GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKOA SUSTERRAK BOTATZEN ARI DA DABORDUKO SAN PEDRO ZARIKETE BASELEIZEAREN (ZALLA) ONDOAN, EHUN URTETIK GORAKO HARETXA EGOAN LEKU BEREAN
- Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Juanra Urkijo Etxeguren Zallako alkatea izan dira orain mende bat baino gehiago leku berean landatutako Gernikako Arbola zaharraren leinuari eta sinbologiari jarraipena emongo deutsan oinordeko gaztearen landaketa-ekitaldiaren buru
(Zallan, 2022ko zezeilaren 17an). 1912. urteaz geroztik, Zallako San Pedro Zarikete baseleizak Gernikako Arbolaren oinordekoa izan dau. Bere bizialdia amaitu ostean, Zallako Udalak beste oinordeko bat landatzeko eskatu eutsen Bizkaiko Batzar Nagusiei, leinu horren printzipioak eta balioak sustraitzeko. Lehenengo landaketa haretatik 110 urtera, gaur ekitaldia errepikau da Enkarterriko leku ezagun horretan, oraingoan Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Juanra Urkijo Etxeguren Zallako alkatea bertan zirala.
Gaur landatutako 11 urteko haretx gazteak 3 metroko altuera dau, eta bost kontinenteetan sustraiak bota dituen 400 ale baino gehiagori batzen jake, horreetako heren bat Bizkaian, Foru parlamentuko erregistro ofizialak jasoten dauenez. Bizkaiko Legebiltzarreko lehendakaria pozik agertu da ehun urte baino gehiagoko Gernikako Arbolaren leinuak Lurralde Historikoaren geografiaren puntu horretan “bere printzipio eta balio demokratikoen eragina zabaltzen jarraitzen dauelako”. Izan be, Zalla Gernikako bonbardaketari aurre egin eutson zugatzaren ondorengo bat izan eban lehenengo udalerrietakoa izan zan, “horregaitik dauka hain balio handia herri honetan”, gogoratu dau.
San Pedro Zarikete baseleizak bizirik dagoan Gernikako Arbolaren beste oinordeko bat babestuko dau, euskaldunen eskubide historikoen, askatasunen eta bakerako irrikaren sinbolorik unibersalena dan haretx zaharra mende bat baino gehiagoz tenplu erlijiosoari gerizpea emon eta jai, ospakizun eta erromeria ugariren lekuko izan ostean.
Landatu barri dan alea Gernikako Arbolaren ondorengoa dala egiaztetan dauen benetakotasun-ziurtagiria Zallako alkateari emon aurretik gauza bat opatu dau Batzar Nagusietako lehendakariak, oinordekoak “sustrai sendoak bota eta sendo iraun daiala, negu gogorrak izan arren, haretx indartsu bihurtu daiten, baseleiza eder honetara hurbiltzen diran guztiei gerizpea eta babesa emoteko”.
Juanra Urkijo Etxeguren Zallako alkatearen berbetan, “gaur hemen, zallarren belaunaldi guztiak gagoz ordeztuta, zugatz zaharra hazten ikusi ebenak eta datozan urteetan zugatz barria zainduko dabenak, arbolak ordezten dituan balioak zainduz eta indartuz. Zugatz barri horri esker, gazteek historia ezagutu ahal izango dabe, eta belaunaldien artean tradizinoak aurrera egiten jarraituko dau”.
Haretx gaztea landatzeko ekitaldiak komunidadeko ordezkari askoren arretea bereganatu dau gaur. Zallako alkateaz eta udalbatzako hainbat kidez ganera, ekitaldiak udalerriko erretirauen hiru alkarteetako kideak bildu ditu.