Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK ZIURTATU DAUENEZ, BIZKAIA TORREAREN SALMENTAK "EZ DAU EZELANGO ERAGINIK IZANGO" NAZINOARTEKO EKINTZAILETZA-ZENTROAREN GARAPENEAN

  • Bizkaia Dorrea saltzeko egin barri dan eragiketaren inguruan “kezkaturik” agertu da oposizinoa Bizkaiko Batzar Nagusien Kontrolerako Osoko Batzarrean, eraikin horretan egongo da-eta agintaldi honetarako iragarrritako priektu nagusenetariko bat.
  • Batzar Nagusietako taldeek beste gai batzuen inguruan be galdetu deutsie Foru Aldundiari: Arartekoak egoitzen inguruan egindako txostena, asteburu honetan Eskola Kirola barriro martxan jartea eta abeltzaintzaren egoerea.
  • Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatuak 1,1 milioi euroko laguntza iragarri dau baserritarrentzat, ekoizpenaren kostuen igoerea arintzeko

(Gernikan, 2022ko urtarrilaren 26an). Gai bat izan da hizpide batez be Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur Gernikan egin daben kontrol-saioan. Batzar Nagusietako oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) ahozko erantzun-eske bana egin deutsie Foru Gobernuari, Bizkaia Torrearen inguruan izan diran azken barrikuntzen inguruan, batez be, eraikina orain dala denpora gitxi saldu dalako. Irailetik aurrera martxan jarriko dan Ekintzailetzaren Nazinoarteko Zentroaren garapenean horrek ze eragin eukiko dauen jakin gura izan dabe. Gai horren inguruan Bizkaiko parlamentuan emondako lehenengo erantzunean, Aldundiak ziurtatu dau eragiketa horrek “ez dauela ezelango eraginik izango Aldundiak sustatuko dituan eta Bizkaia Torrean egongo diran proiektuetan”.

Eragiketa horren inguruan oposizinoko taldeen artean sortu diran “kezken” ostean, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapeneko foru diputatuak Azpiegiturak foru soziedadeak 2018ko irailean eraikinaren jaube ohiagaz sinatutako kontratua aitatu dau. Bertan aukera hori aurreikusten zan daborduko. Aldundiak idatziz adierazo eban balizko salmentak ez ebala eraginik izango errentan hartutako espazioetan (soto bat eta 14 solairu) Aldundiak martxan jarri eikezan baliabideetan. Kontratuaren negoziazinoan, “funtsezko ardatzetarikoa” izan zan “ziurtatzea” jaubetzaren titulartasuna aldatu ezkero be “foru-proiektuek aurrera egingo ebela bermaturik” egotea beti. “ziurtatzea”. Imanol Pradales Garraioak eta Mugikortasun Jasangarriaren Sustapeneko diputatuak aurreko aztergai baten eztabaidan adierazo dauenez, Dorreko espazioak Ekintzailetza Zentroak eta Aldundiko sailek hartu ahal izango ditue. “Azpiegiturak-ek foru-sailen agindu zehatzak jaso ditu etorkizunean espazio horreek arian-arian okupatuz joan daitezan”.-

Basurkok behin baino gehiagotan ezeztu dau Ekintzailetza Zentroa garatzeko prozesua “inprobisazinoz”, “higiezinen ganeko espekulazinoz” edo “gardentasun faltaz” beteta egon izana, oposizinoak salatu dauen moduan. Aldundiak unean-unean emon dituan pausuak defendidu ditu, proiektuaren inguruko informazino “oso zehatza” emon dau-eta. Diputatuaren berbetan, Batzar Nagusietako taldeek “ezagutzen ditue”, bideragarritasun-plana, estrategia, lizitazino-prozesua eta Bizkaia Torrerako proposamen irabazlearen eukia. Hogeta hamar enpresa inguruk egin dabe bat proiektu barri horregaz.

Beste alde batetik, eta talentua erakarteko politikaren inguruan Elkarrekin Bizkaiatik egindako erantzun-eskeari erantzunez, Basurkok iragarri dau aurton be enpresentzako laguntzen deialdia jarriko dala martxan talentua kanpotik erakarteko, kontratautako personei soldata gordinaren % 20 ordainduta, 30.000 euroko mugeagaz. Ekintza horri eta beste batzuei esker, diputatuaren berbetan, Bizkaia Talentek azken hiru urteetan “436 persona” erakartea lortu dau: “92, 2019an; 160, 2020an; eta 186, igaz”. Kontratazino-politika horretaz, “39, 36 eta 50” erakunde baliatu dira, hurrenez hurren.

