BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN OSOKO BATZARRAK EGOITZEN KUDEAKETAN ETA KONTROLEAN ALDAKETAK EGIN DAIZALA ESKATU DEUTSO ALDUNDIARI
- Bizkaiko parlamentuak Bizkaiko egoitzen kontrol ekonomikoa ezarteko eskatu dau, beharginen gastuak aztertuz, bizikidetza-unidade barrietarako “ratio” bat ezarriz edo zaintza-denporea neurtuz, besteak beste.
- Gernikako Batzar Etxean egindako Osoko Batzarrak 2019ko Lurraldearen Kontu Orokorra be onartu dau.
- Bizkaiko Parlamentuak ezetsi egin dau Foru Ogasuneko zordunen zerrendako zorraren mugan aldaketak egiteko Arau Proposamena aintzat hartzea. Une honetan, milioi bat eurotik gorako zorrak dituen zergadunak sartzen dira zerrenda horretan.
(Gernikan, 2022ko zezeilaren 16an). Bizkaiko Batzar Nagusien ohiko osoko batzarrak erdibideko zuzenketa-eske bi onartu ditu gaur Gernikan, Aldundia babesten daben talde biak (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta oposizinoaren zati batek sinatutakoak, Bizkaiko egoitzen kudeaketan eta kontrolean hainbat aldaketa egiteko. Aldaketa horreetako batzuk, Elkarrekin Bizkaiak proponiduta, COVID-19ak adinekoen zentroetan 2020an izan dauen eraginari buruzko txostenean Arartekoak egin ebazan gomendioakaz dagoz lotuta. Beste batzuk EH Bildugaz adostutako neurriei jagokez, Aldundiak beharginen gastua eta urteko kontuak aztertu daizan, “kalidadeko arretea emoteko arriskuak adierazo leikiezan elementuak identifiketako”.
Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk bakotxak bere aldetik aurkeztutako mozinoetatik sortu ziran zuzenketa-eske biak, eta urtarrilaren 26an egindako kontroleko azkenengo osoko batzarrean Foru Gobernuari egindako itaun bitan agertzen ziran. Talde moreak, hasiera batean, Arartekoak 2020an koronabirusaren eraginaren inguruan egin ebazan gomendio batzuei jarraitzea proponidu eban. Txosten horretan oinarrituta, sei hobekuntza-puntu proponidu ebazan, eta bostetan geratu dira, Gobernua babesten daben taldeakaz negoziau eta gero.
Testu barrian oinarrituta, Bizkaiko Batzar Nagusiek “egoitzei buruzko argitalpenean eta informazinoan aurrera egin daiala” eskatu deutsie Aldundiari, ikuskaritza-zerbitzuen lanean eta egoiliarrei buruzko informazinoan oinarrituta. Horrezaz ganera 25 egoiliarreko “bizikidetza-unidade” barriak martxan jarri ostean “arretan izandako aurrerapena kuantifiketako aukerea emongo daben adierazleak izango dituan diagnostiko-testa” egitea be eskatu deutsie eta, modu berean, zaintzan hobekuntzak bultzatuko dituen jardunaldi zientifikoak sustatzea. Akordioan, Eusko Jaurlaritzaren “eginbeharrak” ezarten dira, horreen artean, zaintza-eredu barri horretako egoitza txiki bakotxerako “ratioa”, eta “agente infekzioso arrunten eta Covid-19aren kontrako kontingentzia-planak” ezartea.
