BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO JARDUERA PARLAMENTARIOA % 20 HAZI DA 2021EAN, ETA PANDEMIA AURREKO MAILEN GAINETIK DAGO DABORDUKO
- Batzar Nagusietako taldeek euren lana areagotu eben 2021ean, eta legegintzaldia hasi zanetik 1.916 ekimenetara heldu dira daborduko.
- Batzar Nagusiek 123 bilkura parlamentario (osoko batzarrak eta batzordeak) egin ebezan 2021ean; aurreko urtean 102 izan ziran eta 2019an 105.
- Bizkaiko parlamentuko zentro soziokulturaletara egindako bisitek jente kopuruari jagokozan zifrak berreskuratzen jarraitzen dabe, Covid-19arengaitik 2020an aurrez aurreko bisitek izan eben geldialdiaren ostean.
- Gernikako Batzar-Etxeak ia 20.000 persona hartu ebazan urteko bigarren seihilekoan, eta Enkarterrietako Museoak % 27 igon dau bisitarien kopurua.
(Bilbon, 2022ko zezeilaren 8an). 2021ean, Bizkaiko Batzar Nagusiek areagotu egin dabe euren jarduera parlamentarioa, eta pandemiaren aurreko ekitaldien ganetik jarri dira, egindako saioen kopurua kontuan izanda. Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzen dituen taldeen lana neurtzeko adierazleetako bat Bizkaiko parlamentuaren eginkizunakaz zerikusia daben gaiak ebazteko, batez be foru-arauak onartzeko eta Foru Aldundiaren kontrol-lana egiteko, gauzatzen dan saio kopurua zenbatzea da. Holan, 2021ean Batzar Nagusietako egoitzetan (Bilbon eta Gernikan) online deitu ziran osoko batzarrak eta herritarrentzat zabalik egon ziran batzordeak bakarrik kontuan hartzen badoguz, lan parlamentario horren hazkundea % 20koa izan da aurreko urteagaz alderatuta, eta % 17koa 2019ko ekitaldia hartzen badogu erreferentzia moduan.
2021ean, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak osoko 25 batzar deitu behar izan ebazan Gernikan, aurreko urtean baino hamaika gehiago. Ateak zabalik, “online”, guztira 98 batzorde egin ziran Bilboko administrazino-egoitzan. Gehien errepikau zana Ogasun eta Finantzetako Batzordea izan zan, 27 bider bildu zan-eta. Zenbaki horreek, pandemiaren eragina esanguratsua izan zan 2020an lortutakoen aurretik geratzen dira, Bizkaiko parlamentuaren zeregina inoiz gelditu ez zan arren, lehenengo fasean batzarkideek euren etxetik jarraitu ahal izan ebelako beharrean. Urte horretan osoko batzar eta batzorde gitxiago deitu ziran, 14 eta 88, hurrenez hurren. Ohiko saioei izaera sozialagoa daukien beste saio batzuk gehitu beharko litxakiez, horreen artean, Emakumeen Asanblada, osoko batzar txikia edo Fair Saturday Fundazinoagaz batera antolatutako "Kultura eta Etorkizuna" gazteen osoko batzarra.
Herritarrek gehien ikusten dabenez gain, ekimen parlamentarioei jagokenez (erantzun-eskeak, agerraldi-eskaerak, mozinoak, itaunak, arauz besteko proposamenak…) Batzar Nagusietako taldeek be areagotu egin dabe euren lana. Konfinamenduaren hilebeteak ahaztuta, egungo XI. Legealdian 1.916 ekimen erregistrau ditue alderdi politikoek. Gehienak –1.686– Foru Gobernua kontroletako ekimenak dira. 2019ko bagilean legealdia hasi zanetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek 19 foru dekretu eta 18 foru arau onartu ditue, azken horreen artean, Aldundiaren hiru urteko aurrekontuak eta Errepideen, Auzo-alkatetzen edo BATUZ sistemea borondatez apliketearen ganeko Foru Arauak. Adostutako dekretu askok osasun-larrialdia dala-eta ezarritako zerga-neurri bereziak jasoten ditue.
GERNIKAKO BATZAR-ETXEA, ENKARTERRIETAKO MUSEOA ETA BILBOKO ERAKUSKETA ARETOA
Bizkaiko Batzar Nagusietako normaltasuna gehien bisitetan diran bere egoitzetan be ikusten hasi da: Gernikako Batzar Etxea, eta Abellanedako Batzar Etxeak eta Enkarterrietako Museoak osatzen daben moltso historiko-kulturala. Batzar Etxean horreetan pandemiaren ondorioz galdutako jentearen parte bat berreskuratu egin zan 2021ean. Gernikako Arbolea hartzen dauen Gernikako egoitza nagusia turismoa erakarteko elementu garrantzitsua izan zan barriro be Bizkaitik kanpoko bisitarientzat, eta Enkarterrietako Museoak be bere ohiko publikoaren partea berreskuratu eban jarduera pedagogikoen programaren eta kultur ekimenen katalogo zabalaren bidez.
