Aurreko Albisteak

HONDAKINEN FORU PLAN BARRIAK BIZKAIA "ERREFERENTE" BIHURTUKO DAU HAMARKADA HONEN AMAIERAN, SORTUTAKO 5 KILOTIK 4,9 APROBETXETEA LORTUKO DAUALAKO

  • Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatuak, lehen seihileko honetan foru arau moduan izapidetuko dan PIPGRB 2030aren aurrerapen bat emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.

  • Beste alde batetik, osoko batzarrak oneretxia emon deutso Arteako eta Ugao-Miraballeseko banderak sortzeari. EH Bildu abstenidu da bakarrik, udalerri bietan adostasun zabalagoa lortu ez dalako. Arrankundiaga udalerriaren izena Arrankundiaga-Zollora aldatzeko bozketan, barriz, Batzar Nagusietako talde guztiek aldeko botoa emon dabe.

(Bilbon, 2022ko urtarrilaren 20an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasun eta Ingurune Naturalerako batzordeak Amaia Antxustegi diputatuaren agerraldia hartu dau gaur, Batzar Nagusietako taldeei kudeaketaren inguruko sei gairen barri emoteko. Berak halan eskatuta, Aldundiko arduradunak Bertako Eskumeneko Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Bizkaiko Plan Integralaren (PIPGRB 2030) aurrerapena emon dau. Plan horren bidez, Bizkaia “erreferente” bihurtuko da hondakinen kudeaketan, eta “punta-puntako” lurraldea izango da hondakinak tratetako moduan. Horretarako, ekonomia “zirkularraren” aldeko apustua egingo dau, eta prebentzinora zuzendutako programak hobetuko ditu, hondakinak murrizteko eta birziklatu ezin diran hondarrak errebalorizetako.

Honaino heltzeko emon diran pausuak zehaztu ostean, Antxustegik, une honetan luzatuta dagoan II PIGRUB ordeztuko dauen planak barne hartzen dituan programa nagusien printzipioak, helburuak eta aurrerapen bat azaldu ditu. Bere sailak urte honetatik 2030era arte markau ditu. Holan, diputatuak “punta-puntakoa” eta “barritzailea” izentau dauen planaren bidez, Bizkaiak hondakinak % 15 - % 20 bitartean jeistea lortu gura dau 2019gaz alderatuta. Ganera, barriro erabilteko prestaketako tasak % 20 handitu gura ditu, eta etxeko hondakin arriskutsuen gaikako bilketea lurralde osora zabaldu, % 100ean. Udal-hondakinen berrerabilpen- eta birziklatze-tasea (balorizazino materiala) % 79,83koa izatea, energiaren ikuspegitik balorizautako hondakinen ehunekoa % 20 baino gitxiagora jeistea eta udal-hondakinen isurketa-tasea (tratauak eta tratau bakoak) % 2,49an ezartea dira planteetan diran beste helburu batzuk. Azken finean, Bizkaiak 5 kilotik 4,9 kilo aprobetxau gura ditu. Horreetako lau ekoizpen-katean sartuko dira barriro eta beste 0,9 kilo energia barriztagarria sortzeko baliauko dira.

Planak foru arau izaerea izango dau, eta 2025ean barrikusiko da, diputatuak adierazo dauenez. Seihileko honetan bertan egingo da tramitazinoa Batzar Nagusietan, behin hilebete honetatik aurrera udalek eta, ostean, herritarrek, eskualdeko topaketen bidez, horren eukia aztertu eta gero. Interes-talde handi horreen (udalak, mankomunidadeak eta herritarrak) ekarpenaren ostean, plana Bizkaiko parlamentuan onartu beharko da, hemendik 2030era bitartean Bizkaiak inoiz lortu bako birziklatze-mailak lortu daizan, Antxustegik iragarri dauenez.

ISURKETAK ORTUELLAN ETA USAIN TXARRAK ARTIGASEN

Beste gai batzuei jagokenez, Aldundiak garrantzia kendu deutse Granada errekan, Ortuellan, azaroan antzemandako isurketei. Antxustegik baieztu dauenez, eurite handiek zuloa eragin eben ibaiadar hori isurtzen dan lurpeko galerian. Hasiera batean, errekan antzemandako isuriak BTB enpresak egin ebazala pentsau zan, baina EH Bilduren galderei erantzunez Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak ziurtatu dauenez, “haren jarduereagaz zerikusirik ez dauen gertaerea” izan zan. Lursailen jaubeak, Gabiker foru-enpresak, egindako analisien ostean, ondorioztatu da antzemandako materialak –meatzaritzako jardueratik eratorritako lohiak eta asfaltozko materialak– “inerteak” zirala osasunerako. Diputatuak baieztu dau daborduko lanean ari dirala lurpeko urak “barriro kanalizetako” proiektuan, baina itxaron egin beharko dala lurzorua “orekatu” arte, egin beharreko ikuskapenak egiteko.

Horrez gain, EH Bilduk eskatuta, Antxustegik Artigasko zabortegiaren inguruko usain txarren inguruko azalpenak emon ditu. Raul Mendez batzordekidearen eretxiz, usain horreek Alonsotegin, Kastrexanan eta Zorrotzan sumau daitekez egunotan, baita Kadaguako korridorean dabilzan ibilgailuetan be, leihatila edegita eroan ezkero. EH Bilduk galdetu dau Aldundiak ze hobekuntza-jarduera egin dituan Artigasko plantan, enpresa espezializau batek 2020an egindako txostenaren gomendioetan oinarrituta.

