren eta Setioaren Oroimenezko Estaduko Museoan eta II. Mundu Gerran nazien setioan jausitako burrukalarientzako lekuan egongo dira. Pushkin uriak (Tsarren antxinako herrixkak) beste ale bat jasoko dau, gerrako emigratzaileak hartu ebezan umeentzako etxeen ondoan ernatzeko. Eta, azkenik, Karelia eskualdeko lurrak defendidu ebezan espainiarrei eskinitako obeliskoa izango da, tamainuz txikia baina sinbologiari jagokonez handia dan azkenengo zugatzaren helmugea.
Ekitaldi txiki horrek esker ona adierazo gura izan dau, Errusiaren aldetik babesik bako umeei emondako harrera bikainarengaitik eta abegikortasunarengaitik. “Zugatz horreek faxismoaren kontrako burrukaren eta garaipenaren oroigarri bihurtzea gura dogu, gure heroien oroimena ohoratzea, horreetako batzuk Santurtzin ontziratu ziran gerrako umeak izan ziralako, eta, batez be, bakearen eta gizateriaren sinbolo bihurtzea Errusiako Federazinoaren etorkizuneko belaunaldientzat”, “Sever – SESBko Gerrako seme-alabak” alkarteak Bizkaiko parlamentuko lehendakaritzari egindako eskaeran azaltzen dan moduan.
Batzar Nagusietako lehendakaria be ale horreek Errusian sustraitzearen eta “Bakearen Zugatz” bihurtzearen alde alde agertu da, “Bakearen hazia erne daiten eta edozein gerra-idea baztertuta geratu daiten”, esan dau.