2021ean, garagarrila eta abendua bitartean, ia 20.000 lagunek bisitau eben Gernikako Batzar-Etxea. Kontuan izan behar da pandemia dala-eta udaldira arte Batzar Etxea itxita egon zala bisitarientzat. Hamasei hilebete geroago, parlamentuak barriro ekin eutsen bisitei, sarbidea kontroletako sistemea instalau ostean. Sistema horrek orduko 22 laguneko edukiera mugatua dau esparruaren barrualdea ikusteko, baina ez dau izan mugarik lorategi-eremurako. Urteko bigarren seihilekoan tornuak zeharkatu ebezan 19.981 personetatik, erdiak beste Autonomia Erkidego batzuetatik etozan, batez be Katalunia, Madril eta Andaluziatik. Ganera, 3.144 atzerritar sartu ziran, horreetatik lautik bat Frantziatik. Kopuru horreei bisita instituzionalen etenik bako jarioa gehitu beharko jako, hala nola Quebeceko Gobernuaren ordezkaritzarena, Korsikako presidentearena, edo Venezuelako, Georgiako eta Europar Batasuneko herrialde gehienetako enbaxadoreena.
Enkarterrietako Museoak, bere aldetik, bisitari-kopuruaren % 27ko hazkundeagaz amaitu dau 2021. urtea, 2020. urteagaz alderatuta. 2021ean murrizketak bata bestearen atzetik etorri diran arren, Museoak handitu egin dau urtean zehar gauzatutako kultur eskaintzan parte hartzeko instalazinoetara hurbildu dan jente kopurua. Guztira 7.035 persona hurbildu ziran Enkarterrietako museora, hau da, ia 2019ko persona kopuruaren erdia berreskuratu eban.
Abellanedako museoaren zifrak oso lotuta dagoz ikastetxeentzat bertan gauzatzen diran eta azkenengo urte bietan online egin diran jarduera pedagogikoakaz. Halanda be, Enkarterrietako Museoak, bere bilduma propioaz gain, erakusketa garrantzitsu bi egin ditu. Bertara gerturatutakoek Bizkaiko persona ospetsu biren bizitzan eta obran sakondu ahal izan dabe: Antonio de Trueba historialari eta kronistea eta Eulalia Abaitua Bilboko emakume argazkilari aitzindaria.
Gure kultur ondarera bisita gidauak antolatzeko mugak eta gaiztasunak dagozan arren, Enkarterrietako Museoak ia plaza guztiak bete ditu –edukiera murriztuagaz– Abellanedako Monumentu Moltsoa eta aldi baterako erakusketak ezagutzeko bisitetan edo ondarearen Europako jardunaldietan. Burdinolen Ibilbidean be leku guztiak beteta dagozala dinoan kartela jarri da, baita ibilbide kultural sortu barrietan be: “Gure memoriaren gerrak”, arkeologoek eta kultur alkarteetako kideek gidauta, gerra karlistetako eta gerra zibileko gatazka-gune nagusiak ezagutzeko.
Udagoienetik, Museoak ikastetxeakaz izaten dauen aurrez aurreko jarduerea berreskuratu dau. 2020ko martitik 2021eko udara bitartean ezin izan zanez egin, Enkarterrietako zentroak eukien online hedapena bultzatu eban “Bizit Enkarterri” proiektuaren bidez, eta museoaren eukiak modu birtualean eroan ebazan ikasgeletara. Hezkuntza-proiektuen online garapenak dituan trabak gorabehera, oso esperientzia ona izan da, eta hogei bat ikastetxek hartu dabe parte, museoko aretoetatik bertatik zuzeneko konexinoak eginez.
Argitalpenen arloan, azpimarratzekoa da liburuki bi argitaratu izana: “Antonio de Trueba. Bizkaiko kronista” eta “1385-1704 Frias-eko Dukeen artxiboko Bizkaiari buruzko dokumentuak. Velascotarren Etxea”. Joan dan urtean Juan de Amestik eta Koldo Gallarretak emondako dokumentu- eta argazki-bildumak be aurkeztu ziran.
Aparteko aitamena merezi dau Batzar Nagusien Bilboko egoitzako erakusketa-aretoak, bere bilduma propioa erakusteko erakusketa bikotxa arrakastaz burutu dauelako, 80ko eta 90eko hamarkadetako euskal arteari eskinitako erakusketa biren bitartez. Erakusketa horreekaz batera, EHUko Arte Ederren Fakultadeko (Increarte, Pintura eta Zeramika) masterretako ikasleek osatzen daben Bizkaiko artisten harrobi gaztearen lana erakutsi dau. Bizkaiko Batzar Nagusiek hitzarmen berezia daukie zentro horregaz. 2021ean bakarrik, erakusketa-areto horren erakusketa-eskaintzak 3.000 persona inguru batu ditu, horreetako asko Eulalia Abaituaren argazki-erakusketea ikusteko. Foru erakundea ezagutzera emoteko Bilboko, Getxoko, Portugaleteko eta Durangoko kaleetan jarritako lau erakusketa ibiltariak ikustera be jente asko hurbildu da.
Eta osasun-egoerak horretarako aukera emoten badau, 2022. urtea Deiadar Mendien Eguna berreskuratzeko urtea izan daiteke. Urte biko etenaldiaren ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiek bere jai herrikoi handia berreskuratzea aurreikusten dabe, irailaren 24an, zapatuan, Gorbeian.