Aurreko Albisteak

EUKALIPTORAKO 2025ERA ARTEKO MORATORIA JASOTEN DAUEN FORU ARAUAREN PROIEKTUA AZALDU DAU ALDUNDIAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Amaia Antxustegi Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturaletarako foru diputatuak agerraldia egin dau, espezie horren hedapena geldiarazoko dauen Mendiei eta Babespeko Naturguneen Administrazinoari buruzko Foru Arauan sartutako aldaketa nagusiak zehazteko.

  • Testuak, arauzko proiektuaren eukia aldatuko ez daben norbanakoen eta alkarteen 9 alegazino jaso ditu.

(Bilbon, 2022ko zezeilaren 17an). Aldundiak gaur aurkeztu deutse taldeei Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordean laster Bizkaiko parlamentuan eztabaidatuko dan Foru Arauaren aurreproiektuaren eukia. Bertan, Eucalyptus generoko espezieen landaketa barriei jagokenez aldi baterako (2025. urtera arte) moratoria txertatzea planteetan da, “ingurumena, ekonomia eta gizartea orekatzeko eta jagokon araudia egokitzeko beharrezkoak diran baso-antolamenduko tresnak onartzen diran bitartean”, horreen artean Mendien inguruko Foru Arau barria.

Amaia Antxustegi Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak azaldu dauenez, Mendiei eta Babespeko Naturguneen Administrazinoari buruzko ekainaren 2ko 3/1994 Foru Arauaren aldaketea Aurretiko Kontsulta Publiko prozesuaren ostean egin da. Prozesu horretan sektoreko hainbat erakundek, ekoizlek, ingurumen-kolektibok, komunidade zientifikoak eta teknikariek eta norbanakoek hartu dabe parte, eta horreen guztien eta herritarren eretxiak jaso dira. Azkenik, testuak norbanakoek edo sektoreko edo ingurumen arloko alkarteek aurkeztutako 9 alegazino jaso ditu. Alegazino horreek ez dabe proiektua aldatzeko balioko, hori arautzeko “interesgarriak” izan arren, diputatuak ohartarazo dauenez.

Arau-aldaketak pinuaren banda marroia gaixotasunak areagotu dauen espezie horren zabalkundea geldiarazo gura dau; izan be, horren kontra dagozanen berbetan, “ingurumenerako kaltegarri izan daitekezan ondorioak” ditu. Bizkaian, 2020an Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Sailari eskatutako birlandatze-baimenen % 60 baino gehiago espezie horretakoak izan ziran. 2020an Euskal Autonomia Erkidegorako egindako Baso Maparen arabera, hazkunde bizkorreko konifera horrek 20.506 hektarea hartzen ditu, guztizkoaren % 15,6. Bizkaiko baso-azalera 131.676 hektareakoa izan zan; horreetatik 58.257 hostozabalei jagokezan, eta ganerako 73.419 hektareak konifero-bariedadeei. Baso-azaleraren % 76 esku pribaduetan dago.

Datu horreek emon ostean, diputatuak adierazo dau arau-aldaketea xedapen barri baten bidez egituratzen dala. Xedapen horrek adierazoten dau landaketa horreek bakarrik baimenduko dirala 2025eko abenduaren 31ra arte, “baso-barritzearen xede dan lursailaren aurreko okupazinoak, modu nagusian –% 50 baino gehiago– mota horretako masa purua edo mistoa izan dauenean, beti be aurreko landaketak indarrean dagoan legeria sektorialean xedatutakoa errespetauta egin badira”. Edozelan be, ez da onartuko eukaliptoaren bidez barriro landatuko dan azalereak aurretik espezie horregaz landatutako azalerea gainditzea, baina araua indarrean sartu aurretik baimendutakoak, hau da, argitaratu eta egun batera artekoak, onartu egingo dira.

