ALDUNDIAK MOLINOS VASCOS ERAIKINAREN JAUBEEI ZEHAPEN-ESPEDIENTEA EDEGITEKO IZAPIDEAK HASI DITU
- Euskara, Kultura eta Kirol Sailak Zorrotzan dagoan eraikinaren birgaitzea bizkortu gura dau, oso narriatuta dagoalako.
(Bilbon, 2022ko zezeilaren 2an). Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian iragarri dauenez, bere saileko Kultura Ondarearen Zerbitzua Molinos Vascos eraikinaren jaubeei zehapen-espedientea hasteko “beharrezkoa” dan dokumentazino teknikoa eta juridikoa prestetan ari da. Zorrotzan dagoan eta orain dala ia 100 urte (1923) eregi zan, Sociedad Grandes Molinos Vascos alkartearen fabrika zaharra etenbako hondamen-egoerea ari da jasaten, eta “preminazko” esku-hartzea behar dau.
EH Bilduk eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan izan dan diputatuak adierazo dau Aldundiak ez dauela jaso jaubeen “ezelango” birgaitze-planik. Aldundiak 2021. urtea amaitu baino lehen aurkeztu behar ebela agindu eutsen. “Egoerea ikusita”, sailak ekintzara pasetea erabagi dau, eta “zuzeneko egikaritze-agindua aurkezteko aukerea” be “aztertu” dau. Bilbaok baieztu dauenez, bere sailak ez dau jaubetzaren “ezelango eskaintzarik jaso” Bizkaiko industria-monumentu handienetakoa dan eraikina erosi ahal izateko. Hormigoiz eregitako lehenengoa izan zan eta Estaduko silorik zaharrenak ditu. 2009an Kultur Ondasun Kalifikau moduan erregistrau zan, Monumentu kategoriagaz.
Kontua da “aste honetan bertan” Aldundiak jaubeen idazkia jaso dauela, proposamen formala aurkezteko “epea luzatzeko eskatuz”, baina noiz arte zehaztu barik. Bilbaok ziurtatu dauenez, atzerapen horrek eraikinaren narriaduran ondorioak izan leikezan eta higiezinari eusteko emon behar diran pausuak “aztertzen ari dira” zerbitzu teknikoak. Pausu horreek hainbat txostenetan argitaratu ziran. Aldundiak oraindino “ezer” ez daukan arren, jaubetzak luzapena eskatu izanak “arazoari aurre egiteko interesa” dauela adierazoten dau.
Lorea Bilbaok uste dauenez, auzia “epe laburrean desaktibauko da”, baina epeakaz zuhur jokatu gura izan dau, izan be, Aldundiak “ezin ditu alde batera itxi alderdi teknikoak eta juridikoak eskatzen dituen pausuak”.
Eraikinaren eukiari jagokonez, eta zehatzago esanda, Bilboko Udalak egindako azterlan batean oinarrituta bertan itsas museoa egiteko ideari jagokonez, diputatuak ez dau hori balorau gura izan. “Ez da Itsas Museoaz edo Itsasadarraren nabigagarritasunaz berba egiteko garaia”, baina onartu dau eztabaidea dagoala administrazinoen artean, “eretxi desbardinakaz”.
Batzar Nagusietako taldeak bat etorri dira konponbidea azkartu egin behar dala esatean, eraikinak narriadura zantzu nabarmenak ditualako aspalditik. Eraikina oneratzeko foru teknikariek egindako azkenengo txosten teknikoan jasoten ziran 10 neurriak ekarri ditu gogora Endika Montes EH Bilduko batzordekideak. Elkarrekin Bizkaia taldeko Hector Fernandezen eretxiz, eraikina Bizkaiko ondare industrialaren “ikur nagusia” bihurtu daiteke, eta ofizioz jardutera animau dau Aldundia. Montesek gogorarazo dauenez, eraikina oneratzeko neurrien artean, fatxadak, habeak eta teilatua eskoratzea eta obra-hondakinak kentzea aitatzen ziran, besteak beste.
Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko Esther Martinez batzordekideak bat egin dau azkar jardutea eskatu daben ahotsakaz; izan be, “atzerapen gehiagok ezinezko egin leikie eraikina oneratzea”.
Jeltzaleentzat eta sozialistentzat, barriz, gaia “konplexua” da, baina Administrazinoaren esku-hartzea behar dau, jarduketea “preminazkoa” bilakatu dalako. Berta Campo sozialistak konponbidea ahalik eta “denpora laburrenean” iristea espero dauela adierazo dau. Euzko Abertzaleak taldeko Esther Iturrioz be kezkatuta agertu da eraikinaren egoerea dala eta, eta konponbidea “aurton bertan behingoz iristea espero dauela” esan dau.
BUTROEKO GAZTELUA EROSTEA
Orain denpora gitxi Butroeko gaztelua 4 milioi euroan saldu izanaren eta lehentasunez erosteko Aldundiak eukan eskubidea erabilteko aukerearen inguruan EH Bilduk egindako erantzun-eskeari erantzunez, inbertsino hori ez egoala justifikauta esan dau Bilbaok, bere Ondare Zerbitzuaren eretxiz gazteluak “ez dauelako ezelango ondare-balio historikorik”. Ganera, Aldundiak ez dau aurkitu gazteluari “zelanbaiteko erabilgarritasuna emoteko behar zehatzik”.
Erantzuna ez jako nahikoa begitandu EH Bilduri; izan be eurentzat eraikina “ondare historiko moduan onartuta dago” eta Bizkaiko ikurretakoa da. Endika Montesen ustez, Aldundiak aukera bat galdu eban 2005ean, garai bateko jaubeak, Inbisa higiezinen agentziak, prezio dezente txikiagoan (1,6 milioi) erosi ebanean. “Bilbo ingurutik kanpo beste Bizkaia bat dagoala kontuan hartzeko” eskatu deutso Bilbaori, eta, beraz, Butroeko gaztelua berreskuratzeko eta “gure ondarea esku pribaduetan ez ixteko” proposamenak aurkeztera animau dau.