Aurreko Albisteak

ENKARTERRIETAKO MUSEOAK ABELLANEDAKO MONUMENTU MOLTSORAKO DOAKO BISITA GIDATUEI EKINGO DEUTSE BARRIRO ZAPATUAN

Abellaneda

  • Enkarterrietako Museoko gidariek Abellanedako eraikinen xehetasun historiko eta arkitektoniko guztiak azalduko ditue: Batzar Etxea, Korregidorearen Etxea, Batzarkideen Ostatua eta Aingeru Zaintzailearen baseleizea, baita goi-lautadea kostaldeagaz lotzen eban errege galtzadea be.
  • Babes-neurriak gordeteko, bisitak 20 laguneko talde txikietan eta webgunean eskatu ahal izango dan aurreko hitzorduagaz egingo dira.

(Abellanedan, 2022ko otsailaren 7an). Enkarterrietako Museoak datorren zapatuan, zezeilaren 12an, Abellanedako monumentu moltsoak ezkutetan dituan “altxorrak” erakusteko doako bisita programari ekingo deutso barriro. Aurretik hitzordua eskatuta egin beharko dan bisitaren bitartez, Enkarterrin dagon museoko gidariek leku horretako eraikin historikoen xehetasun guztiak azalduko ditue: Batzar Etxea, Korregidorearen Etxea, Batzarkideen Ostatua eta Aingeru Zaintzailearen baseleizea, baita goi-lautadea kostaldeagaz lotzen eban errege galtzadea be. Taldeak 20 personakoak izango dira eta ordutegiak luzatu egingo dira eskarien arabera.

Bisitariak Abellanedaren jatorriaren eta leku horretan biztanleak ezarteko prozesuaren faseen ganeko azalpenak jasoko ditu. Abellaneda familiaren sustraietan sakonduko da. XI. mendetik inguru horretan bizi izan zan nobleziako familiak Enkarterriko Batzar Nagusiak bultzatu ebazan. Ibilbidean errege galtzadara gerturatzeko tartetxo bat be egongo da. Eskualdeko merkataritzako ardatza izan zan, biztanle kopuruaren hazkundea bultzatu eban elementu nagusia. Erdi Aroan Abellanedan izan ziran gertakari nagusiak aztertu ostean, Aro Modernora helduko gara. Garai horretan eregi ziran moltso monumentaleko eraikin enblematikoenak.

Segurtasunezko neurri guztiak jarraituta egingo da bisitea (talde txikia, musturrekoa eta partaideen artean gorde beharreko gitxieneko segurtasunezko tartea), eta beharrezkoa izango da aurretik izena emotea Museoaren webgunearen bitartez. Topagunea Abellanedako (Sopuerta) Enkarterrietako Museoa izango da, eta daborduko data bi ezarri dira: zapatua, zezeilak 12, eta domekea, zezeilak 27. Bisitak (goizeko 12:00etan hasita) 45 minutukoak izango dira. Jarduerea egiteko beharrezkoa izango da gitxieneko partaide kopuru jakin bat egotea.

Lotutako estekak: