BAT EKINTZAILETZA ETA BERRIKUNTZA ZENTROA IRAILETIK AURRERA HASIKO DA MARTXAN
- Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak etorkizunean B Accelerator Tower (BAT) jarriko dala martxan jakinarazo dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
- Foru arduradunak, oposizinoaren ekimenez, SOSAgazko hitzarmenaren eta Bilbao Bizkaia 2030 Estrategia egiteko esleipenaren inguruko azalpenak be emon ditu.
(Bilbon, 2022ko zezeilaren 14an). Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak agerraldia egin dau gaur Batzar Nagusietan, besteak beste, Bizkaia Torrean B Accelerator Tower (BAT) ekimena martxan jarriko dala jakinarazoteko. Orain dala lau aste aurkezpen ofizialean iragarri zan moduan, lurraldeko ekintzailetza eta barrikuntza zentroa “nazinoarteko 140 nodo baino gehiagogaz” egongo da konektauta, eta “startup, enpresa, inbertitzaile eta partner teknologikoen komunidade handia” sortuko dau. Basurkok gaur Ekonomiaren Sustapenerako Batzordean baieztu dauenez, hogeta hamar enpresa eta erakunde baino gehiago “modu fisikoan” arituko dira bertan irailetik aurrera.
Laguntza publiko guztiak bideratuko ditu BATek, bai eta startup-ak bizkortzeko eta urtenbide teknologiko barriak garatzeko espezializazino-maila handia daukien programak eta zerbitzuak be. Nazinoarteko konexinoa da BATen faktore bereizgarrietako bat, eta zentroa Talent Gardenegaz eta Impact Hubegaz batera jarduteko PwCk sortu dauen aliantzari esker gauzatuko da. Alkarregaz esperientzia handia pilatzen dabe barrikuntzako enpresa-proiektuen azelerazinoaren eta inkubazinoaren arloan.
Ainara Basurkok BATen izaera estrategikoa azpimarratu dau, “ekintzailetza aurreratuan Bizkaia nazinoarteko erreferentea izan daiten”. Nazinoarteko ekintzailetza aurreratuaren arloan guztiz barria eta ezezaguna dan ereduari erantzuten deutso BATek; bultzada publikotik sortutako zentroa da, eta enpresa eta barrikuntzaren arloan erreferente diran enpresa pribaduen aliantzea izango da operadorea.
Elkarrekin Bizkaiak Legegintzaldiko proiektu “izarretako” baten inguruko azalpenak eskatu ditu Bizkaiko parlamentuan, eta zalantzan jarri dau zentroaren buru izateko PwC aukeratzea egokia ete dan, nazinoarteko “nodorik ez daukalako”. Iragarritako 140 poloak, batez be, Talent Garden-enak edo Inpact Hub-enak dira eta, neurri txikiagoan, Mondragon taldearenak. Nazinoarteko unibersidade zentroen eta punta-puntako enpresen, esaterako “IBM edo Google” enpresen, faltea sumau dau Xabier Benito talde horretako batzordekideak,. Horrezaz ganera, bere eretxiz, “hobetu” egin daiteke Aldundiak lurraldean startup-en garapena finantzetako erabilten dauen modua. “Erabilgarriagoa” izango litzateke, hain zuzen be, zeregin horretan “zentroak ordaindu dituan 26 milioiak” zuzenean gastau izana.
Halanda be, Basurkok adierazo dau PwCk nazinoarteko “hiru” nodo sartu dituala bere eskaintzan, eta azaldu dau kudeatzailea “pausuak emoten” ari dala EAEko hiru unibersidadeez ganera, kanpoko beste ikastetxe batzuk be lankidetza-sare horretan sartu daitezan. Finantzaketa faltari jagokonez, Basurkok adierazo dau gaur bertan iragarri dauela enpresei eta ekintzaileei zuzendutako 2022ko laguntza-programea. Bertan, startupak sortzeko “itzuli beharrik bako” 4,6 milioi euroko inbertsinoa sartu da.
