Aurreko Albisteak

ENKARTERRIETAKO MUSEOAREN KULTUREM PROGRAMAK CLOWN ETA MAGIA IKUSKIZUN EGOKITUAK ESKAINIKO DITU MARTIAN

  • Oihulari Klown eta Tor Magoa arituko dira martiaren 5ean eta 12an, hurrenez hurren.
  • Ikuskizun biak dibersidade funtzionala daukien personentzat egokituta dagoz eta dobakoak dira, aldez aurretik 946504488 telefono-zenbakian edo enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan izena emonda.

(Abellanedan, 2022ko zezeilaren 18an). Familiei zuzendutako Kulturem programea martian itzuliko da Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museora. KULTUREM DENONTZAT 2022 izenagaz, barrikuntza moduan, dibersidade funtzionala daukien personentzat egokituta dagozan clown eta magia ikuskizun bi programau dira.

Martiaren 5ean, 18:00etan, Oihulari Klown taldeak euren “GABE” antzerki eta clown ikuskizuna eskiniko dau.

Sinopsia: “Gabe” erderazko “sin” da. Testurik, konplexurik eta asmorik bako ikuskizuna da. Clown aktore bik etxe bako persona biren papera egiten dabe, “les clochards” pailazo eskaleen tradizinorik garbienean: Ez daukie ezer eta, horregaitik beharbada, dana ospatzeko errazoi bihurtzen da. Edozein kinu jenteagaz hartu-emonetan jarteko atxakia dan etenbako sormen-ariketea. Persona ahulenen aldeko kantua. Ikuskizun hunkigarria, tarteka barregarria, gizonen arteko samurtasuna salbetan dauena eta maskulinitate barriak sustatzen dituana. Bizitza ospatzearen garrantzia gogorarazoteko aukerea.

Martiaren 12an, 18:00etan, Tor Magoa eta bere “AMARRU” apustua.

Sinopsia: Ikuskizun parte-hartzailea eta umoretsua da, sorginkeriz, araoz eta amarruz betea. Adin guztietako ikus-entzuleek magiaren sekretu miresgarriak sentiduteko aukera parebakoa izango dabe. Ganera, umeek ez dabe bakarrik magia ikusiko, magia egin be egingo dabe.

Jarduera biak dobakoak dira, aldez aurretik 946504488 telefono-zenbakian edo enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan izena emonda, eta momentu horretan edukieraren eta musukoaren erabileraren inguruan indarrean dagozan segurtasun-arauak betez egingo dira.