Batzar Nagusietako taldeek eretxi desbardinakaz jaso dabe aurreproiektua. Etxanobe batzordean agertzea eskatu daben talde biek, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak, planteautako gai batzuei diputatuak erantzun ez izana deitoratu dabe: sektoreari konpentsazinoak emoteko neurriak, moratoria urteetan luzatzeko aukerea, horren errazoi “zehatzak”, espezie inbaditzaile moduan ez katalogau izana, lurzoru publikoen eta pribaduen arteko tratamentu desbardina edo 2025etik aurrerako etorkizuneko asmoak.

Gobernuari eusten deutsien taldeek arau “on” bati buruz egin dabe berba, orain arte egindakoa “errespetetan dauelako” eta eukaliptoaren hedapena “geldituarazotearen” eta bertako espezieen azalerea zabaltzearen alde egiten dauelako. Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak esan dauenez, moratoria ezarteko errazoi “nagusia” basoa kontrolpean izatea da “eskuetatik joan ez dakigun”; izan be, basobarritzeko proposamenen % 60 baino gehiago eukaliptoa izan ziran. Moratoria beharrezkoa da, epaileek be espezie hori espezie inbaditzaile moduan definiduteko “ez dagoala oinarri zientifikorik” ebatzi dabelako.

ISURKETEA BARBADUN ERREKAN

Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, urtarrilaren 17an Muskizko Barbadun errekan gertatu zan Petronorren findegiko isuria dala-eta be etorri da diputatua batzordera. Talde moreak hainbat galdera egin ditu gertatutakoa hobeto ezagutzeko. Hector Fernandez batzordekideak esan dauenez, hasiera batean enpresak "irisazino" moduan definidu eban gertatutakoa. Ahozko erantzun-eske baten bidez, Aldundiak hartutako neurriak azaldu daizala be eskatu deutso EH Bilduk.

Diputatuak azaldu dauenez, isuriak ez dau “ezelango kalterik” eragin uretako faunan, ezta Barbadungo paduretan dagozan hegaztiengan be; beraz, “ez da beharrezkoa izan ingurumena lehengoratzeko ezelango lanik egitea”. Antxustegik ohartarazo dau “15 egunen buruan” sailak eragina jaso dauen lursailean hartutako azken laginen emoitzak izango dituala eta, konponketa-lanen bat egin ezkero, enpresak hartu beharko dauela bere gain, Aldundiko teknikariek gainbegiratuta. Momentuz, bere sailak zehapen-espedientea edegi deutso Petronorri. Isurketaren egunean bertan erreakzionau eban enpresak Emondako informazinoaren arabera, lastozko hesiak jarri ebazan, eta “orio-orbanak” kamioi moto-bonba baten bidez xurgatu ebazan.

Beste alde batetik, talde moreak galdetu dau ea zergaitik ez dagoan ingurumenagaz eta naturguneen kontserbazinoagaz erlazionautako neurririk hondartzak kudeetako abenduan udalakaz sinatu zan hitzarmenean, baina diputatuak ukatu egin dau halangorik gertatzen danik. Diputatuaren berbetan, lurraldeko dozena bat udalakaz sinatu zan eta 2024. urtera arte indarrean egongo dan hitzarmenean babesa “bermatuta dago”.

Modu berean, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak Berango-Unbe errepidean (BI-3733), 23. eta 28. kilometroen artean, dagoan “kontrolau bako” zabortegia kentzeko eskatu dau. Zezeilaren 10ean, Foru Aldundiak ingurua ikuskatu ostean, teknikariek egiaztau egin eben hondakin solidoak aurkitu ziran puntua Berangoko udalerriari jagokola, eta, beraz, udal hori zala hondakinak kendu eta beharrezko zigorrak ezartearen arduraduna. Aldundiak puntu zikin horreek saihesteko aktibetan dituan neurri “prebentiboak eta zuzentzaileak” gogorarazoteko aprobetxau dau Etxanobek. Lehenengoak, herritarrak kontzientzietako kanpainen eta 23 garbiguneko sarearen bidez. Eta bigarrenak, udalerriek legez kanpoko isurketak saihestu daiezan laguntza ekonomikoen dekretuaren bidez.