Alde batetik, EH Bildu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek erdibideko beste zuzenketa-eske bat aurkeztu deutsie kudeaketa pribaduko adinekoentzako egoitzen kontrol ekonomikoaren inguruan koalizino abertzaleak aurkeztutako mozinoari. Zehatzago, Bizkaiko parlamentuak onartutako testuak zentro bakotxaren beharginen gastuaren analisia egiteko eskatzen deutso Aldundiari, “batez bestekoa baino txikiagoa dan jakiteko, errazoiak ezagutzeko eta, halan bada, neurri zuzentzaileak ezarteko”. Modu berean, egoitza bakotxaren urteko kontuen beste analisi bat egiteko eskatu deutso, “kalidadeko arretarako arriskutsuak izan daitekezan elementuak identifiketako”. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dan persona bakotxaren “zaintza-denporeari” buruzko hausnarketea egiteko eskatu deutso Bizkaiko parlamentuak Eusko Jaurlaritzari.
Proposamena egin daben taldeek txalotu egin dabe Bizkaiko parlamentuaren ahobatekotasuna eragin dauen eta Aldundiak Bizkaian ezarri gura dauen zaintza-eredu barrian “sakontzea” dakarren akordio bikotxa. “Norabide onean emondako pausua da”, “eta diru publikoa eta zaintza-denporea kontroletea ahalbidetuko dau, kalidadeko zaintzea emoteko”, adierazo dau EH Bilduko Arantza Urkaregik. Akordioaren helburua “adinekoen arretan zerbitzu hobea lortzea” da, “baldintza duinak izango dituan finantza-espekulazino bako” lan-giroan, Juan Otermin bozeroale sozialistak gaineratu dauenez. Ana Esther Furundarena jeltzaleak azpimarratu egin dau helburua “egoiliarren zaintza bermatzea” dala, eta ikuskaritzako foru zerbitzuek egiten daben kontrol-lana nabarmendu dau. Elkarrekin Bizkaia taldeko Hector Fernandezek gogorarazo dau akordioa egoitzen greba betean heldu dala, eta asistentzia-sistema hobetzeko “gitxieneko” akordioa dala esan dau, baina “hainbeste kezkatzen gaituen horretan beharrean jarraitzeko” balio dauela. Esther Martinez popularrak asistentziaren kalidadea hobetzea administrazinoen “funtsezko” gaia dala azpimarratu dau, eta, beraz, “diru publiko nahikoa inbertiduten ari garan galdetu behar deutsagula geure buruari”.
2019KO KONTU OROKORRA
Beste alde batetik, osokoak argi berdea emon deutso 2019ko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorra babesten dauen Foru Arauaren Proiektuari. Batzordean Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren azalpenak jaso ostean, pandemia aurreko urte horretako kontuak gaur onartu dira, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak kontra bozkau dabe, eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldea abstenidu egin da.
Foru parlamentuko Ogasun eta Finantzetako batzordeak Euskal Epaitegiak kontu horreen inguruan ateratako ondorioak urtarrilaren 24an entzun ostean etorri da Osokoaren onespena. Ana Elguera presidenteak eta José Ángel Quintanilla presidenteordeak nabarmendu ebenez, Bizkaiko Foru Aldundiak “zentzuz” bete eban aztertutako ekitaldiko legezkotasuna, eta kontuak “garbitzat” joten ziran eta, beraz, ez eben “ez diruzaintzako gerakinari ez funts propioei kontabilidadeko egokitzapenik egitea” proponiduten. Txostenak zehazten ebanez, “lau ez-beteteengaitik” izan ezik, Bizkaiak “arrazoiz bete eban bere jarduera ekonomiko-finantzarioa arautzen dauen legedia”, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak be gogorarazo dauenez.
Oposizinoak, barriz, ez dituala legezkotasun-ez-betete “guztiak” kendu esan deutso Aldundiari. “Batzuk” errepikau egiten dira, horreen artean publizidade- eta lehia-printzipioak beteten ez dituenak, edo amaitutako kontratuen hedapenagaz zerikusia daukienak, Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk ohartarazo dabenez. Iruarrizagak erantzun dauenez, “intzidentziak gero eta gitxiago” dira ekitaldi bakotxean, eta antzemandakoak, barriz, “garrantzi txikikoak”.
