BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK AURRERAPAUSOAK ESKATU DITUE GIZON ETA EMAKUMEEN ARTEKO ETXEKO ZAINTZA PARTEKATUETAN
· EH Bildu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek akordio bat lortu dabe gaurko osoko batzarrean, erdibideko zuzenketa-eske baten bidez, Aldundiari eskatzeko Batzar Nagusietan aurkeztu daiala etxeko zaintza “formalen eta informalen” egoerearen azterketea.
· Bizkaiko Parlamentuko osoko batzarrak baztertu egin dau, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen botoakaz, lurraldean turismo-zergea ezarteko Elkarrekin Bizkaiak egin dauen proposamena
· Bizkaiko Parlamentuak energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergaren aldi baterako etendura luzatzea onartu dau.
(Gernikan, 2022ko urtarrilaren 19an). Aldundiari eusten deutsien talde biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta EH Bilduk akordioa lortu dabe gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikan egindako osoko batzarrean, Gizarte Ekintzako foru sailak gizonen eta emakumeen artean etxean zaintza partekatuak lortzeko neurriak ezarten jarraitu daian.
Onartutako erdibideko zuzenketa-eskeak EH Bilduk aurkeztutako arauz besteko proposamena ordeztu dau. Proposamen horretan eskatzen zan joerea aldatu daitela, zinketek ez dagien jarraitu emakumezkoen gauza izaten eta “musturreko lan-prekariedadea” bultzatzen. Batzar Nagusiek, beraz, eskatu egin deutsie Sergio Murillok zuzentzen dauen Sailari, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailagaz batera, “aztertu daiala etxean egiten ari dan zainketa formalen eta informalen egoeraren inguruko azterlanaren emaitzea”, neurri horreetan aurrera egiteko. Era berean, azterlan hori Batzar Nagusietan urtearen hirugarren hiruhilekoan aurkeztu daiala be eskatu deutsie.
Talde Berezia-PP Bizkaiak be babestu dau proposamen hori, non “proiektuaren hedapenak aurrera egin ahala”, “etxeTIC proiektuen ezarpenaren ebaluazinoa genero-ikuspegitik be egiteko” eskatzen dan. Urte honetan zehar Aldundiak “etxeTIC modeloan oinarritutako Etxaniz zentroaren ezarpenaren ebaluazinoa” egiteko be eskatzen da proposamenean, baita ebaluazino hori 2023ko lehen hiruhilekoan Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu daitela be. Elkarrekin Bizkaia akordiotik kanpo geratu da bere abstentzinoagaz, ez dauelako babestu gura izan garrantzitsuenean “arazo horren aurrean erantzuteko daukagun moduan”, sakontzen ez dauen “gitxienekoen” testua.
TURISMO ZERGEA
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusien osoko batzarrak baztertu egin dau lurraldean egotaldi turistikoei zerga bat ezartea. Proposamena aurkeztu dauen Elkarrekin Bizkaia taldearen kalkuluek erakusten dabenez, urtean 8 milioi euro inguru batzea ekarri daike, bisitarien joan-etorrian eragin barik, Estaduko beste leku batzuetan edo Europako urietan ezarri izanak erakusten dauen moduan.
Xabier Benito alderdi moreko batzarkideak azaldu dauenez –bere berbetan, gai hau Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidetan dan “lehenengo aldian”–, zerga barriaren helburua ez litzateke dirua batzea bakarrik izango, turisten bisitek bizkaitarrek ordaintzen dituen zerbitzuetan sortzen daben aparteko kostuan laguntzeko be balioko leuke. Zehaztapenetan sartu barik, Elkarrekin Bizkaiak “hiru printzipio orokor” jarraitu daitezala gura eban: zerga progresiboa izatea, inpaktua autortzea —gaua non igaroten dan alde batera itxita— eta turistari informazinoa emotea.
