Aurreko Albisteak

ORDAINDU BEHARREKO BIZKAIKO FORU ERREPIDEETAKO EGUNGO TRAFIKOA OSASUN-KRISIAREN AURRETIK EGOANA BAINO "% 13,3" TXIKIAGOA DA

  • Aldundiak errepideen foru sareko bidesariak eguneratzen dituan foru-dekretuaren eta Avanzada estaltzeko “behin-behineko” proiektuaren barri eemon dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.

  • Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak Zaldibarko zabortegia jaustearen ondorioz AP-8an inbertidutako diruaren berreskuratzea dala eta be egin dau agerraldia.

(Bilbon, 2022ko urtarrilaren 13an). Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak Bizkaiko errepide-sareko zenbait tarteren bidesarien zenbatekoak eguneratzen dituan Foru Dekretua aurkeztu dau gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan. AP-8aren, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren eta Artxandako tunelen prezio eguneratuak jasoten dituan eta urtarrilaren 1etik aurrera indarrean dagoan prezioen igoereak, barritasun moduan, % 25eko deskontua aurreikusten dau akreditauta dagozan “ibilgailu arin elektriko puruentzako”, betiere ordaintzeko OBE erabilten badabe. Doikuntzea “hilero eta hilebetea amaituta” ordainduko da. Egin daiteken ahalik eta deskonturik onena da “gure inguruan dagozan deskontu eskuzabalenak kontuan hartuta”.

2022an, Bidesaria diru-laguntzen programari atxikitako erabiltzaileek (22.313 persona izan ziran igaz) gehienez 34,55 euro ordainduko ditue hilean aitatutako hiru errepide horreetan egindako ibilbideengaitik. Pradalesek, pandemia garaian, erabiltzaile horreen gastuak “arintzeko” “aurrekontu arloko ahalegina” nabarmendu dau; izan be, gaur egungo trafikoa osasun krisiaren aurretik (2019an) egoana baino “% 13,3” txikiagoa da.

Murrizketa horrek zuzenean eragiten deutsee bidesarien bidezko diru-sarrerei bidesariena, aurrekontuakaz batera, errepideko azpiegiturak eta horreen mantentze-lanak finantzetako bide bietako bat dalako. “2019ko baliabideak lortzetik urrun gagoz”, onartu dau. Hau da, Aldundiak “baliabide gitxiago ditu konpromisoei aurre egiteko”. 2017ko urtarrilaren 1ean gastuaren mugea indarrean sartu zanetik, Aldundiak “34,6 milioi euro” inbertitu ditu diru-laguntzetan. Batez beste, Bidesaria sistemari atxikitako gidari bakoxak “47,45 euro” aurreztu ditu hilean.

Oposizinoak gogor kritikau dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko batzordean gaur goizean aurkeztutako Dekretuaren eukia. Talde Berezia-PP Bizkaiak deitoratu egin dau “kasu batzuetan” tarifen igoerea “% 5ekoa” izatea, hori bizitzaren kostuaren beste igoera batzuei (besteak beste, energiarena eta urarena) gehitzen jake-eta. Elkarrekin Bizkaiak ibilgailu elektrikoentzako deskontuan jarri dau arretea, deskontutik kanpo geratu diralako hidrogenozkoak, hibridoak edo hibrido ahokagarriak. Beste alde batetik, EH Bilduk deitoratu egin dau Durangaldea eta Lea Artibai moduko eskualde batzuek Bizkaiko errepide-azpiegituren kostua euren gain hartzen jarraitzea, eskualde horreetakoek diralako foru-bidesaririk gehien ordaintzen dabenak.

Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek igoerea babestu dabe, izan be, “beharrezkoa” da errepideen eraikuntza eta mantenua finantzetako eta ingurumen eta segurtasun arloko hobekuntzak ezarteko.

AVANZADAKO PROIEKTUAREN JENTE AURREKO ERAKUSKETEA, URTARRILAREN 18RA ARTE

Talde Berezia-PP Bizkaiak eskatuta, Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak ezagutzera emon dau, ganera, Gobernu Kontsejuak, BI-637 errepidean, Leioan (Avanzadan), aire zabaleko egungo lubakia kentzeko zemendian onartu eban behin-behineko proiektua. Proiektua “urtarrilaren 18ra arte” egongo da jente aurrean, eta “urte amaieran” lizitauko da, “62,5 milioi euro ingururen truke”. Urtenbide “errealistea” eta “bideragarria” planteetan dau, “114.000 ibilgailuren” trafikoari eragin barik, 4.132 metro karratu irabazteko, dagozan lubakiak estalduta eta urteerako aho bietan pantaila akustikoak jarrita.

Pradalesen berbetan, urtenbidea beste aukera batzuk baztertu ostean aztertu da, horreen artean, Bilborako noranzkoan ahoan azalera handiagoa estaltzearena. Obra hori egin ezkero, “Uribe Kostako trafiko guztia kolapsau egingo litzateke”. Udalagaz eta biztanleakaz “kontrastauta” dago eta oraindino be aldaketak jasan leikez aurkeztutako konponbideak. Leioako bizilagunentzako oinezkoentzako espazio publikoa irabazi, kutsadura akustikoa murriztu eta bide-segurtasuna areagotu gura dau, hori guztia, lanak egiten diran bitartean, milaka personen eguneroko mobikortasuna bermatuta.

Gauean “55 dezibelio baino gehiago” jasaten dituen “2.900” bizilagun horreen inguruan egin dau berba Pradalesek. Persona horreen “% 82k jasaten dauen kutsadura akustikoa nabarmen murriztuko da, atsedena bermatuta egoteko moduko neurrietaraino. Persona horreen bizi-kalidadea hobetzeko “aurrerapausu handia” da, baina ez da konponbide “osoa”, arazo horregaz jarraituko daben beste 500 bizilagun geratuko diralako, Pradalesek onartu dauenez.

ERREKLAMAZINO EKONOMIKOAK ZALDIBARKO HONDAMENDIARENGAITIK

Zaldibarko zabortegia jausi ostean AP-8 autobidea konpontzeko Aldundiak inbertitutako “3 milioi euro baino gehiago” berreskuratzeari buruz EH Bilduk egindako ahozko erantzun-eske bati be erantzun deutso Pradalesek batzordean.

Diputatuaren berbetan, Aldundiak “azkar” jokatu eban, 2020ko zezeilean, Interbiak soziedadearen bidez, auzian akusazino partikular moduan aurkeztu zanean, gaur egun soziedade hori “aktore zibil” moduan agertzen dan arren. Prozesua “motela” da, eta epaiketarako epeak luzatu egin dira pandemiaren ondorioz; hori dala eta, Durangoko epaitegiak instrukzino fasea luzatu behar izan dau, aurtengo bagilaren 1era arte. Pradalesek gogorarazo dauenez, zabortegiaren ardura dauen enpreseak “5 milioi euro jarri ditu fidantza eta abal moduan” eskari ekonomikoei erantzuteko.