Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek agindeia egin deutsie Aldundiari, haurdun egoteaz aparte gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dagozan emakumeei laguntzea eta aholkularitza psikologikoa emoteko plana prestau daian

Gizarte Ekintzako Batzordea

Gizarte Ekintzako Batzordea

Bilbon, 2015eko otsailaren 5ean.

Gaur alkartu dan Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeak, aho batez onartu dau Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat, Foru Aldundiari eskaerea egiteko, haurdun egoteaz aparte gizarte bazterketa arriskuan dagozan emakumeei laguntzea eta aholkularitza psikologikoa emoteko plana sortu daian, hirugarren sektoreko erakundeakaz alkarlanean.

Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen zuzenketa-eske bi sartu dituan proposamena Eduardo Andrés PP-ko bozeroaleak defendidu dau. PP-ko bozeroalearen eretxiz, “beharrezkoa da erakundeen inplikazino handiagoa emakume horreek defendiduteko, horreetako asko gazteak diralako, bakarrik dagozalako eta gizarte bazterketa egoeran bizi diralako”.

Ana Esther Furundarena EAJ-PNV-ko ordezkariak, bere taldeak, ekimena hobetzeko asmoz, aurkeztu dituan zuzenketa-eskeak defendidu ditu, baina azpimarratu dau Aldundiak “badituala daborduko emakume talde horri laguntzeko programak eta zerbitzuak, eta arreta integrala eta pertsonalizaua eskintzen jakela, laguntza psikologikoa barne”.

Batzordeak EH Bilduk aurkeztutako Arauz Besteko beste Proposamen bat be onartu dau. Proposamen horretan eskaerea egiten jako Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Sailari, “urtero, modu monografikoan, Lurralde Historikoko Adinekoen Egoitzetan eta Eguneko Zentroetan egindako ikuskaritzen urteko Txostena aurkeztu daian, eta baita adin txikikoen zentroetan, MENA izenekoetan, emakume erasotuenetan, eta lurraldeko gainontzeko zentroetan egindako ikuskaritzei jagokena be”. Proposamena aurkeztu dauen taldeak EAJ-PNV-k bere ekimenari aurkeztutako zuzenketa-eske bat onartu dau, eta proposamena onartu egin da, PP-ko ordezkari bien abstentzinoagaz.

PP-k hirugarren Arauz Besteko Proposamen bat eroan dau saiora, “ezkontza apurtzeko prozesuan dagozan pertsonei babes berezia eta laguntzeko neurriak” eskintzeko. Ekimenak ez dau aurrera egin, ganerako taldeek ez dabelako onartu eta PP-ko ordezkari bien aldeko botoa baino ez dauelako lortu.

Jon Larrea EAJ-PNV-ko bozeroalearen eretxiz, PP-ren proposamenak “oso kasuistika desbardinak eta mota guztietako beharrak dituan oso talde heterogeneoan eukiko leuke eragina”. Horrez gain, gogoratu dau “badagozala daborduko ezkontza apurtzearen ondorioz zaurgarritasun arriskuan dagozan pertsonentzako zerbitzuak, Aldundiak eskintzen dituan doako aholkularitza juridikoa eta arreta psikologikoa edo Eusko Jaurlaritzaren familia bitartekaritza zerbitzua”, adibidez.

Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak, bere taldeak PP-ren proposamenaren aurrean daukan konfiantza faltea adierazo dau, horren ostean, bere ustez, “zainketa partekatuari buruzko eztabaidea ezkutau daitekealako, eta ez dogulako holango tranpatan jausi gura”.


NORMALTASUNA LOIUKO MENAN

Batzordearen bilera berean Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Foru Diputatuaren batzorderatzea gauzatu da, Loiuko Adinbakoen harrera-etxeari (MENA) buruzko informazinoa emoteko. Agerraldia Bizkaiko Talde Popularrak eskatu dau, eta Eduardo Andrés talde horretako bozeroaleak, “zentro horretan izandako irregulartasunak” bideratu deutsez Ardanzari eta ganerako taldeei. Popularren ordezkariak adierazo dauenez, arazo horreek “bertako biztanleen kexak” eragin ditue.

Loiuko Zabaloetxe zentroko zuzendaritzagaz, udalerriko alkateagaz eta Adinbakoen Fiskaltzagaz izandako hartu-emonen barri emon ostean, Pilar Ardanzak “ez dagoala ezelango irregulartasunik” esan dau. “Alderantziz, bizikidetza arloko hartu-emonak gero eta hobeak dira”, esan dau.

Ganerako taldeek, Loiuko MENAren kasuan “justifikazinorik bako alarmismoa sortzea” aurpegiratu deutsie PP-ri.

Bukatzeko, eta EH Bilduk Asistentzia Pertsonalerako Prestazino Ekonomikoaren (PEAP) estaldura ereduari buruz egindako beste galdera bati erantzunez, Pilar Ardanzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagozan egoitzetan eskintzen dan arretea defendidu dau. “Bizkaiko hirugarren sektoreko erakundeak oso indartsuak dira, eta egoitzetan eskintzen dan arretea kalidade maila altukoa da”, defendidu dau Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak bere erantzunean. Irune Soto EH Bilduko bozeroalearen eretxiz, “legealdi honetan Aldundiak ez dau egoitzetako arretea hobetzeko ezelango neurririk hartu. Gipuzkoan, barriz, bertako Aldundiak 12 milioi euro bideratu ditu 12.500 pertsonaren beharrei erantzun ahal izateko”.

Ardanzak eskaerea egin deutso EH Bilduri, gura badau, “etxe barruko familia ingurunean zaintzaileei emoten jakezan laguntzak hobetzeko proposamena” aurkeztu daian.