ETXEBIZITZEN ALOKAIRUA SUSTATZEKO NEURRI FISKALAK ZERGAK KOORDINETAKO ORGANUAN ADOSTEA DEFENDIDU DAU BIZKAIAK
- José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietan egon da EH Bilduk eskatuta, etxebizitza alokatzeko fiskalidadea eta Bizkaiko 2019ko Kontu Orokorraren fiskalizazino-txostena dirala-eta.
(Bilbon, 2022ko urtarrilaren 28an). Aldundia daborduko aztertzen ari da Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak abenduan aurkeztu eban 2021-23ko Etxebizitzaren Gida Plana Bizkaiko fiskalidadean zelan egokitu. EH Bilduk eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietara gaur etorri dan Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu dauenez, Bizkaiak bat egiten dau Planaren “helburu orokorrakaz” etxebizitzak alokatzeari eta birgaitzeari jagokenez. Berarentzat, “jarraikortasuna daukien” neurriak dira, Bizkaiko Ogasuna fiskalidadearen arloan “orain 36 urte baino gehiagotik” egiten ari danari erreferentzia eginez, baina, aldi berean, “ikuspegi teknikotik” gatxa da egungo zerga-araudian txertatzea. Hori dala eta, arau-proiektura eroan aurretik, neurriak Euskadiko Zerga Koordinazinorako Organuan adostu behar dirala defendidu dau.
Aldundia planteetan diran neurriak “aztertzen” eta neurri horreen aplikazinoak izango dituan ondorioetan sakontzen ari da, PFEZn adibidez; izan be, Eusko Jaurlaritzaren Gida Planak alokairurako eta errentatzailearentzako gehieneko errenta-mugak ezarten ditu. Planteetan dan edozein neurrik zerga horren “ikuspegi globalean” sartu beharko dau, ohartarazo dauenez. “Etxebizitza Sailak 2019an daborduko aurkeztu ebazan eta Gida Planean jasoten diran plangintzaren hainbat hurbilketa eta azterketa eta fiskalidade-proposamen egin ebazan arren, gogoetak eta eztabaidak “zabalik jarraitzen dabe” Zerga Koordinazinorako Organuan, “pandemiaren olatuak noiz amaituko zain”, “agendak normalizetako” eta “amaitzeko, analisia zehazteko eta ondorioak aterateko”.
Iruarrizagak baieztu dau Bizkaiak 2019ko urrian ekin eutsola azterketa-lanari, neurriak aurkeztu eta hilebete gitxira, eta hurrengo urteetan “sakontzen” jarraitu dauela, pandemiak “agenda guztiak aldatu ebazan” arren. Aldi horretan bere sailak Covid-19aren ondorioak arintzeko eta ekonomia suspertzeko 14 arau-dekretu proponidu eta onartu ebazan. Ganera, planean tokiko fiskalidadean eragina daukien neurriak sartu diranez, beharrezkoa izan da eztabaida “konplexu” horretan udalerrien ikuspegia sartzea.
Batzar Nagusietako talde guztiak bat etorri dira esatean “beharrezkoak” dirala “arrazoizko prezioan etxebizitza duinaren alokairua” sustatzeko neurriak, aspalditik egin izan dan moduan, baina, EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren berbetan, hori “preminaz” berrikusi behar da, egungo arauek errentan hartzea baino gehiago etxebizitzea erostea babesten dabelako. Arantza Urkaregi EH Bilduko kideak “eztabaidea ez daitela amaibakoa” izan eskatu dau, eta “legegintzaldia amaitu baino lehen” erreformea proponidu daitela.
Planak azpimarratzen dau beharrezkoa dala fiskalidadea aztertzea, Eusko Jaurlaritzak gai horretan eskumena daukien Foru Aldundiei 2019an (Zerga Koordinazinorako Organuaren barruan) egindako proposamenean oinarrituta, etxebizitzen alokairua sustatu eta prezioei eusteko. Bizkaiko Ogasun eta Finantza Sailak etxebizitzaren arloko zerga-politiken inguruko txosten bi egin ditu gitxienez. Bata, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitzako Behatokiak eskatuta, 2018ko ekitaldian politika fiskalak etxebizitzaren arloan izan dauen eraginari buruzkoa, eta, bestea, etxebizitzaren erosketaren tratamendu fiskalari buruzkoa, hainbat egoera kontuan hartuta, Zerga Koordinazinorako Organuari bialdutakoa, aztertu eta baloratu daian.
2019KO KONTU OROKORRA
Beste alde batetik, joan dan astelehenean Herri Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) arduradunek Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2019rako Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostena azaltzeko egindako bisitaren ostean, gaur Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuari egokitu jako Batzar Nagusietara etortea txosten hori azaltzeko, EH Bilduk eskatuta. EH Bilduk fiskalizazino-organuaren analisiak jasoten dituan salbuespenak zuzentzeko Aldundiak hartuko dituan neurrien inguruan galdetu deutso foru arduradunari.
Diputatuak Jose Angel Quintanilla epaitegiko presidenteordearen berbak ekarri ditu gogora. 2019ko kontuak “garbiak” dirala eta “diruzaintzako gerakinari eta funts propioei kontabilidade-doikuntzarik egitea ez dala proponiduten” esan eban. Txostenak zehazten dauenez, “4 ez-beteteakaitik” izan ezik, Bizkaiak “ohidalez” bete dau bere ekonomia eta finantza jarduerea arautzen dauen legedia.
Kontu Orokorraren magnitude nagusiak –8.265 milioiko diru-sarrerak, 7.843 milioiko gastuak, 422 milioiko aurrezpena, aurrekontuaren 51 milioiko superabita eta 35 milioiko defizita, kontabilidadeko doikuntzak egin eta gero– azaldu ostean, Iruarrizagak pandemiaren aurreko urteko Kontu Orokorra “oso positiboa” izan zala esan dau, “zifrakaitik zein kudeaketeagaitik”, eta nabarmendu dau, ganera, jeitsi egin dala urte horretan epaitegiak hauteman dauen akats kopurua eta horreek “ez dirala garrantzitsuak bolumen osoaren aldean”.
Hauteman diran ez-beteteak ez dira legezkotasun-akatsak, eta “interpretazino-erespide desbardinen” barruan dagoz. Epaitegiak zenbait gairi buruzko gomendioak emoten ditu, eta Aldundiak “beste eretxi bat dauka”, eta hori alegazinoen bidez adierazoten dau. Halan, Aldundiak beste kontzeptu bat dauka zenbait arlotan: beren beregiko osagarrian, indarrean dagozan kontratuen “derrigorrezko” luzapenan, kontratazinoaren barne-kontrolean edo Bizkaiko Tutoretza Erakundearen eta Bizkaikoaren izaera juridikoan. Iruarrizagak, organu fiskalizatzaileak auzitan jarri ebazan alderdi horreek ekarri ditu gogora.
Beste alde batetik, Arantza Urkaregi (EH Bildu) kezkatuta agertu da “urtez urte errepiketan diran akats batzukaitik”, batez be foru sektore publikoko erakunde batzuetan eta kontratazino-gaiakaz zerikusia daukien gaietan. Urkaregik esan dauenez, diputatuak esandakoak argi erakusten dau “oraindino konpondu barik dagozan” gaiak geratzen dirala, Kontua behin betiko onartzeko aste gitxi geratzen diranean.