SEIGARREN OLATU HONETAN, BIZKAIKO EGUNEKO ZENTROETAN "67 KASU POSITIBO" ATZEMAN DITU ALDUNDIAK, PLAZEN % 2 BAINO EZ
- Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak Bizkaiko ehun zentro baino gehiagotan birusak izan dauen eragina azaldu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan; zentro horreetan, mendekotasuna edo desgaitasuna daukien personentzako 3.064 plaza eskaintzen dira
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordeak Arartekoaren agerraldia eskatuko dau, COVID-19ak egoitzetan dauen eraginaren inguruko txostena azaldu daian
(Bilbon, 2022ko zezeilaren 3an). Seigarren olatu honetan, Aldundiak “67 kasu positibo” detektau ditu lurraldeko eguneko ehun zentroetara baino gehiagotara joaten diran mendeko personen edo desgaituen artean. Datu hori Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak emon dau gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietan Elkarrekin Bizkaia taldearen galderei erantzuteko egindako agerraldian. Oraingo honetan, zentro horreek ez dira gizartearen isla izan pandemiaren fase honetan; izan be, zentro horreen barruan, abendutik urtarrilera bitartean, erabiltzaileen “% 2” kutsatu dira, Covid-19ak Euskadiko biztanleen artean izan dauen eragina “% 15eraino” igon dan arren.
Murilloren berbetan, birusaren inpaktu txikiago horrek pandemia “hobeto kudeatzen ikasi izanagaz” dauka zerikusia. “3.064 plaza” eskaintzen dituen zentro horreetan birusari eusteak zerikusia izan dau, diputatuaren berbetan, ezarritako prebentzino-neurriakaz, zentroak 10 personako burbuila taldeen bidez partzeletako politikeagaz eta persona zaurgarri horreei zuzendutako txertaketea aurreratzeagaz.
Foru arduradunak adierazo dauenez, kutsatuen kontaktu estuko personek batez beste “9,87 egun” egon behar izan dira isolatuta abenduan, eta “6,67 egunekoak” urtarrilean. Alde hori urtarrilaren 17tik aurrera martxan jarritako osasun-protokoloaren aldaketearengaitik azaltzen da.
SENIDEEN KEXAK ASPALDIKON EMOTEN DIRAN JANAKAITIK
Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordeko beste puntu batean, foru diputatuak ukatu egin dau Portugaleteko Aspaldiko adinekoen zentroan elikadura eskasa dagoanik. Elkarrekin Bizkaiaren berbetan igazko maiatza eta abendua bitartean errepikau egin ziran erabiltzaileen senideen kexak jaso ostean, Murillok ziurtatu dau Ikuskaritza Zerbitzuak ondo egiaztau dituala adinekoen zentro horretako lau elementu: sukaldaritza propioa, profesionalek diseinautako dietea, menu bikotxa eta elikagaien kalidadea. Sailagaz lankidetza estua daukien Bilboko Udaleko Osasun Publikoko teknikariek esan deuskuenez, menuetan “ez dago ezer arrarorik”.
Egoitza horretako senideen kexak dirala eta, kexa bat aurkezten danean Gizarte Ekintza Sailak jarraitzen dauen prozeduraren inguruan galdetu deutso EH Bildu taldeak. Izaskun Duque talde horretako batzordekideak kexaren larritasuna kontuan izanda erantzuteko prozesua azkartzeko eskatu dau eta, zehatzago, erabiltzaileek “hamabost ordu baino gehiago jan barik eta mobidu barik” emoten dituelako hainbat personak euren egonezina agertu dabenean.
Murillok ukatu egin dau EH Bilduk aitatzen eban kexak “10 hilebete” behar izan dituanik erantzuna jasoteko, espedientea martiaren 11n edegi eta igazko garagarrilaren 7an itxi zalako. Besteak beste, diputatuak ikuskaritza-zerbitzuek horren eragina jasan daben personakaz egindako lau bilera egiaztau ditu.
RATIOAK ETA ARARTEKOA
Elkarrekin Bizkaiak egindako erantzun-eskeari emondako beste erantzun batean, Murillok baieztu dau “behin-behineko” esleipen-proposamena dagoala. Esleipen-proposamen horretan aurton Ume eta Nerabeen Babeserako Sareko egoitza-zentroetan ratioak kalkuletako formula barria aplikau ahal izateko enpresa batek tresna informatikoa diseinetea jasoten da. Diputatuak onartu egin dau hirugarren aldiz lizitau dabela gai hori; izan be, aurreko lehiaketa biak –bata prozedura edegiaren bidez eta bestea negoziauaren bidez– “hutsik” geratu ziran, baina “urtean zehar informazino horren jarraipena izatea” espero dau, tresna informatiko hori ezarteari esker.
Azkenik, Gizarte Ekintzako batzordeak, EH Bilduk proponiduta, Arartekoaren agerraldia eskatzea onartu dau, “COVID-19aren pandemiak Euskadiko adinekoentzako egoitza-zentroetan izan dauen eragina” izeneko txostena azaldu daian. Txosten hori azaroan aurkeztu zan jente aurrean. Batzar Nagusietako talde guztiek Manuel Lezertua hurrengo batzorde batean egotearen alde bozkatu dabe, abstenitu egin dan Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak izan ezik.