ALDUNDIAK AKORDIOA LORTU DAU BIZKAIBUSEKO LAU EMAKIDADUNAKAZ, KONTRATUETAN GIDARITZAKO ORDU GEHIAGO SARTZEKO
- Miguel Ángel Gómez Viar Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak Batzar Nagusietan jakinarazo dauenez, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin dau “batzorde, prestakuntza eta lizentzia eta baimen ordu” moduan foru Sailak urtean 2014ko kontratazino-agirietan sartu ez ziran “60.378” ordu gehiago sartzeko hartu dauen erabagia.
- Aurrekontuan izandako eraginak 18,5 milioi euroko gastua ekarri eban 2021ean.
- Bizkaiko parlamentuak aho batez onartu dau errepide bidezko garraioa Bizkaira eskualdatzea berresten dauen hitzarmena.
(Bilbon, 2022ko zezeilaren 21ean). Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko foru diputatuak, 2015 eta 2021 arteko kontratuak egokitzeko eta kontau bako lan orduen kostuen gehikuntzea jasoteko Bizkaibusen lau enpresa emakidadunakaz lortutako akordioaren barri emon dau, gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietan, berak eskatuta. Aldundiak konpondutzat emon dau Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazinoarenganako Auzien Aretoaren epai judizialagaz edegitako arazoa. Izan be, Pesalurrek Durangaldeko, Arratiako eta Nerbioi Garaiko lineak kudeetan ebazan. Akordio horren bitartez, “gidaritzako 60.378 ordu” gehiago egingo dira, hasiera batean 2014. urteko kontratazino-agirietan kontuan hartu ez ziran gidarien lan-ordutegian. Ordu horreeek “batzorde, prestakuntza eta lizentzia eta baimen orduak” kontzeptuei jagokezanak ziran.
Busturialdea Lea-Artibai, Ezkerraldea Meatzaldea, Txorierri-Mungialdea eta Enkarterri foru-sareko emakidadunakaz lortutako akordio horrek, EAEANren oneritxia dauka, eta 2024ko abenduaren 31ra arteko kontratuen “ekonomia- eta finantza-orekea” ezartea dakar beragaz. 2021ean bakarrik, aldaketa horrek “3.442.000 euroko igoerea ekarri deutso BLBri, 9.279.000 eurokoa MBri, 4.659.000 eurokoa Txorierriko emakidari eta 1.103.000 eurokoa Enkarterriko emakidari”, zehaztu dau diputatuak, eta adierazo dau zuzentzen dauen sailak, 2014. urtean egindako pleguetatik “jasotako arazoa konpondu dauala”. Aldundiak enpresa emakidadunakaz eukazan “eztabaida guztiak” modu “egokian” amaitu dira
Gastuaren igoera hori gidaritzako kapituluan urtean ordu gehiago apliketearen ondorio da. Halan, urteko berrorekea dala-eta, “29.914 ordu gehiago emongo jakoz MBri, 12.344 ordu BLBri, 14.771 ordu Txorierriri eta 3.349 ordu Enkarterriri”. Diputatuak adierazo dauenez, “ordaindu beharrekoa ordaindu da, ez euro bat gehiago, ezta euro bat gitxiago be”, eta “enpresaren irabaziak edo antzeko ezer ez diran kontzeptuetan oinarrituta egin da, hau da, batzorde, prestakuntza, lizentzia eta baimen orduetan”. Bizkaibuseko zonako mapa aldatzeak “hurrengo lizitazinoen diseinuan ikasteko balioko deusku”, esan dau.
Batzar Nagusietako taldeek onartu egin dabe soluzino horrek Gómez Viarrek Itziar Garamendi aurreko Garraio diputatuarengandik jasotako “patata beroagaz” amaitzea dakarrela. Raul Mendez EH Bilduko ordezkariak kritikau egin dau garai haretan Bizkaibusen lizitazino barria “aurrezpena” izan zala Aldundiarentzat, baina urteekaz “geroz eta gehiago gastetea dakarrela” 2014ko lizitazinoan sartuta ez egozan kontuakaitik. Horregaitik, “alderdi horreek guztiak batzen dituen beste plegu batzuk egiteko” gonbitea egin deutso diputatuari.
ESKUALDATUTAKO ESKUMENAK
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez berretsi dabe Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko Eskualdaketen Batzorde Mistoaren akordioa onartzea dakarren hitzarmena, errepideko garraioari jagokonez garagarrilaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren Xedapen Gehigarrian aurreikusitako eskumenei atxikitako giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak eskualdatzeko.
Laburbilduta, Bizkaiak bere gain hartzen ditu, beraz, merkatalgaien eta bidaiarien garraio pribadu osagarriaren eskauldaketea, jarduera auxiliarrak eta osagarriak, baita Arbitraje Batzordea be, lurreko garraio-kontratuak betetean sortzen diran merkataritza-izaerako eztabaidak ebazten dituan organua.
Oposizinoko taldeek zenbait zehaztapen eskatu ostean, Gomez Viarr diputatuak zehaztu egin dau hitzarmen horrek Gobernuaren Ordezkariordetzako lau pertsona foru plantillan sartzea eta lokal txiki bat jabetzan hartzea dakarrela. Diputatuak esan dau Arbitraje Batzordea “aktibauta dagoala daborduko”, eta “25 demanda dituala mahai ganean argitzeko”.