EGOITZAK ETA ARARTEKOAREN TXOSTENA

Osoko batzarra Arartekoak zemendian argitaratutako azterlanaren inguruan Elkarrekin Bizkaiak Aldundiari egindako itaunagaz hasi da. Azterlan hori 2020ko martitik 2021eko urtarrilera bitartean adinekoentzako egoitza-zentroetan Covid-19ak izandako eraginaren ingurukoa da. Talde moreko Héctor Fernández batzarkideak hausnarketea eskatu dau Arartekoak zerbitzua hobetzeko markau dituan alderdien ganean: “gardentasuna, laguntza-eredua, lan-prekariedadea, kontingentzia-planak eta etikea”, besteak beste.

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak bere egin ditu ondorioak, eta “bidezkotzat jo dau gogorarazotea” Arartekoak berak bere txostenean nabarmendu ebazan zenbait arlo: egoitzetako beharginek, erakundeek eta kudeatzaileek “oso denpora laburrean” egindako ahalegina; birusa detektetako gaitasuna, Euskadin, behar bada, beste leku batzuetan baino handiagoa; edo zentroen titulartasunaren eta kutsatze- eta heriotza-mailen artean loturarik ez dagoala egiaztau izana.

Elkarrekin Bizkaiak planteautako galderei erantzunez, Murillok gizarteak pandemian zehar jaso dauen informazinoa balioetsi dau. Zentroek “egunero” emoten ebezan egoeraren inguruko txostenak. Bizkaiko Etika Batzordeak egin dauen beharra azpimarratu dau, “Estadu osoan sortu zan lehenengoa” izan zan, eta EAEko “aktiboena”. Murillok adierazo dau bat datozala Aldundiak ezarri gura dauen tamainu txikiko bizikidetza-unidadeen eredu barriagaz, era horretako egoitzek antzeko egoerei “hobeto erantzuteko aukerea emoten dabe-eta”. Lan-arloan, Gizarte Ekintzako arduradunak nabarmendu dau zentro bakotxeko lan-boltsak sortu dirala eta, kutsatzeak saihesteko, beharginak ez dirala lekuz aldatu. Kontratuen % 85 finkoak izateko Gizarte-eragileen artean lortu dan akordioa be aitatu dau Diputau jaunak.

Beste itaun batean, EH Bilduk azalpenak eskatu ditu, adinekoentzako foru sareko egoitzen kontuetan (“gehienak” enpresa pribaduen eskuetan) Aldundiak egiten dauen kontrolaren inguruan. Auditoretzako txostenak “ez dira uniformeak”, batzuetan ez dira entregetan edo “berandu” entregetan dira, eta batzuei beharginentzako baliabideen inguruko informazino ekonomikoa falta jake. Arantza Urkaregik “gardentasun handiagoa” eskatu dau Gizarte Ekintza Sailak titulartasun pribaduko egoitzetan inbertitu ebazan “408 milioi euroak” zertan gastetan diran jakiteko. Kopuru hori adinekoen programaren guztizko zenbatekoaren “% 76” da. LOOP Consultores enpresak 2016an egindako azterlanak erakusten dauenez, kudeaketa pribaduko egoitzetako beharginen gastua % 43 eta % 81 artekoa izan zan.

Murilloren berbetan, azken gai horretan dagozan “desbardintasunak”, egoitza bakotxak bere egiturea daukalako agertzen dira, bere zerbitzuak antolatzeko moduaren arabera. Diputatuak nabarmendu dauenez, irailaz geroztik, egoitza pribaduakaz egindako itun barriak “zehaztasun handiagoa” eskatzen dau auditoretzako txostenetan. Gehiago oraindino, entregetan ez badira, Aldundiak “ordainketak eten daikez”, ohartarazo dau. Edozelan be, Murillok zerbitzuaren kalidadea ikuskapenaren bidez neurtzen dala nabarmendu dau, eta zerbitzu hori funtzionario publikoek egiten dabela. “Egoitza bat itxi behar izan badogu, egin dogu eta etorkizunean be egingo dogu”, adierazo dau.

