BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK, ALDUNDIAK LANTIK ETA ZUGAZTEL FORU ENPRESAK "BEREGANATZEAREN" KONTRA

- Bizkaiko parlamentuak atzera bota dau Aldundiak enpresa horreetako beharginak Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailean sartzeko aukerea aztertzea eskatzen eban Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamena
- Lurralde Antolamenduaren ganeko Legean Eusko Legebiltzarrak abenduan onartu eban Interes Publiko Goreneko Proiektuen figurea baztertzeko EH Bilduren beste ekimen bat ez da onartu.
- Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak esan dau pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko Bizkaiak Estadutik jaso dituan 94,79 milioi euroei emongo jaken erabilpena “aztertzen ari dirala”, baina bere asmoa “inbertsinoetara bideratzea” dala aurreratu dau
(Bilbon, 2022ko zezeilaren 10ean). Bizkaiko parlamentuaren gehiengoak ez dau onartu gaur, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean, Bizkaiko Foru Aldundiak Lantik eta Zugaztel foru-enpresa publikoak “bereganatzeko kostuei eta bideragarritasunari buruzko” azterlana egin behar izatea. Elkarrekin Bizkaiak defendidutako proposamenean oinarritutako azterlan horrek foru erakundeak enpresa horreen funtzinoak eta beharginak egungo Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailera itzultzeko aukerea aztertuko leuke. Ekimena bertan behera geratu da kontrako 9 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 5egaz (Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu) eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen abstentzinoagaz.
Proposamena aurkeztu dauen Israel Escalanteren berbetan, aurrekontuen eztabaidan “behin baino gehiagotan” azaldu dan idea horrek erakunde horreen “kontrol zuzenagoa eta zehatzagoa” lortu gura dau, horregaz “beharginak kaleratzea” defendidu barik. Egiten daben lana “beharrezkoa” da, baina lan hori egiteko aukeratutako bitartekoa ez. EH Bildu ekimenaren alde agertu da, eta beharrezkotzat jo dau foru enpresak sortzearen eta ugaltzearen inguruko “hausnarketea” egitea. “Gero eta jarduera gehiago bideratzen dira enpresa horreetara”, adierazi dau Arantza Urkaregik, eta kontrol publikoa zailtzen dauen gertaerea “kezkagarritzat” hartu dau. Azpikontratazino-politikak “prekariedadeari bidea zabaltzen deutso”. “Enpleo duina sortzeko, enpleo publikoa sortu behar da”, esan dau.
Sozialisten aldetik, Juan Oterminek ukatu egin dau kanporatze-prozesuaren aurrean gagozanik. Enpresa horreen abantaila “nagusia” da “hirugarrenakaz kontratuak egin daikiezala”, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak berak egiten dauen moduko kontrol publikoa galdu barik. “Aldundiko edozein sailek dituan kontrol parametro berberak” ditue, esan dau, eta garrantzia daukana “euren lanean eraginkorrak izatea” dala gaineratu dau. Modu berean, Celia Gómez jeltzaleak esan dau erakunde biak “guztiz operatiboak” dirala eta “egoki” beteten dabela sortu ziranean hartu eben funtzinoa.
Beste alde batetik, Bizkaiko parlamentuak EH Bilduren arauz besteko proposamen bat be baztertu dau. Proposamen horrek Lurraldearen Antolamenduari buruzko Legean “Interes Publiko Goreneko Proiektuak” figuraren kontra agertzeko eskatzen eutson Foru Aldundiari, tokiko autonomiarako tresna “kaltegarria” dalakoan. Ekimen berean, Iratxe Arriola batzordekidearen eretxiz tokiko independentziarako tresna “kaltegarria” zan horren kontra dagoala adierazotea eskatzen jakon EUDELi. Oposizino osoaren ezezkoagaz Eusko Legebiltzarrak abenduan onartu eban legea “indarbakotu beharreko legea” da, “udalak albo batera ixten ditualako” eta “euren interesak defendiduteko gaitasun bako egoeran” jarten ditualako.