Bizkaiak “1.600.000 bidaiari-sarrera” baino gehiago izan ebazan 2019an; batez beste, “1,98 gau” igaro ebezan, eta guztira “3 milioi gau baino gehiago”. Datu horreekaz, alderdi moreak “gaueko 2,5 euroko batez besteko zerga” planteau dau, eta horrek 8 milioi eurko sarrerak ekarriko leukez. Kopuru hori, EH Bilduren berbetan, ingurumen arloko hobekuntzak finantzatzera bideratu beharko litzateke. Horretarako zuzenketa-eskea aurkeztu dau EH Bilduk, baina Elkarren Bizkaiak ez dau onartu, diru horren erabilerea ez mugatzearren.
Ekimena bertan behera itxi dabe Aldundian dagozan alderdiek –Talde Berezia-PP Bizkaiak be bat egin dau–. Batzar Nagusietako hiru taldeek kritikau egin dabe gai hori justu momentu honetan, pandemiaren ondorioz turismoaren sektorea “krisi ekonomiko larria” jasaten ari danean, planteetea. Ganera, daborduko Eusko Legebiltzarrean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan be egin dan “denporaz kanpoko” eztabaidea da. Erakunde horreetan, orain dala denpora gitxi ezezkoa emon jako antzeko ekimenari. Aitatu behar da, baita be udalek eurek ezetsi dabela idea Eudel barruan. Foru Gobernuari eusten deutsien alderdi biek eskatu dabenez, zerga baten ezarpena eztabaidatzekotan, Zerga Koordinazinorako Organuan egin beharko litzateke.
ZERGA ARLOKO ALDAKETAK
Beste alde batetik, osoko batzarrak argi berdea emon deutso, abenduaren 14ko 8/2021 Foru Dekretu Arauemoileari, iruzur fiskala prebeniduteko eta haren kontra burruka egiteko neurriak, Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren ganeko zergan preminazko neurriak eta Balio Erantsiaren ganeko zergan beste neurri batzuk ezarten dituanari. Horreek guztiek Estaduan egindako lege-aldaketetara — besteak beste, zerga-iruzurraren kontrako prebentzino- eta burruka-neurriei buruzko garagarrilaren 9ko 11/2021 Legera— egokitzen dabe foru-araudia. Lege horren bidez, bete egiten da Europako zuzentaraua, zergak saihesteko jardunbideen kontrako arauak ezarten dituana. Aldaketen artean, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergaren etendura 2021eko abenduaren 31ra arte aldi baterako luzatzea nabarmentzen da. Foru dekretu arauemoilea aldeko 38 botogaz, kontrako boto barik, eta 12 abstentzinogaz (EH Bildu eta Talde Berezia-PP Bizkaia) onartu da.
Osoko batzarrak ez dau onartu, Jarduera Ekonomikoen ganeko Zerga aldatzeko Foru Arau Proposamena aintzat hartzea. Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dauen ekimen horren bidez, bagilaren 30eko 6/1989 Foru Araua, Jarduera Ekonomikoen gaieko Zergari buruzkoa, aldatzea eskatzen zan. Aldeko 16 boto (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta kontrako 35 boto (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) izan dituanez, baztertu egin da proposamena. Euskal Autonomia Erkidegoko ganerako lurraldeakaz harmonizetako bidea edegitea zan ekimenaren helburua, ordaintzeko salbuespenaren mugea milioi bat eurora jeitsiz, Gipuzkoan eta Araban gertatzen dan moduan, Bizkaian salbuespen hori 2 milioikoa dalako.
Egoera hori dala eta, enpresek baldintza fiskal hobeak ditue Bizkaian, eta Bizkaiko udalek, barriz, bidebakokeria jasaten dabe Euskadiko ganerako udalerriakaz alderatuta, finantzatzeko gaitasuna murriztu egiten jakelako, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak azaldu dauenez. Talde moreak 2022. eta 2023. urteetarako hobari bereziak sartzea proponidu dau.
Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak aldaketa horren aurreko ezezko eretxia azaldu dau; izan be, talde horrek autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei eragingo leuskien “zerga igoera ezkutua” ikusi dau. Aldundia babesten daben taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), JEZ aldatzeko proposamenari uko egin arren, ez deutsie aterik itxi “berandu baino lehen” barrikusteari; izan be, “txapa eta pintura eskua behar dauela ikusten hasi gara”, Jose Alberto Álvarez Castejon sozialistak adierazo dauenez. Jeltzaleek uko egin deutsie aldaketa “parzialak” egiteari eta zergen koordinazinorako organuaren barruan dagozan hiru eskumen-mailen parte-hartzeagaz (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak), zergea “alderdi orokorragoetan eta ez hain zehatzetan” aldatzeko aukera aztertzeari.
EUKALIPTOAREN MORATORIA
Osoko batzarrak ez dau onartu EH Bildu taldeko Iratxe Arriolak aurkeztutako Mozinoa. Ariolak esandakoaren arabera, ekimenaren ehlburua zan Aldundiari “gogora ekartea” Bizkaiko basoen egoerea hobetzeko hartutako konpromisoak, besteak beste, eukaliptoaren moratoria, basoak erostea edo egungo araudia aldatzea.
Koalizino abertzalearen ekimenak honako honeek planteetan ebazan: Aldundiaren jaubetzako lurretan pinu eta eukalipto landaketak baso autoktonora eraldatzeko apustua egitea; udalei euren mendietan basoak antolatzeko planak egiteko laguntzak emotea; norbanakoentzako diru-laguntzen lerro barria zabaltzea, naturatik gertu dagozan baso produktiboen % 100eko finantzaketea gauzatu daiten; baso autoktonoetarako igarotea plan batera eroatea; eta eukaliptoaren moratoria indarrean sartzea aurreratzea.
EH Bilduk proponiduten dauena “daborduko egiten ari da”, edo parlamentuan izapidetzen ari dan mendien hurrengo foru arauan sartuta egongo da, sozialistek eta jeltzaleek gogorarazo dabenez. Jesus Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, proposamena “ulermenerako jarrera faltaren ondorioa” da. “Diskurtsoan geratu gura dabe”, eta, horregaitik planteau dabe mozino hau, Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatuak kontroleko azkenengo osoko batzarrean azaldu ebazan neurriak “ulertzeko gaitasun faltea” erakutsiz. Aldundiak lurrak erosten ditu, udalek espezie autoktonoak landatzeko eta mantentzeko laguntzak ditue, eta norbanakoek hektareako 3.100 eurorainoko diru-laguntzak ditue. Legealdi honetan, Aldundiaren asmoa “100 hektarea eukalipto baino gehiago kentzea” da.
ARTEAKO ETA UGAO-MIRABALLESEKO BANDERA BARRIAK
Beste alde batetik, osoko batzarrak oneretxia emon deutso Arteako eta Ugao-Miraballeseko banderak sortzeari. EH Bildu abstenidu da bakarrik, udalerri bietan adostasun zabalagoa lortu ez dalako. Arrankundiaga udalerriaren izena Arrankundiaga-Zollora aldatzeko bozketan, barriz, Batzar Nagusietako talde guztiek aldeko botoa emon dabe.
ESTHER MARTINEZEK AMAYA FERNANDEZ ORDEZTUKO DAU
Gaurko saioa Esther Martínez Fernández Batzar Nagusietako Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko ordezkari barriaren jarlekua hartzeagaz hasi da. Bederatzigarren legegintzaldian, 2011 eta 2014 urteen artean, popularren bozeroale izan zana Bizkaiko Batzar Nagusietara itzuli da, agintaldi honetan talde horretako bozeroale izan dan eta abenduan jarlekua itxi eban Amaya Fernandez ordezteko.