Egoitzetan kutsatzea prebeniduteko neurri murriztaileei jagokenez, Murillok EH Bilduri erantzun deutso urtarrilaren 17an protokolo barria onetsi zanetik, neurri horreek ganerako biztanleentzat dagozanetara hurbiltzen dirala, kutsatze bat hautematean 7 eguneko isolamendua ezarriz edo bisitetarako Covid pasaportea eskatuz.

KALIDADEKO OKELEA, MAKROGRANJAK ETA LAGUNTZA BARRIAK

Talde Berezia-PP Bizkaiak aurkeztutako Itaunean, hizpide izan dira abenduaren 23an Alberto Garzon Kontsumo ministroak egunkari britainiar batean Espainiako Estadutik esportetan dan okelaren kalidadearen inguruan argitaratutako adierazpenak. Eduardo Andrade batzarkideak ministroaren berbak gaitzetsi ditu, “Espainiak, txarto tratautako animalietatik lortutako kalidade txarreko okelea esportetan ebala” esan ei ebalako ministroak. Batzarkidearen eretxiz, Bizkaian “60 milioi euro” mobiduten dituan sektoreari “izen ona kentzen” deutsen berbak dira. Itaunean hau egiteko eskatzen eutsan Ahaldun nagusiari: ministroari zuzenketea egiteko eskatzea eta Gobernu zentralari ministroa kargutik kentzeko eskatzea.

Azkenik, Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturaleko foru diputatuak “ez ditu balorau gura izan” ministroaren adierazpenak. Bizkaian dagoan abeltzaintza estentsibo eredua defendidu besterik ez dau egin, lurraren orografiarengaitik eta “nekazaritza” “baserriaren” bidez antolatzeak dakarren herentziarengaitik posible dan bakarra. Bizkaiko abeltzaintzako ustiategien “argazkiak” erakusten dauenez, Bizkaiko behi-ustiategi handienak “432” abelburu ditu; “% 45ak 1 eta 45 abelburu artean ditu, eta % 47ak 50 eta 200 artean”. Ardi-, ahuntz- eta txarri-aziendak barru hartuta, animaliaren ongizatea zaintzen daben eta produktuaren kalidadeari eta ingurumenaren babesari lehentasuna emoten deutsen “familiarteko” “707” abeltzaintza-ustiategi dira. Erantzun horretan, iragarri dau, lehenengo hiruhilekoan, “1.100.000 euroko” aparteko laguntza lerro barria jarriko dala martxan, ustiategien autonomia sustatzeko. Sektoreari entzun ostean erabagi dan laguntzea da, lehengaien prezioen eta pandemiaren osteko ekoizpen-kostuen igoereagaz dago lotuta.

EH Bilduk beste Itaun bat aurkeztu dau jakiteko Aldundiak ze pauso emongo dauen okelearen transformazinoa malgutzeko eta agroekologia, zirkuitu laburrak eta transformazino artisaua bultzatzeko. Izan be, ildo horreetatik doaz Batzar Nagusietan onartutako Arauz Besteko Proposamen bazuk. Antxustegi diputatuak gogotara ekarri dau baserritarren presakuntza edo, transformazinoa eta merkaturatzea Eusko Jaurlaritzaen eskumeneko arloak dirala. Ekoizpen-prozesuei jagokenez, okelearen transformazinoa malgutzea “ona” dala uste dau Antxustegik, eta nabarmendu dau aurtengo aurrekontuek"gehikuntzea" izan dabela inguruneagaz jasangarriagoak diran proiektuei laguntzeko.

Beste alde batetik, Lorea Bilbao foru diputatuak adierazo dauenez, datorren asteburuan ekingo jako barriro eskola-kirolari, 18 eguneko geldialdiaren ostean. EH Bildurentzat “ulertuezina” izan da geldialdi hori, arretea umeengan eta osasuna zaintzen daben jardueretan jarri dalako. Zigor Isuskizarentzat, 38.000 ikuslegaz San Mamesen jokatutako futbol partiduakaz alderatuta, neurri horrek “erabateko kongruentzia faltea” ekarri eban. Bilbaok adierazo dauenez, erabagi hori ganerako euskal erakundeakaz adostu zan, “kutsatzeko arriskua murrizteko helburuagaz”, “hartu beharreko erabagia, gustukoa izan ala ez”, esan dau.