Antxustegik txostenean jasoten ziran jarduketen –hiru gomendio– garapena errepasau dau, bai eta bere sailak bere ekimenez usainak kentzeko bere gain hartu dituan beste jarduketa batzuena be. Jarduketa horreen arteko azkena joan dan urrian egin zan, eta Artigaseko plantako lixibatuen hiru baltsetako bat estaltzea izan da. “Datozan asteetan” ganerako biak estalduko dira, eta “hori, ingurunean sortutako eragozpenak minimizetako behin betiko pausua izango da”. Txostenak esaten dauenez, hidrogeno sulfuroa eta amoniakoa aidean pilatzeak eragiten ditu eragozpen horreek. Kasu bietan, “ez dira legezko parametroak gainditzen”.

AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Oposizinoak eskatuta, Antxustegik mendien erosketa publikoaren erespideei, lur-jausiei eta baso-politikari eta Laudio eta Orozko artean parke eolikoa egiteari buruzko ahozko erantzun-eskeei erantzun deutse.

Lurrak erosteko eta baso autoktonoa sortzeko inbertitutako lau milioiei jagokenez, diputatuak argitu dau, Elkarrekin Bizkaiaren galderei erantzunez, Aldundiak lehentasuna emoten deutsela, lurraldearen gainerakoagaz alderatuta “euren errentagarritasuna edo baso-aprobetxamendua nabarmen aldatzen eben murrizketak eukiezan lurrei”, “mendi babesleak, naturgune babestuak, baso-intereseko mendiak, ekologia- eta paisaia-korridoreak eta kultur intereseko eremuak ziranen barruan etiketetan ziranei”, hain zuzen be.

Azaroko eta abenduko eurite handien ondorioz, hainbat lursail mobidu egin ziran. Horren aurrean, Elkarrekin Bizkaiak galdetu dau ia ze neurri hartuko dituan Aldundiak baso-politikan, lurzoruak egonkortzeko eta lur-jausiak saihesteko. Antxustegik adierazo dauenez, Aldundiak “lanean jarraituko dau mendi publiko eta pribaduetako baso-estaldurari eusteko”. Horrek, Bizkaia lurralde “erresilienteagoa” egiten dau eurite larrien aurrean, beste batzuekaz alderatuta. Diputatuak kritikatu egin dau Talde moreak baso-politikaren inguruan esan dauena. “Okerra da”, urte amaierako lur-jausietan ez dalako ezelango kausa-efekturik egon. Arriskurik handiena “biluzik” dagozan lurzoruetan dagoala adierazo dau Antxustegi andreak.

Modu berean, foru diputatuak ziurtatu dauenez, bere sailak ez dau Capital Energy enpresak Laudio eta Orozko artean parke eolikoa jarteko daukan proiektuaren inguruko ezelango informazinorik. Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak gai horren inguruan galdetu deutsonean, Antxustegik esan dau Bizkaiko gizarteak “argi eta garbi izan behar dauela” “ingurumena babesteaz arduratuko garala”, ingurumen-araudia “zorrotz” betez.

ONARTUTAKO ZUZENKETA-ESKEA

Saioa EH Bilduren arauz besteko proposamen baten eztabaideagaz amaitu da. Proposamen horren bidez, Estadu espainiarreko enpresa elektrikoak elektrizidadearen prezioagaz egiten ari diran “iruzur larria” salatu daiala eskatu gura jakon Foru Aldundiari. Ekimenean, Estaduko eta Europako erakundeek “elektrizidade-ekoizleek bakarrik ordainsari justua jasoko dabela bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartzea” eskatzen zan.

Azkenik, proposamena egin dauen taldeak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen osotasunezko zuzenketa-eskea onartu dau, Elkarrekin Bizkaiaren babesagaz, eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko ordezkariaren ezezkoagaz. Proposamenak sei puntu honeek daukaz. Bizkaiko Batzar Nagusiek honako hau eskatzen deutsee ondoren aitatzen diranei:

1.- Batzar Nagusi honeetan ordezkaturik dagozan alderdi politikoei, Euskadin energia barriztagarriak ezarri eta energia aurreztearen alde daben konpromiso politikoa berretsi daiela eta herritarren artean zorroztasun- eta egiatasun-erespideen araberako kontzientzia bizten lagundu daiela, modu horretan errazago jardun ahal izango dalako energia-trantsizinoan eta klima-aldaketearen erronkei emon beharreko erantzunean.

2. Espainiako Estatuko Gobernuari, lanean jarraitu daiala energia-trantsizinoaren aldeko politikak aurrera eroaten, eta kontsumitzailea eskariaren erdigunean ipiniko dauen merkatu barri bat garatzeko arauak diseinatu daizala, energia-hornidura garbia, merkea eta segurua izateko helburuagaz.

3. EAEko lurralde- eta toki-erakunde guztiei (aldundiak, udalak, mankomunitateak, kuadrillak...), energia-trantsizinoan daben egitekoa beteten jarraitu daiela eta faktore erabagigarriak bultzatu daiezala efizientzia, energia barriztagarriak eta energiakudeaketarako kooperatibak eta komunitate energetikoak bultzatzeko.

4. Arlo ekonomiko, sozial, politiko eta akademikoko eragile publiko eta pribatuakaz lankidetzan jardun daiela, guztien artean urtenbideak sortu daitezan energia-eskariak eta haren prezioak dakarren erronka komunari erantzuteko.

5. Eusko Jaurlaritzari, 2022ko aurrekontuetan gizarte larrialdietarako laguntzak ordaintzeko behar diran aurrekontuzuzkidurak kontsignatu daizala.

6. Eusko Jaurlaritzari, 2022ko gizarte-larrialdietarako laguntzen aginduan neurriak ezarri daizala energia gastuetan gehienez finantzatu leiteken zenbatekoa igotzeko.