Testua atzera bota dabe barriro jeltzaleek eta sozialistek, eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen abstentzinoa izan dau. Elkarrekin Bizkaiaren hiru zuzenketa-eske euki ditu, horreen artean, Aldundiak figura hori onartzearen aurrean “ekintza juridikoak” be erabiltea aitatzen eban zuzenketa bat. Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak, bere aldetik, legearen tramitazinoa kritikau dau, bai eta figura hori “atzeko atetik” sartu izana be, zuzenketa-eske baten bidez eta “aldez aurreko adostasunik” lortu barik. Izan be, talde horren eretxiz, legaltasun demokratikoaren “porrota” da.
Bizkaiko Batzar Nagusietan ordeztuta dagozan “talde guztiek” izan eben Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren aurreproiektuaren aurrean zuzenketa-eskeak aurkezteko aukerea ekarri dau gogora Juan Otermin bozeroale sozialistak, “hondo baino zarata gehiago” sortzen ari dan eztabaidea bikotxean. Zehatzago, sozialistak figura interbentzionista sartzearen alde agertu dira, proiektu batzuk ezin diralako udalerri baten “interes puntualen baldintzapean egon”. Inork ez dau legez kontrakotasunaren ganeko errekursorik aurkeztu, “ez alderdiek, ez EUDELek, ez udalek”. “Udal autonomia errespetetako eskatzen dan moduan”, Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak “Eusko Legebiltzarraren autonomia errespetetako” be eskatu dau, gehiengoz onartu dan legearen aurrean.
ESTADUKO FUNTSAK
Batzorde berean, European Round Table Foru Jauregian egotearen, ZEID Festival izenekoa egitearen edo Bizkaiko Foru Aldundiak “94,79” milioi hartu izanaren inguruan Elkarrekin Bizkaia taldeak planteautako hiru galderari erantzutera etorri dira Aldundiko kideak. Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroalearen esanetan, diru hori foru-kutxetan sartu zan urtarrilaren 4an, pandemia dala-eta 684/2021 Errege Dekretuaren arabera Estaduak aktibautako baliabideen ondorenez.
Azken gai horri jagokonez, Unai Rementeria ahaldun nagusiak adierazo dau bere Gobernuaren asmoa diru kopuru hori “inbertsinoetara” bideratzea dala, eta esan dau be “datorren astean” Finantzen Euskal Kontseiluan, eta “egun batzuk geroago” Lurralde Kontseiluan, aurkeztu leitekezan “proposamenak entzuteko” “prest dagoala Aldundia”. Aldundiko arduradun nagusiak adierazo dauenez, “aztertzen ari dira” funts horreek zertarako erabili, “trantsizino handiei bultzadea emoteko” balio behar dabelako, hori bai, gastu arruntera pasetea baztertuta, “behin” iristen dan funtsa dalako.
Beste alde batetik, European Round Table “lobby” industrialak bilerea egin daian Aldundiaren jauregia itxi izanak alderdi morearen kritikak eragin ditu, eta espazio publiko hori lagateak “Bizkaiarentzat daukan onurea” zalantzan jarri dau. Rementeriak erantzun dauenez, anfitrioi Iberdrola izan eban foroa “aukera handia” zan Bizkaia ezagutuarazoteko, “bere berezitasuna, hizkuntza, kokapen geoestrategikoa eta industriarako daukan ahalmena” presidente eta zuzendaritza taldeetako kideen aurrean, “eta ez enpresaburuen aurrean”. Zehaztu dauenez, kide horreek 5 milioi personari zuzeneko lana emoten deutsen eta Bizkaiko enpresa asko bultzatu egiten dituen Europako 17 herrialdetako 58 industria nagusien ordezkariak dira. Aldundiak, Foru Jauregia lagata, bat egin dau jarduera ekonomikoa eta enpleoa sortzeko daukan asmoagaz.
Kultura eta Kirol diputatuak baieztu dauenez, Aldundiak diruz lagunduko dau apirilaren 2an BECen egingo dan ZEID Fest ekitaldia. Bere berbetan, plataforma horrek pandemiak “gehien zigortutako sektoreetako bati” laguntzeko balioko dau. Antolakuntzak emondako informazinoa kontuan izanda, “behargin guztiak Gizarte Segurantzan alta emonda egongo dira, hitzarmenetik gorakoak be izan leitekezan soldatakaz” eta parte hartzen daben artistek, barriz, “euren cachea ziurtatuta izango dabe”.