Beste alde batetik, EH Bilduk “proiektuaren kontra ez dagoala” adierazo ostean, kritikau egin dau diputatuak oposizinoak halan eskatu dauelako emon behar izatea proiektu “izar” horren ganeko azalpenak, bere gobernantza-eredua EH Bilduk defendiduten dauenaren “antipodatan” dagoala erakutsiz. BAT zuzentzeko aukeratutako enpresaren profila eta proiektuaren gainkostua” kritikau ditu Iker Rahona EH Bildu taldeko ordezkariak, baita orain arte proiektuaren, “egiteko moduaren eta eragina jasoko daben sektoreen” inguruan emon dan “informazinorik eza be.
JARDUERAK SOSAGAZ
Diputatuak beste agerraldi bat be egin dau Batzar Nagusietan, hori be Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Aldundiak Israelgo SOSA erakundeagaz egindako hitzarmenen barri emoteko. Alderdi moreak aliantza hori kritikau dau, “zalantzazko kalidadea” daukan startup poloa dalako, “eskulan merkea” erabilten daualako eta Israelgo Estaduaren “autobabesari” eusten deutsolako, Israel Escalante batzordekidearen berbetan.
Basurkok azaldu dauenez, Aldundiak balantzea egingo dau, pandemia dala-eta hiru hilebetez, 2022ko martira arte, luzatu dan egungo hitzarmena amaitzen danean. Halanda be, aurreratu dau Bizkaiko “26” startup-ek hartu-emona izan dabela azken urteotan barrikuntza globaleko plataforma horregaz. Plataforma horrek Tel Aviven, Londresen eta New Yorken ditu zentroak, eta “15.000 startup eta 250 inbertitzaile baino gehiago” batzen ditu sektore estrategikoetan, zibersegurtasunean, “fintech” diralakoetan, “insurtech” diralakoetan, osasun digitalean edo 4.0 industrian.
Aurrerapenen artean, Basurkok azpimarratu dau Israelgo startup “bi” erakarteko lanean ari dirala, Bizkaian finkatu daitezan, eta Bizkaian finkatutako enpresentzat “bederatzi scanner” egin dirala, hau da, bertako enpresen beharrizanak asetzeko urtenbide teknologikoak aurkezten dituan “bilaketea”. Diputatuak adierazo dauenez, azkenengo hitzarmenean “bootcamp bi” egin dira, eta horreetan “14” enpresak hartu dabe parte. Beste “5 startup” bizkortze-prozesuan dagoz une honetan.
Diputatuak datu horreekaz defendidu dau SOSAgazko hartu-emona; izan be, “oso lankidetza interesgarria da, oso ekosistema aurreratuagaz jarten gaituelako hartu-emonetan, jarduera barriak sortzen eta sektore askotan negozio-ereduak aldatzen ari diran arlo teknologiko barrietan. Aliantza horri esker, hazkunde- eta barrikuntza-prozesuak azkartzean erreferentzia diran gure startupei eta enpresei laguntzen deutsegu”, esan dau.
2030ERA ARTEKO TURISMO-ESTRATEGIA
Beste alde batetik, Basurkok Elkarrekin Bizkaiaren galderei erantzunez azaldu dauenez, Deloitte aholkularitza-enpresak “idazkaritza teknikoko lanak” baino ez ditu egin Bilbao Bizkaia 2030 Turismo-Estrategia gauzatzeko prozesuan. Planaren buru Aldundia eta Bilboko Udala izan dira, “turismo sektoreko kate osoko 400 agente baino gehiagoren” partaidetzagaz. Elkarrekin Bizkaia taldeak, harrituta, estrategia hori zergaitik ez dauen Bilbao Metropoli 30ek egin galdetu dau; izan be, talde horren eretxiz, aholkularitza-enpreseari azpikontratau eutson lan hori. Lizitazinoa “laguntza teknikoaren” beharrean oinarritzen zan, plana “modu antolatuan” egiteko metodologiagaz, erantzun dau Basurkok.