Aurreko Albisteak

HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAK ERETXI "GARBIA" DAUKA 2019KO BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOKO KONTUEN GANEAN

  • José Ángel Quintanilla erakundeko presidenteordeak Batzar Nagusietako taldeen zalantzei erantzun deutse, eta txostenak, pandemiaren aurreko urte horretako Bizkaiko kontuak “garbiak” dirala adierazoten dauela nabarmendu dau.

(Bilbon, 2022ko urtarrilaren 24an). Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren 2019ko Fiskalizazino Txostena azaldu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Ogasun eta Finantzetako Batzordean egin dan eta Ana Elguera presidente berria eta José Ángel Quintanilla presidenteordea protagonista izan dituan agerraldian, nabarmendu da Aldundiak modu “arrazoizkoan” bete ebala aztertutako ekitaldiko legezkotasuna, zenbait “baina” jarri arren, baina hori organu fiskalizatzaileak egiten dituan analisien barruan sartzen da.

Txostenak lege-alderdiak aztertzen ditu, horreen artean indarrean dagoan araudia betetea, kontabilidadeagaz lotutako alderdiak eta Foru Aldundiaren, GUFEren eta, merkataritza-soziedadeen eta fundazinoen artean, hogei foru-erakunde baino gehiagoren kontuen finantza arloko azterketea. HKEEk, legezkotasuna eta kontuak betetearen inguruko bere eretxia emon dau, eta, ohikoa dan moduan, salbuespenen atal bat sartu dau, bai eta lurraldeko kontuen kudeaketan eta kontrolean “eragin garrantzitsurik ez daukien” beste gogoeta batzuk be.

Lehenik eta behin, Quintanillak adierazo dau Jose Luis Bilbao epaitegiko presidente ohi eta Bizkaiko Ahaldun Nagusi ohia ez dala batzordera etorri ez dauelako lurraldeko kontuen fiskalizazinoan parte hartu. Epaitegiko presidenteordeak nabarmendu dau txostenak 2019ko kontuak “garbiak” dirala ondorioztatzen dauela, eta, horregaitik, “ez dala proponiduten kontabilidadean doikuntzarik egitea diruzaintzako gerakinari, ezta funts propioei be”. Txostenak zehazten dauenez, “4 ez-beteteengaitik” izan ezik, Bizkaiak “modu arrazoizkoan bete dau bere jarduera ekonomiko-finantzarioa arautzen dauen legedia”.

Aldundiak eta GUFEk % 1,3 handitu ditue lanpostu bakotxeko ordainsariak. 2012-2013 aldiko erosahalmen-galerea dala eta sortutako zorra itzultzeko behargin guztien berariazko osagarria da, eta funtzionarioentzako akordioan eta lan-kontratuko beharginentzako hitzarmenean dago jasota. Epaitegiaren eretxiz, esleipen horrek “aldatu egiten dau funtzino publikoaren ganeko araudian beren beregi finkatutako osagarriaren izaerea”. 2019an, barriz, Aldundiak “2,1 milioi euro” eta Foru Erakundeak “660.000 euro” ordaindu ditue.

Bigarren salbuespena Bizkaikoari, Garbikerri eta Biscaytikeri jagokena da, “870.000 euroko hornidurak edo zerbitzuak publizidade eta lehia printzipioak errespetau barik kontratau dituelako”.

Epaitegiak jarri dauen beste “baina” baten protagonistak Basalan, Euskalduna Jauregia eta Juan Crisostomo de Arriaga Fundazinoa izan dira, kontratu baterako esleitutako zenbatekoak gainditu dituelako, ezelango aldaketarik onartu barik. Zehatzago esanda, “52.000, 57.000 eta 200.000 euroko igoerak” izan ditue, hurrenez hurren.

Eta, amaitzeko, legezkotasun-salbuespenei amaierea emoteko, Aldundiak esleitutako zerbitzu bat eta sei erakunderen beste zerbitzu eta hornidura batzuk aitatu dira, izan be, mugaegunaren ostean be gauzatzen jarraitu eben. 2019an, egikaritzea “110.000 eurokoa” izan da Aldundian, eta “1,3 milioi eurokoa” foru-soziedade publikoetan.

Salbuespen horreek kenduta, Quintanillak esan dauenez, Lurralde Historikoa osatzen daben kontuek “2019ko ekitaldiko jarduera ekonomikoa, ondarearen eta finantza-egoeraren irudi leiala eta eragiketen eta eskudiru-fluxuen emaitzak adierazoten ditue alderdi esanguratsu guztietan”. Hau da, epaitegiak eretxi “garbia” dau, eta, horregaitik, “ez dau proponiduten kontabilidade-doikuntzarik egiterik diruzaintzako gerakinari eta funts propioei, eta ez dau planteetan ez ziurbakotasunik, ez kontuak interpretetako kontuan hartu beharreko bestelako erabagi garrantzitsurik”.

Finantza arloko analisia kontuan izanda, diru-sarreren eta gastuen arteko emaitza positiboa “51 milioi eurokoa” izan zala ezarten dau epaitegiak, eta Bizkaiak bete egin dituala Aurrekontuen Egonkortasunari eta Finantzen Jasangarritasunari buruzko Lege Organikoaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritako baldintzak, eta Estaduko Administrazinoari eta haren erakunde fiskalizatzaileari txostena bialdu deutsela. Hareen aldetik “ez da ezelango salbuespenik adierazo”.

Barne-kontrolari eta kudeaketa-prozedurari jagokenez, Fiskalizazino Txostenak, kontratazino-sistemetan “21 hutsune” dagozala adierazoten dau (2018. urtean “31” egon ziran), epeakaz, kontratatzailearen profilaren eukian egon diran akatsakaz, proiektu batzuen gauzatzeagaz edo dokumentazino ezagaz erlazionauta. Quintanillak esan dauenez bere epaitegiak “ez dau Aldundiak txostenari aurkeztu eutsozan 52 alegazinoetako bat bera be onartu”.

Beste alde batetik, epaitegiko arduradunak Bizkaiko Parlamentuan egotea eskatu eban Arantza Urkaregik EH Bilduko batzordekideak, legezkotasunaren betete-mailea beste ekitaldi batzuetan baino “handiagoa” dala onartu dau, baina kezkatuta agertu da “urtez urte errepiketan diran hutsune batzuengaitik”, batez be foru sektore publikoko erakunde batzuetan eta kontratazino-gaiakaz zerikusia daukien gaietan. Modu berean, beste urte batzuetan agertzen ez ziran alderdi barri bi aitatu ditu, Interbiak eta Bizkaitik Fundazinoaren hitzarmen kolektiboari buruzko informazino falteagaz eta GUFEko adinbakoen zentroak kudeetan dituen irabazi-asmorik bako erakundeen “mozkinen” xedeagaz zerikusia daukienak.

Aldundiari eusten deutsien talde biek, barriz, txostenaren emaitza positiboa nabarmendu dabe eta epaitegiko ordezkariaren azalpenak eskertu ditue. Sozialisten eta jeltzaleen eretxiz, agerian geratu da Bizkaiko Foru Aldundiak “egunez egun hobetzen dauela bere kudeaketea eta gero eta hobeto beteten dauela legezkotassuna”. Eta nabarmendu dabenez, epaitegiaren gomendioak kontuan hartzen diralako egin dabe behera salbuespenek.