Batzar Nagusietan ez da behar besteko laguntzarik lortu zerga-zordunen zerrendan sartzeak dakarren zenbatekoa 600.000 euroraino murrizteko Elkarrekin Bizkaiaren Arau Proposamena izapidetzen jarraitzeko. Gaur egungo araudiaren arabera, 2016. urtetik aurrera, Ogasunak zerrenda publikoan argitaratu behar ditu Bizkaiko Ogasunagaz milioi bat eurotik gorako zorrak dituen zordunak. Horretarako, talde moreak Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 94. artikulua aldatzea proponidu dau. Talde moreak proponidutako eta EH Bilduk eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak babestutako aldaketak Foru Gobernua babesten daben talde bien ezezkoa jaso dau.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe guztiz baztertu beherapen hori, baina Foru Aldundiak aldaketea proponidu arte itxarotea eskatu dabe, iruzur fiskalaren kontra Ogasun Saila “prestetan ari dan” neurri barrietan oinarrituta. Araubidearen aldaketa horretan Nafarroako mugaren antzekoa sartzea eskatu dau EH Bilduk; izan be, erkidego horretan 120.000 eurotik gorako zorrak dituen zergadunak dagoz, eta “talde guztiek adostu eben muga hori, PPk izan ezik”.
EKOIZPEN EKOLOGIKOA
Kontroleko azkenengo osoko batzarrean Aldundiari egindako beste itaun batetik sortuta, Mozino batean EH Bilduk bertako produktuen ekoizpen eta kontsumo arduratsua sustatzeko eta merkaturatzeko zirkuitu laburrak bultzatzeko hainbat ekimen proponidu ditu. Hasiera batean dekalogoa zana, Elkarrekin Bizkaiagaz adostutako erdibideko zuzenketa-eske bihurtu da. Zuzenketa-eskeak 12 proposamen jasoten ditu, eta azkenean Batzar Nagusiek ez dabe onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontra agertu diralako.
Ekimenak jasoten ebazan testua defendidu dabe Proposamena egin daben taldeek. Ekimen horreen artean egozan, esate baterako, Euskal Herria Esnea eta Belardi okela-proiektua diruz laguntzea, edo “nekazaritza agroekologikoaren, familiarraren eta dibersifikatuaren” aldeko apustua egiten daben ustiategiak bultzatzea. Aldundiari egindako eskaeretan honeek be sartzen ziran: tokiko produktua eskola-jantokietan sartzea, Lurren Funtsa bizibarritzea, aholkularitzea eta prestakuntzea, lokalak, ekipamenduak eta beharginak izango dituan kontsumo-taldeak banatzeko guneen sarea, tokiko eta sasoiko nekazaritzako elikagaiak prozesetako eta banatzeko sistema publikoa, edo baserritarrentzako zuzeneko laguntzak sortzea, “astean 40 ordu baino gehiago lan egin behar izan ez daien”. Ekarpen moduan, talde moreak neurri bi sartu ditu: bata, ekoizpenaren kostuen gainetik “prezio justua” ezarteari buruzkoa, eta bestea, agroekologiatik sortzen diran proiektuetarako laguntza “ekitatiboa” aurkitzea.
Aldundia babesten daben taldeek erakundeek lehen sektoreari emoten deutsen babesa ekarri dabe gogora. Hor dagoz Bizkaia Aurrera planak aurreikusten dituan talka-neurriak edo Gobernu zentralaren nekazaritzako elikagaien PERTEan sartuta dagozan “1.000 milioi eurotik gorakoak”. Jeltzaleek eta sozialistek banan-banan errepasau ditue planteautako hamabi eskariak, eta kritikau egin ditue, “Aldundiak ez daukalako eskumenik”, edo “daborduko egiten ari diralako”, edo “oso ikuspegi lokaletik heltzen jakolako planteetan ari danari”. “Administrazino bakotxaren eskumenak nahasten dozuez”, esan dau Gorka Beitia jeltzaleak.