Aurreko Albisteak

BIZKAIKO 2022-2030 ALDIRAKO LANKIDETZARAKO IV. GIDA PLANAK PERSONEN ESKUBIDEAK, FEMINISMOA, EKOLOGIA ETA HEZKUNTZA AZPIMARRATZEN DITU, ETA % 22 HANDIAGOA IZANGO DAN GARAPENERAKO AURREKONTUA JASOTEN DAU

  • Personen giza eskubideak, emakumea, ekologismoa eta hezkuntza-garapena hartzen ditu gako moduan, bere kabuz eskatuta gaur Bizkaiko Batzar Nagusietara joan dan Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako foru diputatuaren berbetan.

(Bilbon, 2022ko zezeilaren 2an). Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko foru diputatuak Bizkaiko 2022-2030 aldirako Lankidetzarako IV. Gida Plana aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aldundiaren Garapenerako Lankidetzaren ibilbide-orri barria aurton bertan abiauko da, % 22 handiagoa izango dan aurrekontuagaz, 9,46 milioi euroko inbertsinora heldu arte. Azkenengo sei urteetan, % 50 handitu da arlo horretako inbertsinoa.

Aldundiaren Lankidetzarako Gida Plan barria zeharkako lau alkartasun-ardatzetan banatzen da. Lehenik eta behin, persona eta kolektiboak eskubideen subjektu moduan hartuta, eta ez arretaren objektu moduan. Modu berean, ikuspegi feministatik, benetako bardintasunaren alde lan egitearen eta emakumeek gizartean, familian, politikan eta ekonomian jasaten dituen askotariko diskriminazinoak gainditzearen aldeko apustua egiten dau. Planaren hirugarren zeharkako ikuspegia ekologikoa da, eta jasangarritasun ekologikoa eta klima-aldaketaren kontrako burrukea etorkizuneko belaunaldiakazko konpromiso moduan eta egungo belaunaldien pobreziaren eta desbardintasunaren kontrako burrukan betebehar moduan lantzea dau helburu. Eta aurreikusitako azkenengo zeharkako ardatza, kontzientziazino-prozesuak bultzatu gura dituan eta gizarte-aldaketagaz konprometiduta dagoan Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza da.

Modu berean, planteamentu globalagoan, dokumentuak, gure Lurralde Historikoan eta bertako eragileetan Garapenerako Lankidetzaren aniztasuna “zabaltzea” eta haren eragin- eta eraldaketa-gaitasuna optimizetea proponiduten dau. Holan, administrazino-prozedurak sinplifiketan eta malgutzen aurrera egitea be aurreikusten da, eraginkortasun eta efizientzia handiagoa lortzeko, ekintzen jarraipena eta ebaluazinoa moduko gakoak ahaztu barik.

Laespada diputatuak azaldu dauenez, Lankidetzaren eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren lanak eta horrek Aldundiko beste sail batzuetan daukan eraginak “Hegoaldeari hobeto lagunduko deutson” Garapenerako Lankidetzea lortu gura dau, gure gizartearen eta Hegoaldearen arteko hartu-emonetarako eremua zabalduta eta gure gizarteak berak gehiago partekatuko dauen politikea eregita.

“Lankidetza justizia globaletik bideratu behar dogu, Hegoaldeko biztanleriaren, euren egoeraren, interesen eta proposamenen ikuspegitik. Lankidetza etikoaren poroetatik arnasa hartu, lehiakortasuna hazkunde-elementu moduan ulertzeari itxi eta guztien ongizatea bilatuko dauen gizartea sortu behar dogu”, gaineratu dau.

Bizkaiko gizartearen aldetik balorazino hobea izango dauen Garapenerako Lankidetzea be defendidu dau Laespadak; izan be, “Iparraldean, funtsek helburua, arima, etika eta balioak dituela jakin behar dogu”. “Guztion arteko lankidetzea, inor mendeko bilakatuta geratu barik. Izan be, benetako antidotoa lankidetzea da, eta gizateria ezin da mugak itxita babestu”, berretsi dau.

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Talde Berezia-PP Bizkaia taldetik, Esther Martinezek alkarte guztiei emon deutse balioa, eurak barik “ezinezkoa izango litzatekelako plan hau egitea”. Beharrak amaibakoak dira eta pandemiak areagotu egin ditu. Aurrekontua handitu dala onartu dau, aurrekontuaren % 0,7 horretara bideratzeko helburua “oraindino urrun dagoan arren”. “Segurtasun juridikoa eta diru publikoaren kontrola murriztu barik” burokrazia desagertuarazotea eskatu dau.

Elkarrekin Bizkaia taldeko Israel Escalantek, plana Bizkaiko parlamentuan aurkeztea eskertu ostean, aurreko planaren ebaluazinoa egitea bota dau faltan. Modu berean, Aldundiak % 0,7ra ailegetako adierazo eban “konpromisoa” atoan betetako eskatu dau, urte biko atzerapena daroalako. Planak Lankidetzaren Euskal Lege barrirako ezelango egokitzapenik jasoten dauen jakin gura izan dau Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak.

Juan Otermin sozialistak eskertu egin dau Laespadaren “koherentzia”, proiektuak, planak edo arauak Batzar Nagusietan aurkezteagaitik, eta kasu honetan, Lankidetza Planak aktibetan hasi ziranetik Foru Aldundiak egindako ahalegina nabarmendu dau, 2001. urtean “36 proiektu” eta “2,5 milioiko” partidea izatetik azkenengo ekitaldian “90 proiektu eta zazpi milioi euro baino gehiago” izatera igaro dalako. Hamarkada bitan, “1.850 proiektu eta 150 milioiko inbertsinoa” gauzatu dira.

Beste alde batetik, EH Bilduko Izaskun Duquek kritikau egin dau dokumentazinoa “lehenago” ez emotea, Batzar Nagusietako taldeen analisi-lana errazteko. Lehenengo ondorioa da “ez dala barrikuntza handirik aurkeztu”. Hirugarren plana “osoagoa” zan, eta “askoz be udal gehiagok” hartu eben parte gauzatzeko prozesuan. Bere berbetan, Aldundiak nahiko “dokumentu filosofikoa” aurkeztu dau, eta bertan ez da jasoten beste lurraldeakaz izan beharreko lankidetzarik.

Bestalde, Euzko Abertzaleak taldeko Gorka Beitiak esan dau “lankidetzak humanizau egiten dauela, arlo pertsonalean eta instituzionalean”. Laugarren plan honegaz, agerian geratzen da lankidetzea ibilbide luzea dala Bizkaiko Foru Aldundian eta gainerako euskal administrazinoetan. GKEakaz batera hori gauzatzeko egindako lanean eta Garapen Jasangarriko Helburuetarako (GJH) ikuspegi-aldaketea txertatzeko aukeretan be zentrau da.